Euskal musikaren historia barregarria

Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzerki ikuskizun batean
Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzerki ikuskizun batean

'Ez dok hiru' antzezlana Donostiako Victoria Eugenia antzokira dator

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXIDonostia

Patxo Telleria eta Mikel Martinezen antzerki-lan berria laster iritsiko da Donostiako Victoria Eugenia antzokira. Bihar eta etzi (hilak 5 eta 6) ikusi ahal izango da 'Ez dok hiru', euskal kantuen historiari errepasoa ematen dion komedia.

Oholtza gainean bi lan egiten dituzte aktoreok: hitz egin eta kantatu. "Dibertimendua", "eroa", "harrigarria", "erritmo handikoa"… Hitz hauekin definitu dute ikuskizuna. Paleolito garaiko euskal kantuekin hasten dira Telleria eta Martinez, baina batez ere kantagintza tradizionaleko aleetan eta modernokoetan oinarritu dira. Beste hizkuntza batzuetan ere egiten dituzte sartu-irtenak; adibidez, 'Purra, purra' kantua Kansasen jaio izan balitz nola geldituko litzatekeen planteatzen dute, edota Xabier Lete Brasilen jaio izan balitz nola geldituko zen portugesez bere 'Xalbadorren heriotzean'. Obran zehar, "igogailuetan kantatu ohi diren doinu horiek, haurrentzako doinu beldurgarri horiek eta irratiko kantu ustez alai horiek" entzun daitezke baita ere.

"Bidaia emozional bat" proposatu nahi izan dute. "Uste dugu musikak emozioak mugitzen dituela, eta hala gertatu da orain arteko emanaldietan. Zenbaitetan, kantuan ere hasi zaigu jendea, baina gure helburua ez da entzuleria kantuan jartzea, jakina", adierazi dute Victoria Eugeniako terrazan egindako aurkezpen-ekitaldian.

Antzezlana prestatzeko, Elkar argitaletxearekin elkarlanean jardun ziren, eta etxe horrek liburua plazaratu du, antzezlaneko gidoia eskaintzen duena.

Oholtza gainean musika-laguntzaile batzuk izango dituzte bi aktoreok: Maria Arriaga (gitarrak, biolontxeloa, panderoa, txistua), Ivan Allue (perkusioak, alboka, gaita nafarra, txirula) eta Adrián García de los Ojos (pianoa).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos