Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren asteko gazteen epaimahaian parte hartu nahi?

Iazko edizioko sari-emate ekitaldia. / LUSA

150 lagunez osaturiko taldeak film laburren irabazlea aukeratu eta 28. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emango du

Donostiako Udaleko Gazteriak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartu eta gazteen epaimahaia eratuko du hamabigarren urtez jarraian. 150 pertsonekin osaturiko taldeak film laburren irabazlea aukeratu eta 28. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria emango du. Interesatuek Gazteriako webgunearen bidez eman dezakete izena, urriaren 13ra bitartean (www.donostia.eus/gazteenepaimahaia).

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, gazteen epaimahaian parte hartzeko aukeratzen diren 150 gazteak Victoria Eugenia Antzokian elkartuko dira urriaren 27an, arratsaldeko 16:00etan, aurkeztuko diren film laburrak ikusi eta baloratzeko; guztira, hiru orduko iraupena izango du saioak.

Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du, eta emaitzaren arabera erabakiko da zeinek irabaziko duen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria. Gainera, epaimahaiko bi pertsona hautatuko dira saria banatzeko.

18-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta 150 eskari baino gehiago izanez gero, aurreko urteetan horrela gertatu delarik, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna; beharrezkoa balitz, zozketa egingo litzateke. Zozketaren ondoren, hautatuek urriaren 27ko emanaldira joango direla baieztatu beharko dute; bestela, itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.

Bestalde, 28. Beldurrezko eta Fantasiazko Astean Victoria Eugenia Antzokian emango diren emanaldietara joan ahal izateko bi abonu, katalogo ofiziala eta '2000 Maníacos' fanzine berezia jasoko dituzte epaimahaiko kide guztiek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos