Euskal Memoria Fundazioaren ibilbidea sarituko du Elkarrek

Iaz kaleratutako 'Gogoan hartzeko izenak' argazki liburuaren aurkezpenari dagokio argazkia./EUSKAL MEMORIA FUNDAZIOA
Iaz kaleratutako 'Gogoan hartzeko izenak' argazki liburuaren aurkezpenari dagokio argazkia. / EUSKAL MEMORIA FUNDAZIOA

«Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura» jartzeko egiten ari diren ahalegina hartu dute aintzat Fundazioaren ibilbidea saritzeko

«Egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea izan dezan esperantzarekin», Elkar Fundazioak Euskal Memoria Fundazioari emango dio Ibilbideari saria. Sari hori, joan den astean iragarri zen eta Ma kolektiboak jasoko duen Joseba Jaka bekarekin batera, ostegun honetan, apirilak 19, arratsaldeko 19.00etan, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egingo den ekitaldi batean emango zaie.

Euskal Memoria Fundazioa 2009an abiatu zen «geure historia guk geuk kontatzeko asmoz», memoriaren inguruan diharduten zenbait elkarteren babesarekin. Orduz geroztik bilketa, dokumentazio eta hedapen lan handia egin dute, azken hori aldizkariaren eta argitalpen monografikoen bidez batik bat. Sarean kontsuta daitekeen dokumentazio gunea ere ari da osatzen.

Euskal Memoria Fundazioa saritzea erabaki du aurten Elkar Fundazioak, hark egiten duen lana ere «herri honentzat ezinbesteko ekarpena» dela baloratzen duelako. «Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta», azaldu du Elkar Fundazioak, prentsa ohar baten bidez.

Saria emateko, bi balio nabarmendu ditu Elkarrek, bere egiten dituenak eta «oso garrantzitsutzat» jotzen dituenak. Batetik, «gure buruaren jabe izateko ahalegina, garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea».

Bestetik, «transmisioa, herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu «behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena. Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin», azaldu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos