'Euzkadi' egunkariaren ale bat aurkitu dute

Euzkadi egunkariko alea/
Euzkadi egunkariko alea

Amurrio eta Urduña arteko mendian egindako indusketa arkeologikoek argitara atera dute, besteak beste, ustezko iheslari errepublikano arabar baten txanpona

DV

Erresistentzia errepublikanoaren arrastoak aurkitu dituzte Araban kokatutako San Pedro Beratza mendian. Euskal Herriko Unibertsitateko talde arkeologikoak, Josu Santamarina eta Xurxo Ayán ikerlariek gidaturik, orain arte lurperatutako zenbait objektu interesgarri aurkitu ditu mendiu hartan, Amurrio eta Urduña artean. Indusketen bigarren kanpaina aurten garatu da, tokiko gerra-posizio errepublikanoen dokumentazioan oinarrituta. 'Euzkadi' egunkariko ale bat eta Alfontso XII.aren irudidun txanpona nabarmendu dituzte aurkikuntzen artetik.

Amurrio eta Urduña artean kokatutako mendi horretan, bi lubaki lerro induskatu dira, bai eta zementuzko hiru gotorgune ere. Dirudienez gotorleku hauen jatorria San Pedro mendian Euskal Gudarostearen V. Brigada aritu zen momentuari dagokio, 1936ko abendutik 1937ko maiatzera. Hilabete hauetan zehar, Araba batailoiko (EAJ-PNV) eta Leandro Carro batailoiko (PCE) gudariak posizioaren defentsa eta gotortze lanetan txandakatzen ziren. Aurrez aurre, handik 700 bat metrora, Urduñako pinudiaren beste aldean eta La Barrerillako goialdean, erreketeek eta Francoren soldaduek tentuz ikuskatzen zuten ingurua. 1937ko martxo-apirila ingurutik aurrera, Mola jeneralak euskal lurraldea gogorki inbaditzeari ekin zionean. Udaberri horretan, Kondor Legio alemanak eta abiazio legionario italiarrak hamarnaka herri bonbardatu zituzten.

1937ko maiatzaren 26an erasoaldiaren txanda San Pedro mendiari egokitu zitzaion. Hegazkineria alemaniarrak lehenbizi egin zuen eraso, infanteria frankistak (Nafarroako III. Dibisioa) posizioak lurrez hartzen zituen bitartean, gerra gurdi italiarrekin batera. Mendi honen gotorleku suntsituetan erresistentzia errepublikanoaren "zantzu desesperatuak" topatu dituzte.

Txanponak eta paperak

Ehunka fusil eta metrailadore bala zorroez gain, hauek errepublikanoen defentsa suaren ebidentzia gisa, hainbat txanpon aurkitu izan dira. Hauetako bat 1878. urtekoa da, Alfontso XII.aren irudiarekin. Dirudienez, eskasiaz beteriko gerra-garai honetan txanpon zaharrak erabiltzeko ohitura zuten. Horrekin batera, laborategiko zaharberritze lanei esker, "baieztatu ahal izan da txanponetako batek ez zuela bertan egon behar: 10 zentimotako txanpona da, Gasteizko La Esperanza kontsumo kooperatibakoa" nabarmendu dute ikerlariek.

Arabako hiriburua altxatuen zonaldean kokatzen zen eta, zentzu horretan, defentsa-postu errepublikano batean topatzeak hainbat interpretazio bide zabaltzen ditu. Interpretatu dutenez, "txanpon hau ebidentzia interesgarria izango litzateke, zerena eta gerra garaian errepresio frankistarengandik ihes egin eta Euskal Gudarosteko kide bilakatutako ehunka arabar horietako baten ebidentzia. Ez da interpretazio inola ere burugabea, izan ere, gogoan izan behar baita San Pedro mendian Araba batailoia hilabete luzez egon zela, izenak berak dioen bezala, arabarrez osatuta zegoelarik, asko eta asko Gasteiztik ihes egindakoak" diote UPV/EHUko ikertzaileek.

Aurkikuntza esanguratsuenetakoa, hala ere, ez da hori. Mendiko beste gotorleku baten hondakinetan, paperezko zati hauskor batzuk aurkitu zituzten indusketetan. Laurogei urtez lurpean igarota, inguru hotz eta hezean papera kontserbatu izana miraritzat jo dute. Errestaurazio lanek paper zatiak 'Euzkadi' egunkariko ale batenak direla argitu dute, argitalpen hau Eusko Alderdi Jeltzalearen prentsa organoa izan zelarik 1913tik 1937ra. Erreskatatutako hitz solteek Gernikako bonbardaketaz aritzen dira, honakoa "catástrofe" gisa definitzen delarik. "Larrauriko (Mungia) bonbardaketa batek zauritutako umeen zerrenda izan da egunkariaren alea identifikatzeko arrasto nagusia: San Pedron topatutakoa 1937ko maiatzaren 5eko egunkaria da, bataila hasi baino 21 egun lehenagokoa" aipatzen dute indusketarako zuzendari-kideek. Egun haietan, Araba batailoi jeltzaleak San Pedro mendia utzi zuen eta Mungiako frontera bidalia izan zen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos