Euskal Dendak ere zabalik ditu ateak

Inaugurazio ekitaldiko argazkia./
Inaugurazio ekitaldiko argazkia.

Durangoko Azokaren berotasunera biltzen orain dela 22 urte hasi ziren artisauak

Asteazken honetan Durangon ez da bakarrik Azoka zabaldu. Euskal Dendak ere ireki ditu ateak. Artisau azoka orain dela 22 urte sortu zen, bestearen berotasunean Euskal Herriko artisauen lana sustatzeko asmoarekin.

Inaugurazio ekitaldian Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatu Lorea Bilbao, Durangoko hainbat zinegotzi eta Iurretako alkatea izan dira. Haiekin batera Gerediagako juntakideak eta zenbait eragile ekonomiko eta sozial, besteak beste.

Ekitaldiak Lorea Bilbaok artisautzaren balioa azpimarratu du, eta, era berean, "euskaldun guztion balioa" dela esan du. Halaber, aintzat hartu du artisauek egindako lana, eta urteroko ahalegina Euskal Dendan egoteko.

Aurreko urteetako ildoari jarraituz, Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak ditu. Nahiz eta azoka esparruak muga fisikoak dituen, aurten artisau gehiago izango ditugu, guztira 54, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik etorritakoak; iaz baino bi gehiago. Bestalde, bertan izango diren firma askok lehen aldiz parte hartuko dute, 20 profesional batuko dira aurtengora; beraz, hori ere bada berrikuntza. Alegia, artisauetatik % 37k estreinakoz parte hartuko dute azoka honetan, kutxu freskoa eta eraldatzailea emanez.

Lurraldekako parte hartzea dela eta, Bizkaiak izango du ordezkari gehien, hogeita sei artisau. Gipuzkoatik hamahiru etorriko dira eta Nafarroatik zortzi. Arabarrak sei izango dira, iazko kopurua, eta lapurtar bakarra.

Sektorekako sailkapena eginez gero, aurten, metalgintza, zeramika eta ehungintza dira ordezkari gehien dituztenak: 10, 8 eta 7 tailer, hurrenez hurren. Halaber, aipatzekoa da nekazaritzako elikagaien sektorea, bere lekua egin baitu Euskal Dendan, zazpi ordezkarirekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos