Jacopo Amigoniren margolana, Farinelli (erdian) protagonista duena Reuters

Farinelli castratoaren kalea

Madrilen, frankismoaren aztarna malapartatuak uxatu nahian, kale izenen dantza handia dago. Eztabaiden artean ezabatuko dira batzuk, eta berriek egingo dute dirdira plaketan. Musikazale amorratuen talde batek kale bat eskatu dute Carlo Broschi Farinelli abeslari eta musikariarentzako

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 14 de enero 2018, 11:01

Farinelli castrati guztien artean ospe handikoena izan zen, dudarik gabe. Emakumeek maite izan zuten sakon. Gizonezkoek egiten zioten mira. Espainiako Felipe V erregeak gauero entzuten zituen bere kantak. Nahiz eta historiagile askok estatu modernoaren sortzailetzat izan, depresioak jota, eta dementziak jazarria zen Espainako Borboi lehen honek eta, legendak (eta errealitateak) dionez, Farinelli entzutea zuen botika hobea eta ederrena.

Publicidad

Farinellik Carlos Groschi zuen izen benetakoa. Leinu argiko semea zen eta 1705ean jaio zen Boloniako inguruetan. Ikertzaile askoren aburuz, zalditik erori zen behin eta ondorioz, zauriak zirela eta, zikiratu behar izan zuten. Horrela pentsatzen da ez baitzen ohikoa nobleziaren semeak irentzea abeslari zoragarriak bilaka zitezen. Normalean, familia behartsuen mutikoek jasaten zuten ebaketa, ospeak aberastasuna ekarriko lukeen esperantza krudelaz.

Farinellik kontserbatorioan ikasi zuen musika. Soprano ahots miragarria omen zuen, Il ragazzo deitzen zioten, amoroski Italian eta inoiz ez entzundako luzera miresgarrizko notak kantatzen zituen. Luzeak, garbiak eta botere handikoak. Luzez mantentzen zituen nota horiek. Beste inork baino luzeago. Beste inork baino altuago, sakonago. Bere errezital guztietan andrazkoek eta gizonezkoek lorez estaltzen zituzten Farinellik zapalduriko antzoki taulak.

Baina zein ote castrati horien musika sekretua? Ez zegoen, ordea, sekreturik. Barrabilak ebakita edo atrofiaturik edukiz, arraren hormona sexualak ez ziren garatzen. Hormona hauek, mutilak gizonezko bihurtzeko prozesuan ezinbestekoak dira. Bizarra sortzen dute eta ahotsa aldatu. Gabe, ahots horrek haur batenaren gardentasuna gordetzen du baina heldu baten birika indartsuek botako dute kanpora. Nota altu horiek zeharo, antinaturalak izan zitezkeen, bai baina entzuleen zorabioa sortarazten zuen edertasuna zerien. Garai haietako gustuetarako.

Legenda ikaragarriek biltzen dute castrati-en historia. Mina, jakina. Malenkolia. Ankerkeria. Baia baita munduaren miresmena. Aberastasuna. Baita familia askoren ametsa (castrati-en garaian 4.000 ume mutilatu ziren hamar urteetan Europan) amesgaizto bilakaturik ere denak ez baitziren ospetsuak bilakatzen baizik eta bizi osorako eunukoak. Gizarte maila altuko emakumeek castrati-ak nahi, desiratzen zituzten maitale legendazko sexu indarra zutela esaten zelako. Potentzia ikaragarria eta haiekin, haurdun gelditzeko inolako arriskurik ez, beldurrik ez. Bai plazera!

Publicidad

Fama lortuz gero, ondo baino hobeto bizi ziren zikiratuak. Tristezi puntu batez begi, bihotz eta ariman, hori bai. Baina tristezi aztarna hark are desiragarriagoak egiten zituen besteentzako eta misterioa areagotu.

Ikerlari anitzen hitzetan, XVII . mendeko castrati-en fama, sona, eragina egungo pop eta rockaren izarrek dutenarekin pareka daiteke errez eta arrazoitsu. Izan ere, leku askotan leitu izan dugu Michael Jackson postmodernitatearen castrato bene-benetakoa eta bakartzat har genezakeela. Aita Santuen kapera pribatuan zikiratuen abesbatzak ziren eta Farinelli bezalako artista primerakoek Italia, Ingalaterra, Frantzia edo Espainiako maila goreneko saloi guztietan ziren gonbidatuak, desiratuak. Baita jauregietan ere.

Publicidad

Farinelli da izen bereko 1994ko film baten pertsonaia, protagonista handia. Gérard Corbiauk zuzendua, fikzioa denez, kontatzen duen asko ez da egia baina ez du inporta badirelako bere fotogrametan edertasun handiko eszenak. Esaterako, Handelen Lascia ch io piangia abesten duenekoa, YouTuben errez asko aurkituko duzuena. Baina, nork kantatzen du geroxeago Von Trierren Anticristo filmaren hasierako kreditu tituluetan entzun genuen aria tristatu hori? Harrigarria erantzuna: pelikularen soinu maisuek lortutako Ewa Malas-Golewska sopranoaren eta Derek Lee Ragin kontratenorraren ahotsen nahasketa ezinhobea aditzen dugu zorabiaturik. Dakizuenez, egungo Philippe Jaroussky bezalako ahots ederdun kontra tenoreak dira castrati haien ondorengo natural eta preziatuak.

Castrati-en inguruko beste testigantzak bilatuko dituzue sarean. Esaterako, gordetzen den castrato baten grabazio bakarra, 1922an hil zen Alessandro Moreschirena. Ez du ahots ona ez baitzioten Farinellirena edo Juan Bautista Stracciavellutirena bezala hezi , zaindu, landu, trebatu baina beste inon ez duzue castrato bat entzungo Beste inon ez? Bai ordea. Stephen Frearsen film ikaragarri ona den 'Las amistades peligrosas'-en. Maleziaz gainezka diren fotograma horietan Paolo Abel do Nascimento abeslari brasildarra entzuten dugu belarria bete harridura. Caffarelli beste castrato desiratuarena egiten du bertan kantariak. Minutu pare bat besterik ez. Misterio berri batean murgiltzeko adina. 1957an jaioa Fortalezan, ez zuten, jakina asko, nahita zikiratu baina endrokinologikoki castrato bat zen bere gorputzak ez baitzituen garatu arraren sexu hormonak. Maite zuen musika eta ahots berdingabea zuen. Tamalez, ihesak jota hil zen 35 urte zituela. Bi telebista iragarkitan eta Frearsen pelikulan baino beste inon ez dugu entzuterik.

Publicidad

Eta zergatik eskatzen dute Madrilen Farinellirentzako kalea? 25 urtez bizi izan baitzen bertan. Abesbatzak sortu zituelako eta, askoren hitzetan, garai hartan inork ezagutzen ez zuen opera handia bertaratu zuelako. Lortu ez gero, Farinelli litzateke mundu osoan kale bat izendatzen duen castrato bakarra. Ez legoke gaizki atrebentzi eder hau.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete el primer mes por 1€

Publicidad