'Euskera' sarekoa izango da soilik aurrerantzean

Etapa berri bati ekin zion 'Euskera' agerkariak 2008 urtean. Aurkezpen hartan egindako argazkian, zutik, Lourdes Otaegi, Jean Haritschelhar, Gorka Aulestia, Andres Urrutia, Jose Luis Alvarez Enparantza ´Txillardegi´, Sebastian Gartzia Trujillo, Jon Kortazar, Txomin Peillen eta Ana Toledo. Makurtuta, Iñaki Aldekoa, Ur Apalategi eta Jon Casenave. / MICHELENA

Euskaltzaindiaren agerkariaren ale arruntei eragingo die aldaketak, ikerketari emandakoek paperezko bertsioari eutsiko baitiote

M. IMAZ

Euskaltzaindiak datorren urtean ospatuko du sortu zeneko mendeurrena. 98. urtera helduko da, berriz, 1920az geroztik Akademiak argitara eman duen 'Euskera' agerkaria. Bitzuk joan dira garaietara egokitzen, aukera eta egoera berrietara moldatzen, eta kontuan izanda Euskaltzaindiaren egituratzeak hilabete batzuk hartu zituela (1920koak ditu sortarauak), esan daiteke adinkide direla Akademia eta agerkaria, elkarrekin egin dutela bidea sorreratik, bigarrenak aurrenekoak egindakoa hedatuz.

Etengabeko egokitzapen horretan, Euskaltzaindiaren lanaren eta bizitza akademikoaren berri zehatz-mehatz ematen duen agerkariak urrats berri bat egin du, paperetik aldendu eta sarekoa izango baita soilik aurrerantzean, erabat digitala. Akademiak 'Plazaberri' agerkari digitalean zehaztu duenez, ale arruntei eragingo die hasiera batean 'Euskeraren' aldaketak. Ikerketari emandako aleek paperezko bertsioari eutsiko diote, bi euskarriak, digitala eta analogikoa, baliatuz ikerlanen hedapenerako.

Aspaldi dago sarean

1920 urtean aurreko urteko batzarretako aktak jaso zituen alea kaleratu zenetik, bi aro bereiz daitezke 'Euskera'-ren ibilbidean, aleak zenbatzeko moduan ere igartzen direnak. Aurrenekoan urteka zenbatu zituzten aldizkariak, 1919tik-1936ra. 17. urteari zegokiona 1936ko urtarrilean argitaratu zen; kapitulutan egituratutako ale mardula, 'euskararen bizitzari' buruzkoa, non Seber Altubek 192 orrialde erabiltzen dituen Luis de Garaik aurretik esandakoak deuseztatzeko. Euskararen etorkizuna, euskararen galera, hizkuntzaren biziraupenean familiak eta eskolak duten egitekoa... Gai ezagunak, alegia.

1938-1952 eta 1954-1955 urteen arteko argitalpenetan, Akademiaren lan eta agiriak eta zenbait egileren artikulu eta txosten akademikoak aurki daitezke, baina esan liteke bigarren aro nagusia 1956an hasi zela. 1 zenbakia jarri zioten alearekin.

Hamar urtetik gora daramatzate ale horiek denak sarean, 'Argitalpenen bertsio elektronikoak' atalean, 'Euskera agerkariaren hemeroteka' sarbidean. Azken zenbakiak, 2009 urteaz geroztikoak, bista-bistan daude. Horietan ikus daiteke hain zuzen zein izan den azken urteetako bilakaera, batez ere 2008an Euskaltzaindiak bere agerkariari bultzada berria emateko erabakia hartu zuenetik. Une hartan erabaki zen hiru ale argitaratzea urtean, eta horrela egin zenbait urtez. 2013.az geroztik bina argitaratzen dira: arrunta eta ikerketari emana, hots "Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak" jasotzen dituena.

Euskaltzaindiarena ez ezik euskararen historia ere gordetzen duten milaka orrialde horietan irizpide askoren arabera egin daitezke bilaketak. Ale digitalizatuak sareratu zirenetik, hain zuzen, etengabe egin zaizkio hobekuntzak bilaketak egiteko euskarriari.

Oraingoz azkena, aro erabat digitaleko aurrena, 61,1 zenbakia daramana da. 2016 urteko lehena da, alegia, Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen dituena. Ohiko atalez gain, Miguel Javier Urmeneta eta Jose Antonio Loidiren jaiotza-mendeurrenaren karietara antolaturiko ekitaldien berri ematen da.

Hurrengo alea, 2016ko bigarrena, irailean iritsiko da 61,2 zenbakiarekin. 'Euskararen biziberritzearen erronkak mintzagai' izango da gai nagusia, eta bertan jasoko dira 'Euskararen Biziberritzearen Erronkak' jardunaldiak emandako ondorioak. Arrunta ez bezala, paperean ere argitaratuko da. Patxi Saezek, Bittor Hidalgok, Olatz Altunak, Maialen Iñarrak eta Patxi Juaristik idatzitako artikuluak bilduko ditu atal horrek. Horrez gain, Beñat Sarasola, Gema Lasarte, Amaia Serrano, Jon Kortazar, Win Jansen, Gotzon Lobera eta Beñat Garaioren lanak zabalduko ditu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos