Borrar
Iaz Juanjo Mena orkestra zuzendariak jaso zuen domina Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren eskutikl, J. ANDRADE
Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dute Arabako Domina

Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dute Arabako Domina

Sortu zireneko 100. urteurrena ospatzeko eta "egindako lan itzela eta goresgarria" aitortzeko jasoko dute erakunde biek domina

Martes, 13 de febrero 2018, 16:11

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Arabako Foru Aldundiko gobernu bilerak astearte honetan onetsi du 2018ko Arabako Domina Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari ematea, bi erakundeak sortu zireneko 100. urteurrenean. Arabako Domina da foru erakundeak ematen duen sari handiena, eta bi erakunde horiei emanez, "Arabaren eta Euskal Herriaren hizkuntza, gizarte eta kultur ondarearensustatzaile eta eragile moduan egindako lan itzela eta goresgarria" aitortu nahi du.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gobernu bileraren ondoren egindako agerraldian gogorarazi du astearte honetan betetzen direla ehun urte Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra egin zela Oñatin, bi erakundeen abiapuntua izan zela, eta Arabako, Bizkaiko Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek lagundu eta babestu zutela. Hain zuzen ere, orduko Arabako Aldundiko presidente Dionisio Aldama han izan zen.

Gonzalezek nabarmendu duenez, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia Euskal Herri osoan sortu, ezarri eta finkatu izanari esker, hainbat eta hainbat proiektu sustatu ahal izan dira 1918tik, lurraldean bertan nahiz lurraldetik kanpora irismen eta garrantzi handia izan dutenak. Adibide gisa, euskara batzeko prozesua, Euskaltzaindiak hasi eta burutua, edo Eusko Ikaskuntzak 1931n Pirinioen hegoaldeko bizitza politikorako egindako ekarpena aipatu ditu.

"Nahiz eta ez duten ibilbide erraza izan, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak jakin dute bizirik irauten. Are gehiago, jakin dute beren inguruan jatorri geografiko, akademiko eta ideologiko ezberdinetako emakume eta gizonak biltzen, egiteko zehatz baten inguruan: Euskal Herriaren oraina, iragana eta etorkizuna, haren hizkuntza eta kultura ikertzea. Erakunde biak izan dira funtsezkoak Euskal Herriarentzat, oro har, bai eta Arabako Lurralde Historikoarentzat ere, bereziki", adierazi du.

Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiak "ezagutza eta esker ona" agertu nahi izan dizkie Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari, "aintzat harturik zer bide eta lan berebizikoa egin duten lurralde historiko honetan bizi izan diren eta bizi diren pertsonek arabar eta euskal herritar diren aldetik dauzkaten alderdi, berezitasun eta ezaugarri berezko, nabarmen eta bereizgarriak defendatzen, sustatzen eta eguneratzen".

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios