Euskal Herria izenaz, berriz ere

Ezkerreko aldean, Leizarragaren testua, 1571n argitaratua. Bestean, Lazarragaren eskuizkribua, garai bertsukoa / EUSKALTZAINDIA

Idatziz, Leizarragak eta Lazarragak aipatu zuten kontzeptu hau lehenbiziko aldiz. Euskaltzaindiak oso testu jakingarria argitaratu berri du bere 'Euskera' adizkarian

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Euskaltzaindiak 2004ko uztailaren 23an «Euskal Herria izena» titulua duen 139. araua onartu zuen eta, ondoren, argitara eman. Arau honek, gainerako guztiek bezala, azalpen-testu bat darama aurretik. 2004. urteaz geroztik egindako zenbait ikerketa eta lanek aukera eman dute informazio gehigarria lortzeko, bai eta daturen bat zehatzago adierazteko ere. Horren ondorioz, Euskaltzaindiari bidezko iruditu zitzaion orduko azalpen-testu hura egokitzea, ez araua bera. Hori dela eta, 2016ko urtarrilaren 29an Donostian egindako osoko bilkuran onartu zuen 139. arauari dagokion azalpen-testu eguneratua. Duela gutxi argitaratu da Akademiaren ‘Euskera’ aldizkaria, eta Euskaltzaindiaren webgunean sartzen bagara, hor daukagu azalpen-testu hori –interesgarri askoa– irakurtzeko moduan.

Orrialde honetan, hango pasarte batzuk hartu besterik ez dut egingo. «Euskal Herria izena euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, ‘euskararen herria'. Euskal forma hori ohikoa da hitz elkartuetan, cf. aizkora, baina aizkol apustu; gari, baina galburu, etab», dio akademiak hasiera aldera.

Idatziz, Euskal Herriaren lehen aipamena Joanes Leizarragak egin zuen. Lapurdiko apaiz higanot honek, 1571n plazaratu Testamentu Berriaren eta beste zenbait testuren itzultzaileak, honela zioen, irakurle guztiek aise ulertzeko moduko hizkera aurkitzeko zailtasunaz: «... bat bederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den».

Pasarte hau, «Heuscalduney» izenaz, irakurleentzako hitzaurrean ageri da, Joana Nafarroako erreginari bidali zion gutun elebidunaren ondoan –euskaraz eta frantsesez–. Ez du orrialde-zenbakirik.

Eta izena, marra batekin, beste bi aldiz darabil Leizarragak 'ABC edo christinoen instructionea...' liburuxkan, urte berekoan. Hitzaurrearen titulua honako hau da:

«Heuscal-herrian gaztetassunaren iracasteco carguä dutenér eta goitico guciér, I. Leiçarraga Berascoizcoac Iaincoaren gratia desiratzen».

Garai bertsuan –ez dago data zehatzik– Joan Perez de Lazarraga arabarrak idatzitako eskuizkribuetako batean ere azaltzen da Euskal Herriaren aipamena. Hirutan aurkitzen da 'eusquel erria', 18. orriaren bi aldeetan:

«beti çagie laudatu

çegaiti doçun eusquel erria

aynbat bentajaz dotadu».

«çegayti eusquel errian dira

ederr guztioc dotadu».

«çeñetan ditut eçautu

eusquel erriau oy nola eben

erregue batec pobladu».

Pedro Axular idazle nafarrak ere erabili zuen izen hori, 1643ko 'Gero' aszetika liburuan. Irakurleari zuzenduriko hitzaurrean, Leizarragak aipatutako mintzatzeko maneraz ari delarik, honela dio:

«Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan».

Gero, dezente geroago, Manuel Larramendi gipuzkoarrak 1745ean argitara emandako hiztegian honako hau dio: «Al Bascongado generalmente llamamos, Euscalduna, y a todos los paises en que se habla el Bascuence, Euscalerria. Ni con estos nombres se expressa mas un Dialecto que otro, ni una Provincia mas que otra, sino generalmente nuestra Lengua, y los paises en que se habla».

Euskal Herria hitza, ideologia eta pentsamolde alor guztietako testuetan eraibili izan da. Erabilera guztiz ohiko horren ispilua, hor dugu Tuterako José María Iribarrenen 'Vocabulario navarro' (1952) deritzaneko definizio hau:

Euskalerría: «Nombre que dan al País Vasco; es decir, a Vizcaya, Guipúzcoa, Alava y Navarra en España, y Laburdi, Benabarre y Zuberoa en el país vasco-francés.

Ikusten ari garen kontzeptu hau gaztelaniaz eta frantsesez beste era batzuetara adierazi da: Vasconia, País Vasco, País Vasco-Navarro, Vasconie, Pays Basque. Bada liburu-usaineko izen bat ere, Euskaria, eta hortik datoz euskaro eta euskarien adjektiboak. Hiru izenok, begi bistakoa denez, hizkuntzaren izenetik datoz, hots, euskara-tik.

XIX. mendea amaitu baino lehentxeago, Sabino Aranak (1865-1903) Euskadi izena sortu zuen, uste izanik Euskal Herria izenak ez zuela izaki politikorako balio. Horretarako, gorago aipatu den Euskaria eduki zuen gogoan, eta –di leku-atzizkia erantsi zion.

Azpimarratzekoa da Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren (1979) 1. artikuluaren testu nahasia, honela baitio: «Euskal Herria [...] Espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da [...]». «El Pueblo Vasco o Euskal-Herria [...] se constituye en Comunidad Autónoma dentro del Estado Español bajo la denominación de Euskadi o País Vasco».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos