Euskal eme raperoak

La Furia, ekainean egindako argazkian./USOZ
La Furia, ekainean egindako argazkian. / USOZ

Bonberenean aritu berri da. Matxino. Errebelde. Azaroaren 4an, berriz, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean izango da. Sutan. La Furiaz ari gara. Eta, haren bitartez, planetako eta Euskal Herriko eme raperoez

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

"Odola nahi duenak, jar dezala zaina", abesten du kantu batean La Furiak, (@LaFuriaRap) nafarra jatorriz, Donostiakoa bizilekuz. Banderatzat hartu dute zientoka emakumek. Ereserki bihurtu dituzte bere kantak. Arrazoi osoz eta zio anitzez. Bere bigarren diskoan sugarrez idatziriko letrak entzuten dira: "Auskalo noren besoartean, sano ematen zuen kasik neska ero hark, eta nik ederki ezagutzen dut bere istorioa". "Esaten duten hori diotela? Ba esan dezatela!!!". "Atzoko suek erretzen dizkidate nere oraingo egunak". "Badirudi Herioa Bizitzaren etorbideetan aise dabilela egun". "Sabaia pintatu duzue urdinez, eta zerua deitu" salatzen du 'Vendaval' izenburuko lan berrian

Irlarik gabeko naufragotzat hartzen du La Furiak bere burua. Amodioa askotan, sarri, maiz, balentria dela dio beste bertso batean. Orguilos aitortzen du porrotaz elikatzen dela, birjina bedeinkatuengan zein zoritxarrekoengan duela babes eta aterpe, eta basa bezain irmo aldarrikatzen du zer ereiten duen dakienak uztari ez diola beldur.

La Furia da. Tatuaiez du gorputza estalia. Larruz jazten da. Bere lehengo diskoaren izenak -'No hay clemencia'- dioenez, segun eta norentzat, segun eta non eta noiz, berak ez du kupidarik. Musikari raperoa da. Rumba, soul, musika klasikoa, mairu herrikoa, hip hop eta kopla gustuko dituen musikari raperoa. Zeharo arriskutsua den arraza bateko kide dela badaki. Ederki asko jakin ere. Egun plazak konkistatzen ari diren eme raperoena arraza perilosoa baita. Duda izpirik ez izan.

Une batean, ez hain aspaldian, konturatu ziren maite zuten musika hark ez zituela islatzen. Arren sortua baitzen. Euren maskulinitatetik. Artasun hark euren feminitatea onartzen zuela adierazi bazien ere, arraza perilosoko kide horiei, bost. Ez zuten sinestu. Ez zuten sinestu nahi. Entzuten zituzten kanta haiek ez zioten euren egia, giza idaskoena baizik.

Kalera atera, tauletara igo eta mikrofonoa zein kamerak hartzea erabaki zuten. Erabaki eta egin. Eta hor daude. Irmo. Sutsu.

Eta La Furiak tekilaz eta bakardadez mozkor dela abestu arren, ez da bakarra. Ederki daki berak. Horrexegatik abesten du 'Ni nirekin, ni nirearekin, ni nireak diren horiekin'. Eta horrexegatik, diskoaren beste track batean, 'Nik nire sorginekin eta nire emekumekin irauten dut bizirik, barkamenik ez da ezta lotan zaudela ere' entzuten diogu ozen, orruka

Badira eme rapero franko. Mundu osoan. Gurean ere bai. Mafalda, Gata Cattana, Barna Bitches, Gasteizko La Omega eta Lil Miss. Ahaztu gabe La Kaprik, Sua Girlek, Black Txonik, La Ruinak, Danger Dancerrek eta Katiuschkak osaturiko Golden Makarrak eta Las Panteras Rojas Crew talde elebidunak. Euren bideo marabilosoetan zera diote egundoko gazte hauek: "Emakumeak gara eta burua behar dugu tente"; "Ez gara perfektuak eta imperfektu izate hori gustuko dugu oso". Are gehiago, mezua luzatzen diote iluntasunean ezkutatzen den erasotzaile horri: "Egizu alde, ez dizut beldur, zure ondoan pasako naiz kolpea jaurtitzeko prest…"

Ez, La Furia ez da hemengo edo hango eme rapero bakarra. Nazioartekoa da borroka. Nazioartekoa da soinua. Bideo ikaragarri batean konpainia ezinhobean aurkituko duzue 'Soy lo que soy' izeneko irudi sortan Rebeca Lanerekin agertzen da. Rebeca Lane Guatemalako poeta eta soziologo anarkista dugu. Musikari raperoa. Gerlariak Gara izeneko proiektu erreboltari eta feministaren buru. Eta hamaika kontu gehiago. Bere abesti batean honela mintzo zaigu: "Erori nintzen atzo baina begira nazazu gaur. Erori nintzen, bai baina merezi izan zuen".

Kontatu dugun kasik guztiaren froga paregabea duzue interneten. Badaude irudiak. Badira abestiak. Elkarrizketak. Bada Leire Apellanizek filmaturiko 'Lo llamáis cielo' izenburuko bideoklipa, testu honetxantxe txertatua, eta badira La Furiak luzaturiko bi gomendio zoragarri: Rocio Juradok abesten duen 'Ese hombre' eta La Shicak 'La bien pagá' koplari ematen dion buelta. Bi momentu hauek baieztatzen dute gaurko raperoak sekulan ez direla izan bakardadean. Alta, Mafalda taldeak dioen legez. 'Bizitza bat zor digute'. Eta eme rapero hauek zorrak kobratzeko prest daude. Zaudete erne.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos