Euskal Zinemaren manera berriak

Eñaut Castagneten 'Non' filmeko fotograma

Non, Bi txirula, Elkarrekin, Nur eta herensugearen tenplua... Oraindik ere bada aukera euskal zinemak eskaini beharrekoak ikusteko Zinemaldian

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Oraindik garaiz zaudete. Oraindino duzue beta, aukera, parada. Ezin-hobea. Ezinbestekoa. Gaur ikusgai da Zinemaldian Trueba aretoan 16.15etan Ximun Fuchs eta Eñaut Castagneten Non filma. Norberaren barne-matxinada eta, ahal bada, munduko langileriarena ozen aldarrikatzen du dirurik gabe baina Capdenac herriko 500 gizakien sostenguaz buruturiko film honek, absurdoaren bidezko arrazoinamendu hamaika errez, erruz eta eder asko darabiltzanak.

Frantsesez da mintzatua. Gaztelaniaz abestua (badira horretarako absurdoak ez diren arrazoinamendu pare bat baino gehiago, ez pentsa) eta Behe Nafarroako semea den Ximun Fuchs antzerki gizon prestuak dugu eginda. Lehengusua duen ikus-entzunezko aditua den Eñauten laguntzaz. Adiskide min eta frankoren konplizitateaz eta konplizitatean.

Ederra. Bihurria. Fartsaren bitartez salaketa eta hausnarketa egundokoak egiten ditu. Gizarteaz. Bizitzaz. Etsipenaz. Esperantzaz. Indarkeriaz. Zinemaren hizkuntzaren baliabideak ezagutzen dituzte arras ondo zinegile bi horiek. Eta dohainez beteriko lantalde teknikoak. Eta tresna horien guztien bat ere ez dute bazterrean abandonaturik uzten. Bitarteko horiek guztiak dira baliotsuak. Preziatuak. Kontatu nahi dutena kontatzeko.

Sorpresaz harrapatuko zaituzte Non filmak. Ikusiko duzuena, entzungo duzuena ez zenuten inolaz ere espero, zin dagizuet. Beraz, ez galdu aukera. Gaur Trueba aretoan. Bihar, osteguna, Antiguo Berrin. Arratsaldeko seietan.

Bada beste euskal proposamenak Zinemira saileko bazterrak astindu dituena. Zoritxarrez jada ez dago Zinemaldian ikusteko betarik baina zaitezte zelatan eta zuen inguruko kultur etxeetan edo zinema jaialdi batean aurkitu orduko, hartu sarrera. Miguel Garcia Agirrezabalagaren Bi txirulaz ari natzaizue. Ez du zer ikusirik Nonekin. Ez zinemaren filosofiari dagokiolarik, ez argudioari erreparatua ez ezerretan baina Fuchs eta Castagnetenarekin batera Euskal Zinemaren sasoi ederraren berri eman du 65. edizio honetan.

Bidea hartu du Garcia Agirrezabalagak hizpide, kamararen zio, ikuslearentzako tentazio. Bertan dauden bost pertsonaientzako muga kasik mugagabea. Hitz aspertuetan jarduteko paisaia. Bidean ikusten ditugu beti Iker eta Jon. Beti joanean. Ez dakigu nondik datozen. Ez dakigu nora goazen. Baina ez du inporta. Guri, bost. Haiei ere, antza, bost. Arraroa da filma, bai, baina nahiz eta beti aire zabalean edota elurtutako tren geltoki bateko bagoi abandonatuetan lotan izan, beti da, aldi berean gozoa, samurra. Inguran gerra ote den ez dakigu baina, badaezpadara, buztinezko bainu ederra hartuko dugu aintzira baten hertzeetan

Non eta Bi txirula izan dira aurtengo Zinemira saileko gailur biak baina ez ahaztu bihar arte duzuela Arratibelen Conversoren gainean eztabaida sutsuan hasteko aukera. Eta ostiral arte Elkarrekin/Together epikoa nahi zuten dokumentala dastatzeko beta aproposa. Larunbatean ordea, Juanba Berasategirekin akordatuko gara berriro. Minez eta pozik. Bere azken lana izango dugu ikusgai. Ikusgarria da, zinez, Nur eta herensugearen tenplua.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos