Euriak ez ditu moteldu jarduerak eta bisitari jarioa

Euriak ez ditu moteldu jarduerak eta bisitari jarioa

Hirugarren egunean, Gogoetaren Plazaren aurreneko saioa eta bi mahai inguru mamitsu egin dira, besteak beste

Erdigunera iritsi da Azoka ostiral honetan. Jaieguna, aurrenekoa bezala, baina oso diferentea eguraldiarekin aldetik. Eta askoz ere deserosoagoa, Durangora iristeko nahiz Azokan osatzen duten guneetan barrena ibiltzeko. Meritu handiko jendea gerturatu da aurreneko orduan. Eskerrak Landakok sarrera nagusian estalpe moduko bat daukan... Hantxe babestu dira, elkarren ondo-ondoan, ateak ireki baino lehen iritsi diren bisitari goiztiarrak.

Euriak ez ditu kulturzaleak uxatu, baina modu mailakatuagoan heldu dira goizean zehar. Ostegunarekin alderatuta, lasaia hartu du martxa ostiralak. Askok egiten zuten komentarioa, eta erantzun bera jasotzen zuten denek: "Eske atzo Ikasle Eguna zen". Ikasle eguna izan gabe ere haur eta gaztetxo ugari zebiltzan goiz partean Landakon. Toti Martinez de Lezeari sinadura eskatzeko eta Gatibuko Alex Sarduirekin argazkia egiteko sortu diren ilara luzeetan adin horietakoak ziren nagusi.

Erdigunean ekarri du halaber Gogoetaren Plazaren aurreneko saioa, 12:30ean Jon Garaño zinemagilea eta Katixa Agirre idazlea bildu dituena. Egitarauak ez zuenez argitzen zeri buruzkoa izango zen Maite Bidartek gidatutako solasa, itsu-itsuan eseri dira Areto Nagusian entzuleak. Sormen prozesuari buruzko elkarrizketa bizi eta interesgarria entzuteko aukera izan dute. Gogoetarako beste bi zita proposatu ditu egunak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako bi mahai-ingurue.

'Zinemagintza eta euskalkiak' izan da lehena. Paul Urkijo ('Errementari', besteak beste), Jon Garaño ('Handia', 'Loreak' edota '80 Egunean'), Olatz Beobide ('Eskamak kentzen' edota 'Goenkale', beste askoren artean) eta Patxo Telleria ('Ez dok hiru', 'Igelak', 'Hodeiak pintatzeko makina' edota '27 ordu', beste lan askoren artean) izan dira hizlariak. Moderatzailea Onintza Irureta kazetaria izango da.

Bigarren mahai-ingurua, berriz, areto nagusian egin da, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. 'Sormen prozesua literaturan' izenburupean, aurtengo Euskadi Literatura Sarietako zazpi irabazleetako bost izan dira hizlari: Asier Serrano (Literatura Euskaraz), Arantxa Urretabizkaia (Saiakera Euskaraz), Ander Izagirre (Saiakera Gaztelaniaz), Leire Bilbao (Haur eta Gazte Literatura) eta Mikel Valverde ( Literatura Lanaren Ilustrazioa). Goizalde Landabaso kazetaria izango da moderatzailea.

Atzera kontua

Azokak bere atzera kontua hasiko du ostiralean, abenduak 9. Durangora gerturatzen diren lagunek egitarau potoloa dute sormenaren lurraldeaz gozatzeko. Ahotseneako karpan, esate baterako, indartsu hasiko dute musika-maratoia, Berri Txarrak taldearen kontzertuarekin. Hirukote nafarraren ostean talde ugari arituko dira Ahotseneako eszenatoki bietan: Bi bala, Anita Parker, Zazkel, Balerdi Balerdi... Solasaldien kasuan, izen ezagunak ere ez ditugu faltan izango: Jasone Osoro, Uxue Alberdi, Jakoba Errekondo, Keu Agirretxea, Patxi Zubizarreta... Martin Bidaur gazteak ere bere poesia-liburuaren aurkezpena egingo du, 17:00etan.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazaren bigarren saioa izango da. Goizean musikari bi izango ditugu aurrez aurre berbetan: Mixel Ducau eta Izaro. Arratsaldeko saioan, "sarerako sortzen" izango da landuko duten gaia: Lander Arretxea (Hiru Damatxo), Mikel Irizar (Gipuzkoako Foru Aldundia), Aiora Probatxoa (youtuberra) eta Gorpuzkingz (musika taldea), Iñaki Larrañagak gidatuta.

Kabi@n hainbat proposamen interesgarri. 11:40ean Mitologik euskal mitologiaren museo didaktikoaren aurkezpena izango da, eta 16:30ean Marrazkeraz marrazkilari euskaldunon topagunea antolatu dute. Goizean marrazkiak egiten ibiliko dira azokako gune ezberdinetatik eta arratsaldeko hitzorduan irudiak sareratuko dituzte.

Saguganbaran, egunero bezala, txiki eta handientzako proposamenak antolatu dituzte. Goizean aurkezpenak egongo dira ("Errekak oiloari" eta "Haizeak hitz, hitzak haize") eta "Astonauta Tronpeta Flauta Dantzan" ikuskizuna. Arratsaldean ipuin kontaketen txanda helduko da, 15:30etik 19:30ak arte: "Udazkeneko jolasak", "Oilar txikia" eta "1, 2, 3... hemen da Miru!". Areto txikian tailerra egongo da Elkarren eskutik.

Mikroantzerkia gustoko dutenek ezinbesteko hitzordua izango dute bihar Szenatokian. Goiz eta arratsaldez, ordu laurdeneko antzezlan zatiak egongo dira: "Ganba alaia" (Olatz Beobide eta Isidoro Fernandez), "Minus ukittua" (Telmo Irureta), "Sarean kateatuak" (Nomofobikak) eta "Takoidun zapata gorria" (Piszifaktoriaren eskutik). Sarrera debalde.

Irudieneako kasuan, ikus-entzunezko lan ezberdinak ikusi ahal izango dira: dokumentalak, film luzeak, telesailak, umeentzako lanak, film laburrak... Besteak beste, 13:00etan "Merli" telesailaren estreinaldia izango da EITBren eskutik, eta 18:30ean "Joseba Sarrionaindia. Hemen eta han" dokumentala proiektatuko da.

Egunero bezala, sormenaren lurraldeak Plateruenan itxiko du bere egitaraua. 22:30ean Glaukoma talde igoko da oholtzara, Kalima diskoa aurkeztera. Sarrera guztiak agortu dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos