Euskal ondarearen zatitxo bat, Madrilen bolada baterako

Burdin Aroan egindako bi kutxatxo, Arabako La Hoya herrixkan aurkituak./
Burdin Aroan egindako bi kutxatxo, Arabako La Hoya herrixkan aurkituak.

Gipuzkoako eta Arabako bina pieza aukeratu ditu Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalak 150. urteurrena ospatzeko antolatu duen erakusketarako

M. IMAZ

EAEko arkeologia museoak jaioberriak dira Madrilgo Museo Arqueológico Nacional-ekin alderatuta. Gipuzkoaren kasuan, zer konparaturik ez dago, ondare arkeologiko eta paleontologiko aberatsa izan arren, deitura eta egiteko zehatz horiei dagokien museorik ez baitu lurraldeak. Jakina denez, makina bat buelta eman eta gero, Irungo Gordailua eraikinean dago gordeta 2015 urteaz geroztik arkeologia- eta paleontologia-materialei dagokienez Eusko Jairlaritzaren ardurapekoa den ondare baliotsu hori. Bizkaian eta Araban 2009 urtean 'bifundatu' zituzten arkeologia museoak, Arabaren kasuan Bibat izeneko museo bikoitza sortuz arkeologia eta kartak (jokorako kartak, alegia) bat eginez.

Gaur egun Madrilen bisita daitekeen MAN-ek ere berria ematen du barrutik. Bost urtez, 2008tik 2013ra, goitik behera eman zioten buelta museografiari, baina museoaren egoitzak erakusten du aspaldikoa dela, Europan zehar nork bere iragana gordetzeko eta goresteko sortzen joan ziren museo nazional handien garaikoa eta tankerakoa. Espainiako arkeologia museo nazionala, hain zuzen, 1867 urtean sortu zuen Isabel II. erreginak, gaur dagoen toki berean, liburutegi eta museo nazionalak hartzeko Recoletos pasealekuan eraiki zen jauregian bertan. Jauregia zazpi urte lehenago hasi ziren eraikitzen, eta ez zuten bukatu 1892 urtera arte, baina museoa fundatu zenekoa baliatu dut MANek 150. urteurrena ospatzeko.

'El poder del pasado. 150 años de arqueología en España' erakusketa da urteurrenaren ardatz nagusia. Joan den asteartean inauguratu zuten, eta 2018ko apirilaren 1era arte egongo da zabalik. Erakusketa horretan Estatuko osoko 150 pieza jaso dituzte, mende eta erdian arkeologiak izan duen bilakaeraren lekuko izan daitezen. 70 museo, erakunde eta bilduma pribatuk laga dituzte objektuak erakusketarako. Gipuzkoako bi harribitxi daude horien artean, eta Arabako bat.

Goiko aldean, Ezkutzako hagatxoa. Behekoan, Urtiagako arpoia.
Goiko aldean, Ezkutzako hagatxoa. Behekoan, Urtiagako arpoia.

Gordailutik Madrilera joan dira, hain zuzen, Itziarko Urtiagan aurkitutako arpoia eta Azpeitiko Ezkuztan topatutako hagatxoetako bat. Bi piezak egiteko erabili zuten materiala zerbido-adarra da. Oreinarena izan daiteke, edo elur-oreinarena. Arpoia egiteko, argazkian ikus daitekeen bezala, adarra ez zuten gehiegi apaindu; bai ordea landu, bere funtzioa bete zezan. Datazio zabala proposatzen dute (K.a. 14.550- 8.850) Santimamiñe, Ermittia edota batera Mesolitos aroko aztarnategi nagusietakoa den Urtiagako leizean aurkitutako arpoiarentzat. Adituen ustez, Paleolitos eta Neolitos aroen arteko tarte horretan hasi zen gauzatzen euskal gizartea.

Baio handikoa da halaber Ezkuztako hagatxoa. Orain dela 14.000 bat urte egindako hogei bat zentrimetroko bi hagatxo dekoratu aurkitu zituzten arkeologoek 2014 urtean Azpeitiko kobazulo horretan. Oso bereziak dira, Iberiar Penintsulan bakarrak, osorik eta oso ondo kontserbatuta daudelako eta, grabatuen edertasuna ikusita, ezin delako ukatu benetako artelanak direnik.

EAEko arkeologiaren ordezkaritza Arabako La Hoyako aztarnategian aurkitutako buztinezko bi kutxa txikik osatzen dute. Guardiatik gertu dagoen herrixka EAEko Burdin Aroko aztarnategirik garrantzitsuena da, eta K. a.ko 450-250 urteen artean egindako kutxatxoek erakusten dute garai hartako zeramikarien lan fina.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos