Euskadiko biodibertsitateari buruzko bigarren argazki lehiaketaren sariak banatu dira

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eman dio saria Egoitz Ikazari/
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eman dio saria Egoitz Ikazari

Txirri arrunta izeneko txoria agertzen den argazkiak irabazi du lehiaketa. Hiru irabazleen lanekin eta beste bederatzi argazki finalistekin egutegia argitaratuko dute

DV

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak Euskadiko Biodibertsitatea Natura 2000 Sarean II. Argazki Lehiaketaren lehen saria eman dio asteazken honetan, Bilbon, Egoitz Ikazari, 'Ispiluaren isla' izeneko argazkiagatik; bertan, txirri arrunta izeneko txoria ikus daiteke Barbadun itsasadarraren uretan islatuta. Saria 700 eurokoa izan da.

Bigarren saria, 500 eurokoa, Guillermo Gonzálezi eman zaio 'Gezi urdina' izeneko argazkiagatik; argazkia Mungian dagoen (Bizkaia) Laukarizeko klub hipikoaren inguruan atera da eta martin arrantzale batek arrain txiki bat jaten duen unea hartzea lortu du. Hirugarren saria, 300 eurokoa, Pablo Pérezi eman zaio 'Aintzira' argazkiagatik, Arabako Errioxako paisaia bat islatzen duena.

Sariak Ihobe sozietate publikoaren Bilboko egoitzan banatu dira ekitaldi batean; bertan, Arriolak nabarmendu du Euskadik "fauna, flora eta paisaia aberastasun natural itzela dauka. Europako lurralde txiki bat izan arren, altxor natural handia daukagu gurean. Lehiaketa hau biodibertsitatea nabarmentzeko aukera paregabea da; izan ere, biodibertsitatea gure legatu kulturalaren parte garrantzitsua da eta ezagutzan, osasunean, aisialdian eta turismoan laguntzen du. Gainera, elikagaien, energiaren, lehengaien, airearen eta uraren iturria da; hortaz, funtsezkoa da balio horiek hedatzea".

Aurkeztutako 47 hautagaien artean aukeratutako argazki irabazleak eta bederatzi argazki finalistak Ihobe ingurumen-kudeaketako sozietate publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Ekoetxeekin elkarlanean argitaratutako 2018ko egutegian agertuko dira; hala, bi erakunde horien egoitzek banatuko dituzte egutegiak bisitarien artean.

Lehiaketaren epaimahaia argazkilaritzaren eta komunikazioaren arloetako profesionalek osatu dute, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza saileko eta Ihobe sozietate publikoko ordezkariek ere.

Argazki lehiaketa honen helburua da, horren oinarrien arabera, "Euskal Autonomia Erkidegoko ondare naturala hedatzea eta nabarmentzea; izan ere, bertako lurraldea Europar Batasuneko lurralde osoaren %1a da eta interes europarreko habitaten %35 inguru hartzen du, fauna espezieen %21a eta floraren %2a".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos