Euskadira ekarri nahi dituzte doako bideo-jokoen inguruko proiektu onenak

Etengabe doa hazten bideo-jokoen esparrua. Artxiboko argazkian, Gasteizko Baskonia eSports Academy delakoa./J. ANDRADE
Etengabe doa hazten bideo-jokoen esparrua. Artxiboko argazkian, Gasteizko Baskonia eSports Academy delakoa. / J. ANDRADE

Munduko lehenengo campus-azeleratzailea jarri dute abian Gasteizen, uztailetik urrira sei taldek euren proiektuak gara ditzaten

Free-to-Play (F2P) bideo-jokoen munduko lehenengo campus-azeleratzailea aurkeztu dute astelehen honetan Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Arabako foru diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. EAEn bideo-jokoen sektoreko enpresak biltzen dituen Basquegame elkarteak sustatu du, erakundeen laguntzarekin, eta Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotuta dago. Potentziak ekonomiko handia izan dezaketen industria horiek sustatzea lehentasunen artean du Kultura Sailak. Proiektu honek bere baitan hartzen duen sektoreak, hain zuzen, 116.000 milioi eurotik gora fakturatu zituen 2016an. Ekimenaren xedea da sektore horretako nazioarteko proiekturik onenaK Gasteizera erakartzea.

Aurkezpenaren berri emateko zabaldu duen oharrean diotenez, "berez, sektore honek une hauetan guztiz hartzen du bideo-kojoen merkatua. Gehien saldutako 200 bideo-jokoetatik 197k ezaugarri horiek dituzte, eta horien artean benetako 'best seller' batzuk daude, esate baterako Candy Crush Saga, 100 milioi jokalari baino gehiago dituena eta egunean 5 milioi fakturatzen dituena".

F2P Campus Vitoria-Gasteiz aurtengo uztailetik urrira bitartean egingo da, egoitza nagusia Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa, izango du eta bertan gehienez hiru kide izango dituzten sei taldek garatuko dituzte euren proiektuak. Parte-hartzaile horiek proiektuaren web gunearen bidez jasotako hautagai guztien artetik aukeratuko dira. Web hori jada abian da, era horretako bideo-jokoak bakarrik bilduko dituen lehenengo campus-azeleratzaile horretan parte hartzeko baldintzak kontsultatu nahi dituzten guztientzat.

Gorka Urtaran, Ramiro González eta Bingen Zupiria, ekimenaren aurkezpenean.
Gorka Urtaran, Ramiro González eta Bingen Zupiria, ekimenaren aurkezpenean. / IREKIA

Ekimena sektoreko nazioarteko bi adituk zuzenduko dute: Jon Beltrán de Heredia arabarrak, mundu osoan ezaguna den 'Commandos' bideo-jokoan parte hartu duenak, eta Raúl Herrerok. F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenak, bi zuzendari horiez gainera, Estatuko eta nazioarteko beste hamar bat mentore izango ditu, eta ezagunenak Joony Koo korearra, sektoreko bide-urratzaileetako bat, Amir Rajan eta Andrés Tallos dira. Gainera, Amazon, Google eta Euskaltel partner ezagunak ere sartu ditu jada.

Ekimen estrategikoa

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak campus-azeleratzaile berri honi buruz esan duenez, "ekimen estrategikoa da Euskadirako, Arabarako eta Gasteizerako, eta hazten ari den sektore kultural digital batera talentua, jarduera eta negozioa erakartzea du helburu". "Oinarri bat eraiki nahi dugu jarduera ekonomiko jarraitu batekin lurraldean inpaktu bat sortzeko. Ezin dugu ahaztu sektore hau beste Kultura eta Sormen Industria batzuk mugiarazten dituen eragilea dela, besteak beste, marrazkigileena, animatzaileena, diseinatzaileena, gidoilariena, musikariena, itzultzaileena, eta abar", esan du. Free-to-play bideo-jokoen segmentua ez da besterik gabe aukeratu, merkatuko segmenturik garrantzitsuena baita: urtean % 20tik gorako hazkundea du formatu mugikorrean, eta gehien saltzen diren app-en % 75 era honetako bideo-jokoak dira.

Sailburuak F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenaren nazioarteko ikuspegia ere azpimarratu du, free-to-play ekitaldi eta azeleratzaile bakarra baita: "Aukera bikaina dugu merkatuan orain arte egon ez den hutsune bat betetzeko, eta garrantzizkoak izango dira bi zuzendariek sektorean duten esperientzia eta parte-hartzaileei bere proiektua garatzen laguntzeko ekimenean parte hartuko duten mentore guztien kalitatea". Zupiriak, azkenik, nabarmendu du euskal erakundeak Kultura eta Sormen Industrien alde egiten ari diren apustua.

Izena emateko epea, zabalik

Free-to-play bideo-jokoen sektorean proiektu bat duten pertsonek lehenengo F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenean aukeratutako taldeetako bat izan ahal izateko izena emateko epea zabalik da. Eskaera aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaituko da. Hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta ekainaren 15ean emango du aukeratutakoen izena. Handik hilabete batera emango zaio hasiera campus-azeleratzaileari, eta urriaren erdialdera amaituko da Demo Day batekin (azken ekitaldi horretan parte-hartzaileek euren proiektuen aurrerapena aurkeztuko dute).

Campusaren antolatzaileek lan handia egingo dute proiekturik onenak erakartzeko, eta ekimenaren berri, beraz, mundu osoko foro eta hedabide espezializatuetan emango dute. Ekimena martxoaren 16an, ostiralean, aurkeztuko zaie sektoreko euskal industriari eta ekintzaile izan daitezkeenei "Free to play, aurkitu nola sortzen den negozioa musu-truk diren bideo-jokoetan" izenburupean Arabako Parke Teknologikoan egingo den jardunaldian. Izena doan eman ahal izango da Euskadi Innova webaren bidez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos