'Etxeko saltsak', udako gau baterako nahaspila dibertigarria

'Etxeko saltsak', udako gau baterako nahaspila dibertigarria

Txalok ekoitzitako komedia Urnietako Saroben aurrestreinatuko da asteazkenean, eta Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztuko da ostiraletik igandera

Udako arrats eta gauak, abuztukoak batik bat, komedia arinari eman ohi zaizkio antzoki gehienetan. Donostia ez denez salbuespena, hiriko areto nagusietan ikusi eta ikusiko ditugu Arturo Fernandez, Silvia Marsó, Lolita, María Luisa Merlo... Eta Ane Gabarain, Aitziber Garmendia, Mikel Laskurain, Aitor Fernandino eta Mikel Gojenola, Txalo Produkzioak konpainiak ekoitzitako 'Etxeko saltsak' komedian. Iragan mendeko 60ko hamarkadako pieza arrakastatsu baten euskarazko egokitzapenaren estreinaldiak udako gau atsegin bat igarotzeko aukera aparta eskainiko die kalitatezko denborapasa gogoko dutenei.

Gaztelaniaz aktore-multzo berdinarekin 'Enredo familar' gisa antzeztuko duten pieza garantia osokoa da, iragan mendeko 60ko hamarkadaren erdialdera 'Relatively Speaking' izenburuarekin estreinatu zenetik mende erdi baitarama hainbat herrialdetako publikoari irribarrea eragiten. Alan Ayckbourn idazle eta zuzendari ingeles ezagunaren piezarik arrakastatsuenetako hau, hain zuzen 1965ean estreinatu-garai horretan dago girotua-, eta handik bi urtera iritsi zen Londreseko West End-era. Gaztelaniaz 'Un enredo casi familiar' izenburuarekin egokitu zuen orain dela urte batzuk beste konpainia batek.

Txalok Urnietako Saroben prestatu duen bertsioa Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendu du eta, esan bezala, eskarmentu handiko aktoreak bildu dituzte jeloskortasunaren inguruko antzezlan korapilo eta ezustekoz betea taularatzeko. Minutuak igaro ahala gero eta nahasiagoa izango den nahaspilaren erdian Ginny gaztea dago. Gregekin bizi da Ginny, bikote ustez zoriontsua osatzen dute, baina bien arteko harremana ez da guztiz gardena, eta gezurrak ere badu tokia harreman ustez idiliko horretan... Gehitu abiapuntu horri komediarako dohain apartak dituzten euskal aktore ezagunak, eta ez da zaila asmatzea zer aurkituko duen abuztuaren 18tik 20ra Donostiako Antzoki Zaharrera hurbilduko den ikusleak...

Beste aukera bat ere badago 'Etxeko saltsak' ikusteko, aurrestreinaldia egingo baita Saroben asteazkenean, abuztuak 16, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak, 5 euroan, Sarobeko lehiatilan eros daitezke 9:00etatik 14:00etara, eta asteazkenean bertan, antzezpena hasi baino ordu erdi lehenago.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos