Oso 'euskal' jantzia

Eskuinaldean, Andoni Ortuzar jeltzalea, apirilaren 1ean, Aberri Egunaren ospakizunean./MIGUEL TOÑA/EFE
Eskuinaldean, Andoni Ortuzar jeltzalea, apirilaren 1ean, Aberri Egunaren ospakizunean. / MIGUEL TOÑA/EFE

'Lekeitiarra' esan ohi zaio. Marinelen jantzia zen, gero kutsu politikoa hartu zuen

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Errepara iozue argazkianAndoni Ortuzarrek soinean daraman jantzi horri. Jaka horri lekeitiarra esan ohi zaio. Historialariek diotenez, aspaldiko marinel eta arrantzaleek erabiltzen zuten, baina Lekeition ez diote 'lekeitiarra' deitzen, baizik eta txamarra edo txamarrotea. Gogoratzen aspaldiko kanta hura?: «Anteron txamarrotia, Sinjerren bibotia…». Beraz, noizbait izan zen Antero izeneko marinelen bat Lekeition. Amaieran itzuliko gara puntu honetara.

Oso 'euskal' jantzia da. Pentsatzekoa da Aberri Eguneko espirituarekin bat zetorrelako jantziko zuela Eusko Alderdi Jeltzalearen arduradun nagusiak. Ez dezagun ahaztu, bestalde, aurreko urteetako Aberri Egunen aldean hau ezberdina izan dela, Konstituzioaren 155. artikulua eta Kataluniako zalaparta direla eta.

«Aspaldi, marinelen jantzia zen, gero frankismo-garaian kutsu errebindikatiboa hartu zuen; eta ondoren folklorikoa. Txistulariak eta abesbatzetakoak hasi ziren erabiltzen. Franco bizi zela, Telesforo Monzonek janzten zuen –betiko urdin hori– eta Elbira Zipitria andereñoak, berriz, koadrodun berde-beltza», adierazi dit Ane Albisu adituak, 'Atondu' liburuaren egileak.

Ortuzarrek gaur egungo ohiko lekeitiarra darama soinean. Dendetan ikusten diren gehienak Magasa enpresak Miranda de Ebron eginak dira. Eta badira 50 urte Magasa horretan hasi zela. «Gehien saltzen duguna urdin koloreko lekeitiarra da, hori delako jatorrizko kolorea. Koadrodun beltz-berdeak gutxiago saltzen ditugu, eta koadrodun beltz-gorriak are gutxiago. Lurraldeen aldetik, Bizkaia da guretzat onena. Batzuetan, abesbatzek-eta lekeitiar grisak eska-tzen dizkigute egiteko, gris ilunak nahiz gris argiak», esan dit enpresa horretako Igor Sáezek.

Painuzko lekeitiarrak izan ohi dira. Artilea eta poliesterra dituen painuz eginak. Garai batean gehiago saltzen omen ziren.

Baina badira merkatuan beste batzuk, Amarenak markakoak, era askotako diseinuak dituztenak. Oihane Pardo diseinatzaileak aurtengo urtarrilean erakutsi zituen bere lehenbiziko emaitzak, kolore bizietakoak, alai askoak. Kutxa Kultur delakoaren barruan garatu izan du bere ekimena donostiar honek.

Goazen historian arakatzera. 1959an, 'Anuario de Eusko folclore' aldizkariak J.M. Ugartetxea eta C. Cresporen artikulua argitaratu zuen: 'La pesca tradicional en Lekeitio'. Bertan diotenez, lehengo marinelen txamarra edo txamarroteak ez zuen leporik izaten, eta ertz guztiak xingola beltzarekin hartuta zeuden. Kolorea, berriz, normalean urdin iluna.

Lan horretan ez da aipatzen, baina badirudi lehengo marinel haiek koadrodun txamarrak janzten zituztela baita ere, askotan berde-beltzak.

Joaquín Sorollan 1912an margitutako 'Marinero de Lequeitio'.
Joaquín Sorollan 1912an margitutako 'Marinero de Lequeitio'. / MUSEO SOROLLA

Gure egunetara, batik bat bi lekeitiar 'tradizional' iritsi dira: urdina eta koadrodun berde-beltza. Ordea, Joaquín Sorollak 1912an 'Marinero de Lequeitio' margolana pintatu zuenean, arrantzale hark soinean txamarra zuria zuen. Halako kolorea edukita, nekez izango zen lanerako arropa; pentsatzekoa da jai egunetakoa zela. Oraingo Mirari Eiguren lekeitiarrak ere –zeinak 60 urtetik gora dituen– gogoan du bere aita nola joaten zen hamarretako mezatara horrelakoxe txamarra soinean.

Mirari Eigurenek gogoratzen du, baita ere, nola garai batean etxeetan egin egiten ziren txamarroteak, fieltrozkoak edota painuzkoak. Xehetasun batzuk bazeuden, beti aintzat hartzen zirenak; adibidez, ukalondoetako bihotzak, xingolaz aplikatuak.

Lekeitio esan eta segituan datorkigu gogora lehen aipatutako kantua, aurreratu dugunez:

Anteron txamarrotia

Sinjerren bibotia

haretxek ei dauko

preso tximinoia.

Beste hitz batzuetan esanda: «Anteroren txamarra, Sinjerren bigotea, haretxek omen dauka preso txipiroia». Ez da kanta zaharra eta egiazko protagonistak ditu: Luis Antero Salinas 1874an jaio zen Lekeition bertan; eta Enrique García Vara, 'Sinjer', 1870an Madrilen, baina XIX. mendearen amaieran Lekeitiora joan zen bizitzera bere familiarekin.

Sanantolinetan, Lekeitioko festetan, 'Anteroren jaitsiera' ospatzen dute. Panpina bat jaisten dute kanpandorretik kable baten bidez, eta gero udaletxeko balkoian gizonezko bat agertzen da Anteroz jantzita –kaiku zuriaz– karameluak botatzen dizkielarik behean bildutakoei.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos