Euskaraz egingo du aurreneko bira Calixto Bieitoren 'Obabakoak'-en moldaketak

Euskal aktore talde zabala igoko da oholtzara. / P. URRESTI

Arriaga Antzokian estreinatuko da hilaren 18an eta, Bartzelonako Teatre Lliuren antzeztu ondoren, Donostiara helduko azaroaren 4an

Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak egindako 'Obabakoak' lanaren antzerkirako moldaketa euskaraz estreinatuko da Bilboko antzoki horretan, urriaren 18tan, eta 21era arte luzatuko dira emanaldiak. Oondoren, lanaren euskarazko bira egingo da, Bartzelona, Donostia, Santurtzi eta Gasteiztik igaroz. Gaztelaniaz azaroaren 23tik 26ra estreinatuko da, Arriagan.

Zehazki, Bilbon estreinatu eta hurrengo astean, urriaren 25etik 29ra, 'Obabakoak' Bartzelonara helduko da, Teatre Lliure antzokira, eta bertan euskarazko bost emanaldi eskainiko dira, katalanezko azpitituluekin. Azaroan, lanak bira egingo du Euskadin, Donostia (Victoria Eugenia, azaroaren 4an), Santurtzi (Serantes Kultur Aretoa, azaroaren 9an) eta Gasteiz (Principal Antzokia, azaroaren 14an) bisitatuz.

Bieitok berak aurkeztu du astearte honetan, Arriagan, Bernardo Atxagaren obraren antzerkirako moldaketa, Atxaga bera, antzezlanean parte hartzen duten aktoreak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Gorka Martinez BBKren zuzendaria bertan zirela.

Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga antzezleek parte hartzen dute obran. Bieitok aukeratu zituen guztiak Arriaga Antzokiak antolatutako entzunaldi publikoetan. Entzunaldi horietara 200 antzezle baino gehiago aurkeztu ziren.

Gainera, "Atxagaren testuaren edertasunari oso elementu indartsuak gehitu dizkio" lanaren moldaketak, hala nola Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak edo musika eta ahots moldaketak, mota guztietako beste soinu batzuen artean, Carlos Imaz maisuak egindako lana nabarmenduz. Hori guztia, Susanne Gschwenderrek zuzendutako "oso eszenografia bitxiaren eta funtzionalaren barruan" gauzatuko da.

Bieitok aurkezpenean azaldu duenez, "moldaketa libre baina Bernardo Atxagaren eta bere Obabaren izpirituaz beteta dagoen honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzez betetako giza paisaia bezala agertzen dira. Freud izena gure hiztegian ez zegoen haurtzaroko urruneko mundu primitibo hartan gertatzen diren istorioak. Fantasiaz, bisioz, oroimenaren gaueko, gure izaerako, txoko ezkutuenetan ezkutatutako irudiz osatutako unibertsoa".

'Obabakoak' konposizio poetikoa, bisuala eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure zentzumenekin. Nire erabateko konplizitatea eta maitasuna hamaika ahots hauentzat: Joseba, Itziar, Iñake, Lander, Gurutze, Eneko, Ylenia, Miren, Ainhoa, Koldo eta Karmele", adierazi du.

Antzezlana eszenaratzeaz baliatuz, urriaren 19an, 20an eta 21ean, euskarazko arratsaldeko emanaldiak baino ordu erdi lehenago (19:30ean), 'Obabakoak' lanari eta Bernardo Atxagari buruzko hitzaldia izango da, Zenbat Gara elkarteak antolatuta, BBKren laguntzarekin. Arriaga Antzokiko foyerrean izango da, eta 20 minutu inguru iraungo du, agertokian ikusi ahal izango denaren aurrerapen gisa.

Halaber, azaroaren 17an, antzezlanaren gaztelaniazko estreinaldia baino egun batzuk lehenago, Bernardo Atxagak eta Calixto Bieitok hitzaldia eskainiko dute Bilboko BBK aretoan. 'Obabakoak' lanaren inguruan hitz egingo dute entzuleen aurrean, baita lanarekin duten harremanari buruz ere, Atxagak eleberriaren egile gisa, eta Bieitok zuzendari eta antzerki lanaren moldaketaren arduradun gisa. Topaketa arratsaldeko 20:00etan hasiko da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos