Euskarazko istorioren bideogunea sortu du Fernando Morillo idazleak

Morillo, bideo bateko irudietan/
Morillo, bideo bateko irudietan

'Sorginetxe istorioak' proiektua Morilloren weguneak eta Youtuben dago ikusgai

DVDonostia

"Euskal munduan zehar nabilela, etengabe entzuten ditut kexu berberak azkenaldi luzean: "material" gehiago behar genuke euskaraz, bidexkak, istorioak eta batez ere bideoak. Bideoak etengabe, bideoen unea omen delako. Eta euskal gazteek bideoak irensten dituzte, baina inoiz gutxitan euskaraz". Erreflexio honekin, ideia honetan hasten da Fernando Morillo idazlearen proiektu berria.

"Ados. Mezua jasota. Ez da zaila ohartzea zenbateraino den egia eta zaurgarria. Zerbait egin nezakeen? Kexatzeari utzi eta horixe: egin. Ahal nuena. Asmatu, esperimentatu, salto egin. 'Sorginetxe istorioak', esate baterako. Hemen eta orain aurkezten dizuedan proiektu guztiz pertsonala."

'Sorginetxe istorioak', funtsean, istorioen erreinua izango da. Edonolako istorio-bilduma, euskaraz eta bideoetan. "Hementxe bilduko eta kontatuko ditut bazter orotan gordetzen diren eleak. Jasoak bezala asmatuak, kondairak bezala elkarrizketak, pasadizoak, pertsonaia historikoak edo teknologia kontuak. Irudimenak besarka edo aska dezakeen edozer", azaltzen du idazleak.

Askotariko gaiak hartu ditu jada: mitologia, Antton Abbadia, euskal piratak, Albert Einstein, Marie Curie, Leonardo da Vinci, artea, animaliak, Irakurketa Erraza, audioliburuak edo sormen zuzena… Dena "esperimentala, nolabait esatearren, ikaste prozesurako beharrezkoa".

Hemen azalpen orokor eta labur batzuk bideoz: Aurkezpen bideo laburra prestatu dute proiektua aurkezteko, Youtuben.

Atalka sailkatuko dira bideoak, eta bat aipatzearren, atal guztietatik bereziena eta konplikatuena, akaso, 'Dragoi bolen bila' bilduma izango dela defenditzen du, hemen ikusgai dena. Serie moduan antolatua, Euskal Herriko hainbat leku, pertsona eta gai interesgarri landuko dira oso forma ludikoan eta istorio "ero" baten aitzakian.

Euskal youtuberrak, behar erreala?

Euskal mundua txikia da oraindik, ugaritsuago bihurtzeke dagoen txokoa da. Zabalkunde horretan laguntzeko, Youtuberen moduko plataformen onurak mahai gainean jarri nahi izan dituzte, "bizia baita oso, bat batekoa, zuzena eta bereziki hurbila. Euskarak hori guztia badu jadanik. Aprobetxa dezagun! Interesgarria bezain dibertigarria izan liteke, eta nahiko premiazkoa dugu gainera".

Bideo honetan azaltzen du "apur bat nola murgildu gaitezkeen itsasotxo horretan".

Non izango dira istorioak?

Non aurkitu ahal izango dira istorioak? Oraingoz bi dira ontzi nagusiak: Morilloren webgunea bera edo Youtubeko kanala 'Sorginetxe istorioak' izenekoa. Webgunean zehazten dira erraz zein beste sare sozialetan eskegiko diren bideo berriak, norbaitek horrela nahiago balitu ere (Facebook, Twitter edo Google+, oraingoz). Aukerak badira, hortaz, nahi duenarentzat.

Sorginetxe aterpe txikia da, baina tamaina fisikoari dagokionez bakarrik. Imajinazioak elikatzen eta osatzen duenez, amets eta barru-musikaz hesirik gabea izango baita.

"Dagoeneko bestelako ideia-sorta batzuk ari naiz garatzen, edo bideo-garatzen, hobeto esanda. Datozen asteotan joango dira jaiotzen mundura".

Eta horrela, 'Sorginetxe istorioak' txokoa, mara-mara bezain su eztian, ari da jadanik forma hartzen. "Eta orain belarriak zorroztu ditzakezue, izar uxoen txinparten altzoan, sutondo epel horretan xuxurlatuko baitira merezi duten elezahar, ipuin eta pasadizo distiratsu eta ilun guztiak. Entzuten haien isil-pausoak? Badatoz. Bagatoz".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos