Euskal ondare zinematografikoaren balioa aldarri

'Ama Lur' dokumentalarekin ekingo diote egitarauari/Euskadiko Filmategia
'Ama Lur' dokumentalarekin ekingo diote egitarauari / Euskadiko Filmategia

Euskadiko Filmategiaren 40. urteurrena eta Kimuak programaren 20.a ospatzeko egitaraua prestatu dute Donostiako Tabakaleran hilaren 26a bitartean

DVDonostia

Euskadiko Filmategiak 40 urte betetzen ditu aurten, eta Kimuak film laburren programak 20, eta bi urteurrenak ospatzeko programazio berezia antolatu da Donostiako Tabakalera zentroan. Egitaraua gaur hasiko da, apirilaren 5ean, 'Ama Lur' filmaren proiekzioarekin. Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzenduriko lanak 50 urte betetzen ditu aurten.

Euskadiko Filmategiko iturriek jakinarazi dutenez, egitarauak apirilaren 12an jarraituko du, eta Peio Aldazabal Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako batek bere film gogokoena aurkeztuko du: 'Faraon' (Jerzy Kawalerowicz, 1966). Halaber, egitarau bereziak ikus-entzule gazteak ere erakarri nahi ditu, «etorkizuna direlako», eta Txabi Basterretxearen eta Joxean Muñozen 'Karramarro uhartea' animaziozko filma programatu du apirilaren 15erako.

Era berean, programazioak euskal ondare zinematografikoaren balioa aldarrikatuko du, eta «lurraldea zeharkatuko duen» saio berezia izango da apirilaren 19an, 'Álava, Vitoria y su Caja de Ahorros y Monte de Piedad' (1957), 'Ocharcoaga' (Jorge Grau, 1961), 'Estropada berria-Regatas en Orio' (Jesús Almendros eta José Luis Arza, 1973), 'Nafarrako ikazkinak' (Montxo Armendariz, 1981) eta 'Ikuska 14' (Antxo Eceiza, 1982) dokumentalak eskainita.

Azkenik, «euskal zinemagileen talentua eta etorkizuna» ospatuko dituzte apirilaren 26an, amaiera festan. Kimuak programan bildutako zenbait film labur eskainiko dira: 'La guerra' (Luiso Berdejo eta Jorge Dorado, 2005), 'Éramos pocos' (Borja Cobeaga, 2005), 'On the line' (Jon Garaño, 2008), 'Minerita' (Raúl de la Fuente, 2013), 'Zarautzen erosi nuen' (Aitor Arregi, 2014) eta '7:35 de la mañana' (Nacho Vigalondo, 2003).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos