Esperimentazioan hasi da Xabi San Sebastian

Xabi San Sebastian, diskoaren aurkezpenean/Sara Santos
Xabi San Sebastian, diskoaren aurkezpenean / Sara Santos

Laugarren diskoa atera du, 'Zuahitzak ez du beldurrik', rocketik aldenduta

FELIX IBARGUTXIDonostia

Xabi San Sebastianek asko aldatu du bere musika-ibilbidea azkenaldian. Lehenbiziko aldiz, bere kasa ekoitzi du diskoa, eta lehenengo aldiz ahots-esperimentazioa egin du, Mikel Laboa gogoan, «subkontzienteko gauzei bide emanez», disko berriaren aurkezpen-ekitaldian esan duen bezala. «Leku ausartago batera atera naiz, kostata, lotsa ahaztuta, beldurrik gabe», esan du.

‘Zuhaitzak ez du beldurrik’ izeneko diskoa plazaratu du, bere laugarrena. Orain hurrengo, 2012an, ‘Erraiak’ atera zuen, rock hutsa izan nahi zuen bilduma. Oraingo emaitza guztiz bestelakoa da, rocketik oso-oso urruti.

Hiru urte eman ditu prestakuntza-lanetan eta, izenburuak dioen bezala, naturak garrantzi handia izan du. Hernanin mendialdean ikusi eta sentitutakoak ekarri ditu diskora, azken batean. «Naturak sortutako diskoa da, naturaren irakurketak sumatzen dira kantuetan, eta handik hiriko gauzak nola ikusten diren ere bai», esan du.

Nahi zuen «naturarekin lotutako dataren batean» atera diskoa eta azkenean irailaren 21ean aurkeztu da, ekinokzioan, «egunak eta gauak iraupen berbera duten egunean».

Diskoko kantu guztietan –bederatzi dira guztira– oinarria akustikoa da; alegia, ahotsa eta gitarra akustikoa dira hasiera-hasierako bi osagaiak. Baina diskoan abestiak jantziago datoz, eta alde horretatik funtsezkoa izan da Matthieu Harambouren kolaborazioa. Baxuak jotzen du ipartar honek, eta bera arduratu da nahasketak egiteaz. Satxa Soriazuk teklatuak jo ditu eta Josu Ervitik bateria.

Eta izenburu hori, nondik nora? Hona kantariaren azalpena: «Asko flipatzen dut zuhaitzaren irudiarekin. Zuhaitzek ez dute beldurrik, lurrean errotuta daude eta gora egiten dute beldurrik gabe. Gainera, hildako materia bizia bihurtzen dute».

«Argiak eta itzalak» omen daude diskoan. Argiak, gauza eta sentipen arrazionalak izango lirateke; itzalak, berriz, «erokeria uneak», edo hobeto esanda «erotasun uneak», abeslariak adierazi duenez.

Hil honen 27an Iruñeko Katakraken ariko da. 30ean, Luhuson, ‘Bakearen artisauak’ jaialdian. Urriaren 7an, Baionako Kalostrapen; 13an, Tolosako Bonberenean; eta 19an Hernaniko Biteri kultur etxean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos