Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren liburuki berria

Atlasaren aurkezpena, Baionan
Atlasaren aurkezpena, Baionan / Euskaltzaindia

250 mapaz osaturiko ale berrian lexikoa da landutako arloa eta zenbait hitz eta esamolde jasotzen dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Baionan aurkeztu dute Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) zortzigarren liburukia, eta horrekin batera argitaratu den CDa. Liburuki berriaren lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendari akademikoak azaldu bezala, “Atlas honen gai esparrua tradizioko munduari eta bizimoduari dagokio bete-betean, eta liburuki honen edukiak ere mundu aberats horretan murgiltzen gaitu lehen partean, berorren esparru batzuetan”.

Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, sukaldeko ontzi eta tresnak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburuan.

Bestalde, liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi (bereziki, sintaxiari dagozkionak) landu dira.

Gaurdaino kaleratu dituzten liburukiak kontsultagai daude, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean.

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

EHHAk ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.

Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala izan ziren. Denborarenean, esaterako, astegunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.

Hirugarren liburukirekin (2011) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuei heldu zieten. Batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.

Laugarrenean (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio. Bosgarrenak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.

Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertuz. Zazpigarrenak (2016), lehen atalean, baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu honetan. Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos