Eusko Folklore Urtekari zaharberritua kaleratu dute

Jose Miguel Barandiaran, Eusko Folklore Urtekariaren sortzailea/Usoz
Jose Miguel Barandiaran, Eusko Folklore Urtekariaren sortzailea / Usoz

Euskal Herriko aldizkari zientifiko zaharrena gaurkotu eta salmentan jarri dute. Euskal kultura eta kulturgintza XXI. mendearen hastapenetan zertan diren aztertu ditu

DV

Jose Miguel Barandiaranek 1921ean sortu zuen 'Anuario de Eusko Folklore-Eusko Folklore Urtekaria' aldizkariarekin antz txikia du egungo bertsioak, "goitik beherako eraldaketa" izan baitu, fundazioak ohar baten bidez azaldu bezala. Gaur egungo gizartearen erronkak aztertzea xede duen Euskal Herriko aldizkari zientifikorik zaharrenetarikoa da hau, Barandiaranek 1921ean sortu zuen eta. Argitaratu berri den 51. zenbakiak, batetik, euskal kultura eta kulturgintza XXI. mendearen hastapenetan zertan diren aztertu ditu, eta, bestetik, gai etnografikoak landu ditu, orain arte egin duen bezala.

Azaldu dutenez, "2016an ekin zion aldizkariak eraldaketa prozesuari. Urte hartan, gainera, Jose Miguel Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrena zen, eta tenore hartan, euskaldunen aitalehenak euskal kulturari egindako ekarpena mintzagai zela baliatuz, XXI. mendean euskal kultura eta kulturgintza zertan diren aztertzea erabaki zuen urtekariko zuzendaritza taldeak. Hala, aldizkariaren lehen atalean, kultura eta kulturgintza aztertzen dituzte Ibai Iztuetak ('Euskal hizkuntza eta kultura'), Ane Larrinagak ('Euskararen aldeko mugimenduaren bilakaera. Interpretaziorako proposamen ba't) eta Eneko Bidegainek ('Euskal kulturaren aitortza Ipar Euskal Herrian: txanponaren bi aldea'k)".

Urtekari zaharberrituaren bigarren atalean, berriz, "ekarpenei egin zaie bidea. Izan ere, aldizkari zientifikoak norabide berria hartu duen arren, orain arte landu diren gaiek ere euren txokoa dute ekarpenen atalean. 51. zenbakian Urkiri Salaberriak ('Cultura vs Cultural'), Maialen Morenok ('XX.mende hasierako toberetako bertso-sortak'), Montse Ociok ('Las plazas de toros en Álava') eta Ricardo Gurbindok ('El Garapito y los garapiteros') egin dituzte euren ekarpenak.

"Haize berrien garai honetan bi helburu nagusi finkatu ditu argitalpenak", aurreratu dute. Batetik, "euskarazko lanei pisu gehiago eman zaie, euskal hizkuntzari leku gehiago eskainiz. Bestetik, lurraldetasuna errespetatu da, Euskal Herriko txoko ezberdinetako idazleen lanak bilduaz. Horiek dira ere aurrera begira errespetatuko dituen oinarrizko bi zutabeak".

2016tik Abel Ariznabarretak zuzentzen du argitalpena, eta harekan batera dabiltza erredakzio batzordean Patxi Juaristi, Ixone Fernandez de Labastida eta Anuntxi Arana. Aldizkaria Jose Miguel de Barandiaranen webgunean dago salgai, 10 euroko prezioan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos