Borrar
'Izbrisana' filmari dagokion irudia.
Eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz egindako pelikula bana Zinemaldian

Eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz egindako pelikula bana Zinemaldian

Irailaren 25, 26 eta 27an egingo den Glocal in Progress industria-jarduera berria hiru lan horiekin estreinatuko da

Jueves, 10 de agosto 2017, 17:26

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Telmo Esnalen 'Dantza', Miha Mazziniren 'Izbrisana/Erased' (Eslovenia-Kroazia-Serbia), eta Hadrian Marcuren 'Un om la locul lui / A Decent Man' (Errumania), dira Glocal in Progress sailaren lehen ediziorako hautatutako filmak. Jarduera berria irailaren 25, 26 eta 27an egingo da, Zinema Eraikitzen 32 saileko eta Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren egun beretan

Aukeratutako hiru film luzeak postprodukzio-fasean daude, eta, beste profesional batzuen artean, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio, horiek amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.

'Dantza' filmarekin, Telmo Esnal euskal zuzendariak bosgarren aldiz parte hartuko du Donostia Zinemaldian, aurrez obra hauek aurkeztu ondoren: 2005ean 'Aupa Etxebeste!', Asier Altunarekin batera idatzia eta zuzendua, Zuzendari Berriak sailean; 2009an 'Amona putz!' film laburra, Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama sailean; 2011n 'Urte berri on, amona!', Zabaltegi - Zuzendari Berriak sailean; eta, azkenik, Kalebegiak talde-filmeko 'Septiembre' film laburra, Asier Altunarekin batera zuzendua, Belodromoan aurkeztu zen 64. edizioan.

Miha Mazzini esloveniarrak eta Hadrian Marcu errumaniarrak beraien lehen filmak aurkeztuko dituzte Glocal in Progressen: 'Izbrisana / Erased' Eslovenia, Kroazia eta Serbiaren arteko koprodukzioa eta 'Un om la locul lui / A Decent Man' Errumaniako produkzioa, hurrenez hurren.

Industriaren jarduera honen helburua da hizkuntza ez-hegemonikoetan dauden Europako produkzioei ikusgaitasun handiagoa ematea (hau da, alemanez, espainieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz edo errusieraz filmatu ez diren filmei). 2016an soilik, Zinemaldiko hainbat sailetan parte hartu zuten osorik edo hein batean hizkuntza horietan zeuden 21 filmek; 'Jätten / The Giant'-ek (suediera) Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen, eta 'Park'-ek (greziera), aldiz, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios