Fermin Leizaola saritu dute “euskal etnografian urteetan zehar egin duen lan paregabeagatik”

Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako burua, eta Fermin Leizaola, sari banaketan
Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako burua, eta Fermin Leizaola, sari banaketan

Eusko Ikaskuntzako epaimahaiak Etnografia eta Ondare Materialean aditua den donostiarra hautatu du aurtengo Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Sariadun berri

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Fermin Leizaola Etnografo eta Ondare Materialean aditua den donostiarrak irabazi du aurtengo Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Epaimahaiak "euskal etnografian urteetan zehar egin duen lan paregabe eta emankorra" saritu nahi izan du.

Hala ere, eta epaimahaiak aipatu du bere ekarpena ez da inolaz ere etnografiara bakarrik mugatzen, antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako lan ugari ere burutu dituelako, Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez.

Irabazlearen hautaketan hiritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10ekoa, eta falta den %60 epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Aurtengo edizioan %10 igo da jendearen partehartzea, "sariak euskal gizartean gero eta garrantzi gehiago duela erakutsiz".

Epaimahai instituzionala osatu dute: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Fundazioak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, Euskal Kultur Erakundeak, Vianako Printzea Erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak berak. Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko.

Manuel Lekuona Saria jaso dute, besteak beste, Jorge Oteizak, Jose Miguel de Azaolak, Justo Garatek, Bernardo Estornesek, Carlos Santamariak, Jose Ignacio Tellechea Idigorasek, Jose Mª Jimeno Juriok, Eugene Goyhenechek, Micaela Portillak, Elias Amezagak, Menchu Galek, Antxon Aguirre Sorondok, Joan Mari Torrealdaik edota Manuel Lekuonak berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.

Irabazleaz, gehiago

Fermin Leizaola (Donostia, 1943) Etnografoa eta Ondare Materialean aditua da. 1958an Aranzadi Zientzia Elkartearen Aurrehistoria sailean sartu zen. Gainera, espeleologia ere landu zuen. Hala ere, barrunbeak esploratzea, artzain, abeltzain eta baserritarren bizimoduak aztertzea bezain presazkoa ez zela konturatu zen.

1965. urtetik kultur antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako artikulu ugari argitaratu ditu.

1975ean I. Jose Miguel Barandiaran Ikerketa Saria lortu zuen 'Artzaingoa Euskalerrian Gaur Egun' lanarekin ('Euskalerriko artzaiak' izenburuarekin argitaratu zen). 1970eko hamarkadaren bukaera aldera, Euskalerriko Atlas Etnografikoa egiteko proiektua diseinatu zuen eta euskal geografiako euskalki eta lekuko hizkerak bildu eta aztertu zituen taldea koordinatu eta zuzendu zuen.

Fermin Leizaolak hasi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren funts etnografikoen bilduma. Lan horren emaitza da Zaharkiñak proiektua (1989-2004), Euskal Herriko inbentario etnografikoa egitea helburu zuena eta neurri handi batean ahaztuta zegoen eta ezezaguna zen ondareari balioa eman ziona.

2009an, Gipuzkoako Foru Aldundiak I. Ondare Saria eman zion, eta urte horretan bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Urrezko Domina ere eman zion. Gainera, Aranzadiko Etnografia saileko zuzendaria eta 'Munibe. Antropología-Arqueología' aldizkariaren batzorde zientifikoko kidea da. Euskal etnografian aditua, hitzaldi ugari eman ditu Euskal Herrian zein bertatik kanpo, eta biltzar eta sinposio ugaritan parte hartu du.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos