Askoz gehiago irakurtzen dute euskaldunek erdaraz euskaraz baino

Euskaraz gehien irakurtzen dutenak 16-25 urte bitarteko gazteak dira, baina horien artean ere gutxiengoa da ohiko irakurlea./J.L. NOCITO
Euskaraz gehien irakurtzen dutenak 16-25 urte bitarteko gazteak dira, baina horien artean ere gutxiengoa da ohiko irakurlea. / J.L. NOCITO

Siadecok Elkar Fundazioarentzat egin duen inkesta batek erakutsi du euskaldunen %23 direla euskarazko liburuen ohiko irakurleak, eta ehuneko hori %56ra igotzen dela liburuak erdarazkoak direnean

NEREA AZURMENDI

"Datu kezkagarriak dira, zerbait egin behar da. Bestela, atzera bueltarik gabeko egoerara iritsi gaitezke", adierazi du Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek Siadecok 'Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa'-ren emaitzak aurkeztu ostean.

Sustatzaile, ekoizle, banatzaile eta saltzaile den neurrian, eta ez nolanahiko tamainakoa, Elkarrek lehen eskuko informazioa du egoerari buruz, baina «ikuspuntu objektiboa» nahi zuen, eta Gipuzkako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamenduaren laguntza batek ahalbidetu du ikerketa egitea.

Lana amaituta, Euskal Herri osoko 16 urtetik gorakoen artean egindako 2.500 inkestek erakutsi dute, besteak beste, euskaldunen %23k baino ez dutela euskaraz irakurtzeko ohiturarik, ikasketekin edo lanarekin zerikusia duten irakurketak barne. Noizbehinkako irakurleak %19,4 dira. Gainerakoek, euskaldunen %57k, ez dute sekula irakurtzen euskaraz.

Galdera aisialdiko liburuetara mugatzen bada okerragoak dira datuak: %66k ez dute inoiz irakurtzen euskaraz; noizean behin irakurtzen dute %19k eta ohiko irakurleak %15 baino ez dira. Datu hori biztanleria osora eramango balitz, esan genezake euskaraz irakurtzeko ohitura duten Euskal Herriko biztanleak %6 baino ez direla.

Erraztasun falta

Euskal Herri osoa eta euskarazko zein erdarazko liburuak kontuan hartuta, esan daiteke herritarren %70 irakurleak direla, horietako %52 ohikoak (azken hilabetean libururen bat irakurritakoak), eta gainerako %12 noizbehinkakoak. Siadecoko Juanjo Allurrek aletu dituen datu ugariek erakutsi dute, besteak beste, ohiko irakurleen artean irakurzaleenak Ipar Euskal Herriko biztanleak (%68); emakumeak (%63, gizonezkoen %52ren aldean) eta elebidunak (%60,7, euskaldunak ez direnen %56,4en aldean) direla.

Euskaldunek, hortaz, irakurri irakurtzen dute. Erdaraz. Hedabideen kontsumoarekin beste horrenbeste gertatzen da. Oro har, euskaldunen %20,6k irakurtzen du euskarazko prentsa. Ia beste horrenbestek esan duenez ez duela batere prentsarik irakurtzen, erdarazko prentsa darabiltek euskaldun gehienek (%58,8) informatzeko, nahiz eta adinean behera egin ahala ari den gora egiten euskarazko idatzizko hedabideen kontsumoa. Telebistei dagokienez, berriz, euskaldunen %42k ikusten dute euskarazko telebistaren bat.

Galdetu zaienean euskaldunei ea zergatik irakurtzen duten horren gutxi euskaraz, erantzun nagusiak ez du zerikusirik eskaintzaren kalitatearekin edo aniztasunarekin, ohiturarekin eta gaitasunarekin baizik. Ohitura eta erraztasun faltari egotzi diote hain zuzen %42,5ek (gehiago emakumeek gizonezkoek baino) euskarazko liburuetara gehiago ez hurbiltzaren errua. Alde handiak daude, hala ere, adinaren arabera. 45 urtetik gorakoen %52,5ek aitortzen dituzte zailtasunak euskaraz irakurtzeko, 16-25 urtekoen artean ehuneko hori %26,3koa delarik. Irakurle gazteenen artean, EAEn bederen, gehienek derrigorrezko ikasketak euskaraz edo euskararen presentzia handiarekin egin dituztela kontuan hartuta, ematen du datuak zer pentsatua.

Liburuen erosketa

Paperezkoak:
Herritarren %66k erosi dute azken urtean paperezko liburu bat. %37,8k bost edo gutxiago. %28,3, bost edo gehiago. %27k maileguan hartu dute. Libururen bat doan hartu dute herritarrek erdiek.
Digitalak:
Herritarren %10k erosi dute azken urtean liburu digital bat. %5,7k bost edo gutxiago. %5,1ek bost edo gehiago. %3,5ek maileguan hartu dute. Doan eskuratu dutenak %8,9 dira,
Non:
Papereko liburuak erosteko gertuko edo herriko liburutegia da aukera ohikoena (%46,8). Ondoren datoz liburu denda handiak, merkataritza guneak eta internet (%11,4)

150.000 pertsonako merkatua

Industriaren ikuspegitik, baliteke ehuneko horiek balekoak izatea guztizko kopurua handia izanez gero, baina euskarazko merkatuaren kasuan ez da horrelakorik gertatzen, justu kontrakoa baizik. Emandako datuen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako biztanleen artean 1.500.000 lagun irakurleak dira. Euskarazko ohiko irakurleak, berriz, merkatu potentzialtzat har daitezkeen 700.000 herritar elebidunen %23 dira. Datu horrek bat egiten du euskarazko prentsa irakurleen datuarekin. Hortaz «ondoriozta daiteke euskarazko idatzizko ekoizpenaren merkatua 150.000 lagun ingurukoa dela, eta horrek ematen duen neurria mugatua da».

Joxemari Sorsek nabarmendu duenez, «horrek berak, besterik gabe, eskatzen du euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea eta lantzea sektorearen eta administrazioaren artean». Alde onari erraparatuta, merkatua handitzeko aukera egon badagoela erakusten du ikerketak, nahiz eta «oso kezkagarria izan euskaldunen artean horrenbeste izatea euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztenak».

Sorsek euskarak bizi duen bigarren mailako estatusarekin lotu du egoera hori, eta esan du «premiazkoa dela neurriak hartzea, atzera bueltarik gabeko egoerara iritsi baino lehen». Liburuen tiradak 1.000 aletik behera jaitsi behar izana, alegia, ez da hipotesi zoroa. Hori gertatuko balitz, «liburu horiek ezin izango ditugu merkaturatu». «Eta, orduan, zer gertatuko da sortzaileekin?», galdetu du.

Musika

Entzun:
%60k egunero edo ia egunero entzuten dute musika, %20k gutxienez astean behin. Gazteen artean %90ra iristen da musika egunero entzuten dutenen ehunekoa. Irratian entzuten dute %42k. Segidan datoz gailu elektroniko eramangarriak (%31).
Eskuratu:
%29,5ek erosi dute gutxienez disko bat (CD bat edo vinilo bat) azken urtean. Ehuneko handiena Iparraldeko biztanleen artean (%51) dago. Euskarazko diskoei dagokienez, euskaldunen %30 erantzun dute disko bat behintzat erosi zutela aurreko urtean. %26k doako musika digitala entzuteko ohitura du. 25 urtetik behekoetan, 3tik 2k doan eskuratu ohi dute formatu digitaleko musika. Ohitura hori indartu egingo da, horrela jarraitzeko asmoa dutela azaldu baitute.

Osorik hemen eskura daitekeen ikerketak musikari buruzko informazioa ere jaso du. Gaineko taulan daude datu nagusiak. Musikaren kasuan, "formatu fisikoa gure bizitzatik ia desagertzen ari da", esan dute. Jendeak irratiz edo gailu elektronikoei bidez entzuten du musika, oso gutxik erosten dituzte diskoak, eta digitalean ere ez ordaintzeko joera dago.

Hori dela eta, "gogoeta bat egin beharko litzateke kultur produktuak doan jasotzeko joeraren aurrean. Bada garaia, kultura ordaindu egin behar dela, balioan jartzeko. Bizitzako edozein eremutan bezala, kulturan ere enpresak eta langileak daude, eta haien lanak ordaina behar du. Ez bagaude prest liburu, disko, zinea eta abarrengatik ordaintzeko, nor dedikatuko da kulturara? Nondik etorriko dira baliabideak sortzaileentzat eta kultur sistema osoarentzat? Ezin dugu gaia pasatzen utzi, eta serio landu beharko genuke denon artean", azaldu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos