Euskarazko ikus-entzunezkoak sustatuko dira Tabakaleran

Iban Arantzabalek azaldu zituen zehaztasunak. / SARA SANTOS
Iban Arantzabalek azaldu zituen zehaztasunak. / SARA SANTOS

Datorren urtean estreinatuko da 2deo laborategiaren espazio fisikoa, baina hainbat proiektutan parte hartu du dagoeneko

IDOIA DÁVILA UZKUDUN DONOSTIA.

Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia datorren urtean jarriko da martxan Tabakaleran. Hala adierazi zuen Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak, atzo Tabakalerako Patioan eginiko aurkezpenean. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesean garatu da 2deo izeneko egitasmoa, eta, etorkizuneko erronkak kontutan hartuta, euskarazko ikus-entzunezko edukiak hauspotzea du helburu nagusi, sektoreko eragileekin elkarlanean.

Bost xede aurreikusten ditu 2deok: euskararen irismena ikus-entzunezkoen bidez handitzea, ekoizpen eredu berriekin esperimentatzea, sektorean onura eragitea, herritarrak inplikatzea eta proiektuak nazioartean zabaltzea. Bi edo hiru kide izango ditu laborategiak lan horretan; aholkularitza eskainiko dute proiektuetan, ideia baten identifikaziotik zabalkunderaino. Materialak, kontaktuak eta diru-laguntzetarako sarbidea ere erraztuko dituzte.

Faktoria Tabakaleran kokatuko da; ikus-entzunezko sektoreko profesionalez gain, proiektu ideia bat duen edonor bertaratu ahal izango da. Espazio nagusia bilerak eta kon tsultak egiteko «plaza» batek hartuko du, sorkuntzarako «ezinbestekoa» baita horrelako leku informal bat. Elkarlanerako gune ireki horretaz gain, lanak proiektatzeko txokoa, lanerako gelak eta edukiak editatzeko ekipoak izango ditu laborategiak. Horrela azaldu dute Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek eta Goiena Komunikazio Taldeko Iban Arantzabalek.

Elkarlana

Bi erakunde hauek izan dira, hain zuzen, orain arteko prozesua landu dutenak. Sektoreari «pultsua» har tzeko 80 elkarrizketa luze burutu dituzte sektoreko ordezkariekin. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateak nerabeei zuzendutako 2.500 inkesta bete ditu, haien ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak ezagutzearren.

Prozesu horren guztiaren ondorio da 2deo «marka», eta oraindik espazio fisikoa sortu ez den arren, martxan da dagoeneko. Izan ere, hainbat proiektu pilotu egokitzeko balio izan du laborategiak: hala nola, 'Go!azen' telesailaren transmedia proiektua, euskarazko websail bat sortzeko 'Next Station' lehiaketa eta euskarazko edukiak kudeatzeko eta ikusteko 'JarriON' aplikazioa.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak elkarrekin gidatuko dute Tabakalerako gune berria, horrela adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, aurkezpenaren ostean hiru erakundeek izandako solasaldian.

Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, Donostia eta Tabakalera erabat egokiak dira proiektu honetarako, «ekosistema» bat badagoelako jada, eta «astindu egin behar da kaxa, emaitzak lortzera bideratu behar ditugu esfortzuak». Izendatzear dagoen Tabakalerako zuzendari nagusiak izango du esfortzuak batzeko ardura hori. Erakundeek diotenez, euskal kultura eta euskara sustatu egin behar dira, eta «proiektu honekin aukera bat daukagu jauzi kualitatiboa egiteko».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos