«Euskara sartu ez balitz rockean, rapean..., ahulago egongo ginen»

Alberto Irazu, Pamiela etxeak argitaratu dion liburuarekin./SARA SANTOS
Alberto Irazu, Pamiela etxeak argitaratu dion liburuarekin. / SARA SANTOS

'Rock puntua!' liburuan bertsoa eta rockaren arteko harremana aztertu du Alberto Irazu kazetariak

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Alberto Irazuk (Andoain, 1970) bertsoa nola joan zen rock munduan sartzen kontatu du liburu batean, kronika, saiakera eta fikzioa tartekatuz. Liburua hasten da 1964ko bertso batekin, Uztapiderena, eta Negu Gorriaken garaietaraino dator. Talde honen 'Bertso hop' kantua benetako giltzarria dugu istorio honetan.

-Liburuan bukaeran datorren esaldi batekin hasiko gara. Hau diozu: "Artefaktu berriak datoz, eta hobe sinkronizatuta egotea".

–Euskara, 60. hamarkadatik hona, musika, estilo, estetika, pentsamendu eta tribu berrietan sartu da. Irabazi ditu espazio batzuk beharbeharrezkoak zirenak hizkuntzaren osasunerako. Espazio horiek klabeak izan dira gauden tokian egoteko. Pentsa dezagun kontrako hipotesia, euskara sartu ez balitz rockean, rapean... Ahulago egongo ginen, erakusten duguna gauza murritzagoa izango zen. Artefaktu berriak etengabe datoz, hori da nik ikusten dudana. Gaur egun nik ezagutzen ditut protestan dabiltzanak beren semealabek musika latinoa, regetoia, entzuten dutelako. Bi aukera daude: petraldu eta erritmo berri horiek kondenatzen hastea, garai batean gauza berri batzuekin egin zen bezala, edo hor sartu eta euskaraz egiten hastea. Eta aukera onena, zalantzarik gabe, bigarrena da.

-Beraz, regetoia egiten hasi behar dugu euskaraz?

-Bai. Esperimentazioak sekula ez dio kalterik egin euskarari.

Liburuan datu asko daude. Urteetako datu-bilketa egin duzu, ezta?

-Azkeneko lau urteotan jardun naiz datuak biltzen, baina betidanik izan naiz oso musikazalea, oso zinezalea, bertsolaritza ere jarraitu dut distantzia pixka batez eta ereferentzia batzuk banituen buruan. Ideia batzuk banituen buruan finkatuak aspalditik.

-Eta hasiera-hasierako asmoa al zen bertsoa eta rockaren arteko harremana aztertzea?

-Bai, asmoa horixe zen. Neure esperientzia pertsonaletik, nik banekien hor bazegoela zerbait kontatu zitekeena, oraindik ere kontatu gabe zegoena. Denok dakigu Negu Gorriak-ek sekulako iraultza ekarri zuela 'Bertso hop'-arekin; bertsoa espazio berrietan sartu zuela. Baina irudipena neukan beste gauza batzuk kontatu gabe zeudela. Dena dela, hasierako asmoa erabat mudatu zen, erabat zabaldu zitzaidan, ikusi nuenean Uztapidek 1964an kantatutako bertsoa.

«Uztapide-eta sekula ez ziren iritsi bertatik enfokatzera 'rock', 'ye-yé' eta horrelako terminoak»

-Konta dezagun bertso hura.

-1964an, Zestoan, bertsotan ari ziren Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Basarri eta Uztapide. Halako batean, Joxe Mari Iriondok puntu hau ipintzen dio Uztapideri: «Ikasi al dituzu / rock and roll eta twist?»

-Ez zion errima erraza ipini Uztapideri. Oso hitz gutxi daude 'twist'-ekin errimatzen dutenak.

-Bai, lan zaila zeukan Uztapidek, baina begira nola atera zen atakatik: «ez degu izan, aizu, / guk horrenbeste bist, / galdetu behar zendula / ez liteke sinist, / naikua pena onek / neri ematen dit».

-Abila, gizona. Uztapide bere garaiko semea zen eta gaitzetsi egiten ditu musika-erritmo berri horiek.

-Ezezagutza kontua ere izan daiteke. Arbuioa baino gehiago, nik ezezagutza dela esango nuke. Bertsolari horiek sekula ez ziren iritsi bertatik enfokatzera 'rock', 'twist', 'ye-yé' eta horrelako terminoak, beren mundua nekazaritza mundua zelako. Bertso-saioak ere gai arketipikoen inguruan gauzatzen ziren: familia, Jainkoa, lana... Nire liburuan badator ipuin bat, protagonistak Basarri eta Nemesio Etxaniz dituena, eta nire ustea da Basarri bai, iritsi zela gai moderno horiek enfokatzera; zergatik? kazetari-lana ere egiten zuelako. Eta, noski, ez dago kazetari ibiltzerik egunero egunkaria irakurri gabe. Gainera, kontuan izan behar dugu 1964an euskara nola zegoen; laguntzarik ez, dena haize-kontra.

-Nemesio Etxanizen errebindikazioa egiten duzu liburuan. Harrigarria izan zen gizon hura: 'Kanta kantari' liburuan esan zuen euskara musika-erritmo berrietara eraman behar zela. Baina kontuan izan dezagun liburu hori 1951koa dela, ez dela 60ko hamarkadakoa.

-Artean, rock and rolla etorri gabe zegoen EuskalHerrira. Musika-estilo honen leherketa beranduagokoa da Estatu Batuetan bertan. Chuck Berry, Fats Domino, Elvis-eta 1950. hamarkada erdi aldera hasi ziren indarrean. Baina Nemesiok ordurako ikusiak zituen estilo berri batzuk Euskal Herrian: rumba, fox dantza...

-Liburuan diozunez, Errobi izan zen lehenbiziko taldea euskarazko rocka egin zuena.

-Beno, izan zen lehenbizikoa diskoa ateratzen, 1975ean. Horren aurretik badaude bi erreferentzia, aipatzen ditudanak: Bihurriak (Arantxa Gurmendi eta) eta Yoloak; baina horiek ez zuten diskorik atera.

-Jon Maia dugu beste protagonista bat.

-Bertsoa sartu baldin bazen rockaren munduan, izan zen aurretik belaunaldi bat egon zelako estetika eta ideologia hori bere egin zituena. Jon Maia aurrenetakoa izan zen aurrekoa izan ez bazen zenbait gauza kantatzen, zenbait doinutan kantatzen. Aitzindaria izan zen, eta liburua idatzi du horretaz: 'Berriak jaio ginen'.

-Eta oholtza gainean rockeroen moduan jardundako lehenengo bertsolariak, berriz, Igor Elortza eta Igor Iturriaga.

-Liburuan hori azpimarratu dut, bai, baina kontuan izan disko gra-batuak hartu ditudala oinarritzat. Bai, nik dakidala,Zazpi Eskaleak izan ziren Iturriaga eta Elortza disko rockeroa egin zuten lehenengo bertsolariak.

-Bertsoa eta gitarra oso ondo uztartu dira. Bertsoa eta bateria, berriz, ez.

-(Barreak) Liburuan ematen dut esplikazioa. Bertsoan, hitzak oinak markatzen du erritmoa. Rock taldean, erritmoa markatzen duena bateria da, eta denek hari segika ibiltzen dira. Bertsolariari bateria bat ipintzen badiozu aldamenean, azkenean bi bateriarekin aritu behar du borrokan, bata bere buruan duen bateria edo erritmoa, eta bestea kanpoko bateria.

-Andoaingo gaztetxean 1985-86an gertatutakoa ere garrantzizkotzat jotzen duzu. Batetik, lau bertsolari gazteren saioa gaztetxe barruan; bestetik, saio haren kronika Gazte Asanbladaren fanzinean.

-Bai, niretzat garrantzitsua izan zen. Beharbada ez da kasu bakarra, egongo ziren beste esperientzia batzuk, jaso gabe gelditu direnak. Bap taldeak bere lehenbiziko maketa bidali zuenean Herri Irratiak egiten zuen saio oso famatu batera, han hamarreko txiki batekin hasten ziren. Eta Simorra taldeak bertsoak kantatzen zituen bete-betean, gertatzen dena da ez dutela diskorik egin eta ahaztuta gelditu zirela. Baina hor garran-tzitsuena da fanzineena. Zuk hartzen baduzu 1980. hamarkada erdi aldea, non ateratzen ziren bertsoak? Auspoa Liburutegian, Argian, Arantzazu aldizkarian... Ba Andoainen egiten zen 'Peste' fanzinean, 1985ean Fermin Lagala presoak Herrera de la Manchatik bidalitako bertsoak publikatu ziren, eta 1986an, hilabete batzuk lehenago gaztetxean egindako bertso saioaren kronika atera zen, bertso asko zekarrena.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos