Euskarazko 6.000 opari haur eta nerabeentzat

Presentzia handia dute liburuek katalogoan./DV
Presentzia handia dute liburuek katalogoan. / DV

19. ediziora iritsi da 200dik gora udalek sustatzen duten euskarazko produktuen katalogoa

1998an, Nafarroako udal gutxi batzuei bururatu zitzaien haur eta gaztetxoentzako euskarazko produktuak katalogo batean biltzea. Gaur egun, katalogoa 19. ediziora iritsi denean, Euskal Herri osoko 200 gora udalek partekatzen dute ekimena eta aurten ere, Gabonen atarian, aukera-sortza zabala eskaini dute, paperezko liburu lodian nahiz internet bidez, helbide honetan. Azken urteetan erreferentzia kopurua asko handitu bada ere, hasierako helburuei eusten diete sustatzaileek. "Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburu, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta opari egiteko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz eta zeregin horretan erabiltzaileari lana errazteko" prestatzen dute urtero, alegia.

Katalogoan era askotako produktuen berri ematen da. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak dira, eta zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala. Bilaketa arindu eta errazteko, bai webgunea zein paperezko edizioa bi atal nagusitan banatuta daude: zatietako bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua, eta bestea, 12-16 urte bitarteko nerabe e ta gazteentzako produktuekin osatua. Gainera, webgunean, 'bilaketa aurreratua' dioen atalean klikatuz gero, bilaketa hainbat parametro elkarren artean konbinatuz ere egin daiteke, konparaziora: produktu mota, prezioa eta argitaratze urtea bilatuz; edota argitaletxea, produktu mota eta adina; eta horrela nahi beste konbinazio. Aurtengo edizioak dagoeneko 6.000 produktu inguru bildu ditu.

Esan bezala, bi euskarritan zabaltzen da. Paperezko edizioa urtean behin argitaratu eta zabaltzen da, eta 130.000 ale inguru banatzen dira. Paperekoaren aldean, etengabeko eguneratzearen abantaila du interneteko bertsioak. Interneten, hain zuzen, paperezko katalogo osoa ikus daiteke, baina horretaz gain paperezkoan sartu ez diren produktu gehiago ere aurkitu daitezke, eta produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere ematen ditu. Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du. Durangoko Azokari begira argitaletxeek azkeneko orduan ateratzen dituzten berrikuntzak, esate baterako, epeengatik paperezko edizioan jaso ezin direnak, interneteko bertsioan aurkitu daitezke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos