Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean parte hartzeko deialdi zabala

Biltzarra Gandiaga zentroan egingo da, urrian./
Biltzarra Gandiaga zentroan egingo da, urrian.

Batez ere, hizkuntzaren profesionalei zuzenduta dago deialdia. Ekainaren 30a arte bidal daitezke ekarpenak eta komunikazioen laburpenak

Euskara batuaren sorrerarekin dago lotuta, besteak beste, 1968 urtea. Euskaltzaindia 50. urteurrenean zen orduan; 2018-2019 urte bitartean betetzen den mendeurreneko ospakizunekin dabil orain. Akademiak ohar baten bidez gogorarazi duenez, «ehun urtetan zehar, Akademiak IKER eta JAGON sailean hainbat ekimen ondu eta mamitu ditu euskararen inguruan». Eta horiek denak gogoratuko dira mendeurrenaren egitarau zabalaren bidez.

Horrez gain, esan bezala, aurten 50 urte betetzen dira Arantzazuko 1968ko Biltzarretik. «Aurretik hainbat ekarpen izan baziren ere, 1968ko Biltzarra euskara batuaren mugarri nagusietako bat izan da», adierazi du Akademiak. Honela, Euskaltzaindiak bigarren biltzar bat antolatuko du aurten, Arantzazun, eta biltzar horretan «1968tik euskara batuak egin duen bidea azaldu, egungoaz gogoeta egin eta eginkizun dagoena zehaztu nahi da; azken 50 urte hauei begiratuko zaie, bai, baina etorkizunari begira ere jarri nahi da Euskararen Akademia».

Biltzarra urriaren 4an, 5ean eta 6an ospatuko da, Arantzazu-Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan. Hori guztia aurrera eramateko ezinbestekoa da euskararen esparruan diharduten «erakunde publiko, pribatu eta gizarte zabalaren iritziak eta ekarpenak jasotzea». Horregatik, Euskaltzaindiak dei zabala egin die eragile guzti horiei, «beraien ekarpenak eta iritziak bidal ditzaten, ekainaren 30a baino lehen».

Batez ere, hizkuntzaren profesionalei zuzenduta dago deialdia (itzultzaileei, ikerlarie, teknikariei, kazetariei, idazleei,…). Biltzarra euskaraz izango da baina komunikazioak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere aurkez daitezke (aldibereko interpretaritza egongo da). Komunikazioen laburpena aurkezteko epea ekainaren 1etik ekainaren 30era izango da zabalik, eta komunikazioak@euskaltzaindia.eus helbidera. Euskaltzaindiaren webgunean aurki daitezke argibide gehiago.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos