Euskalkien erabileraz, 'Handia' eta 'Errementari' oinarri hartuta

'Handia' filmeko irudia./
'Handia' filmeko irudia.

Arregi eta Garañoren filmak protagonismo handia izango duen ostiral honetan, bi mahai-inguru mamitsu antolatu ditu Eusko Jaurlaritzak Azokan

Ostiral honetan, abenduak 8, Aitor Agirre eta Jon Garañoren 'Handia' filmak, euskal zinemaren historian ikusle gehien erakarri dituen pelikulak, protagonismo handi samarra izango du Durangoko Azokan. Zuzendari eta aktoreak bertan direla, 18:00etan emango da Irudienean (5,50 euroko sarrera du paseak), baina aurretik ere ekitaldi batean baino gehiagotan izango da hizpide.

11:00etan, Irudienean bertan, 'Handia efektua. Zerk mugitzen gaitu?' mahai-ingurua egingo da, ZineaSortzen atariak antolatuta. Areto nagusia, berriz, Gogoetaren Plaza bilakatuko da 12:30ean, eta solasean jarriko ditu Jon Garaño zinemagilea eta Katixa Agirre idazlea, Maite Bidarte gidari dutela.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako bi mahai-inguruetako batean ere erreparatuko diote filmari, 'Handia' eta 'Errementari' filmen kasua oinarri hartuta gaur egungo zinemagintzan euskara batuak eta euskalkiek duten erabilera aztertuko baita.

'Zinemagintza eta euskalkiak' izango da lehen mahai-inguru horren izenburua, eta arratsaldeko 14.30ean hasiko da, Irudienean. Paul Urkijo ('Errementari', besteak beste), Jon Garaño ('Handia', 'Loreak' edota '80 Egunean'), Olatz Beobide ('Eskamak kentzen' edota 'Goenkale', beste askoren artean) eta Patxo Telleria ('Ez dok hiru', 'Igelak', 'Hodeiak pintatzeko makina' edota '27 ordu', beste lan askoren artean) izango dira hizlariak. Moderatzailea Onintza Irureta kazetaria izango da.

Bigarren mahai-ingurua, berriz, areto nagusian izango da, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. 'Sormen prozesua literaturan' izenburupean, aurtengo Euskadi Literatura Sarietako zazpi irabazleetako bost izango dira hizlariak: Asier Serrano (Literatura Euskaraz), Arantxa Urretabizkaia (Saiakera Euskaraz), Ander Izagirre (Saiakera Gaztelaniaz), Leire Bilbao (Haur eta Gazte Literatura) eta Mikel Valverde ( Literatura Lanaren Ilustrazioa). Goizalde Landabaso kazetaria izango da moderatzailea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos