Eskerrak paperari

Bi harri daude erakusketan, argazkian ageri den Lergako hilarria eta Uxueko aldare-harria./F.I.
Bi harri daude erakusketan, argazkian ageri den Lergako hilarria eta Uxueko aldare-harria. / F.I.

Euskarak historian zehar Nafarroan izan duen presentzia azaltzen du 'Navarrorum' erakusketak. Abenduaren 31ra arte egongo da ikusgai

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Nafarroako Artxibo Orokorraren egoitzan –Iruñeko Parte Zaharrean– 'Navarrorum' izeneko erakusketa ipini dute, urtea bukatu bitartean egongo dena, eta egunero bisita daitekeena. Euskarak lur haietan bi mila urtetan zehar utzi dituen arrastoak ikus daitezke bertan. Hainbat blogetan ederki ezkutatuta agertzen diren 'negazionista' horiek nekez arbuia eta gaitzetsi dezaketen erakusketa eder baten aurrean gaude. Gero, Iruñetik merindade guztietako hiriburuetara eramango dute, eta baita Donibane Garazi eta Baionara ere.

'Lingua navarrorum' esaldi famatua dakarren idatzia ere ikus daiteke erakusketan. Berez pergamino bat da, 1167koa, katedralean gordeta egoten dena. Konde baten eta Nafarroako gotzainaren arteko hitzarmena da, eta bertan erabakita gelditzen da nortzuk arduratuko diren Aralarko larreen gobernuaz. Latinezko testua da, eta halako batean, latinez ez dagoela esaterik eta «lingua navarrorum» delakora jotzen da goi-kargu batzuk aipatzeko: 'buruzagia' y 'una(i)maizterra'.

Erakusketan sartu eta, aurrenik, bi harrirekin egiten du topo bisitariak. Bata Lergako herrian aurkitutako hilarria, bestea Uxueko aldare-harria; biak garai bertsukoak, Kristo baino 150 bat urte lehenagokoak. Hona Lergako testua: «Narhungesen seme Ummesaharrek bere seme Abisunharri». Adituen ustez, 'ummesahar' hitzak seme edo alaba zaharrena izendatzen zuen.

Mende batzuk aurrerago, hor dugu Rawd Al-Mitar liburuko aipua ere, arabieraz idatzia; 950. urtekoa da. Malin dago gordeta, Tombouctouko Liburutegian. Geografo arabiarrak «al-bashiya» esaten dio euskarari, eta kontuan izan behar da musulmanak VII. mendez geroztik zeudela Ebroren ertzetan jarriak. Eta zer dio, hortaz, dokumentuak? Hauxe: «Iruñeko (...) biztanleak pobreak dira, ez dute aski jaten eta bideetan lapurtzen aritzen dira. Gehienak euskaraz mintzatzen dira, eta horregatik ez zaie ulertzen».

Beste bi pauso eman, eta orain Leireko monasterioko kartularioa, 1059koa. Jatorrizko latinetik euskarara ekarrita, hau dio: «Nik, jaun Fortuño Muñizek, eskaintzen dut (...) lur bat, euskaraz 'Musiturria' deitzen zaion tokian dagoena...».

Oibar aldeko Ageza (Ayesa) herriko toki-izen batzuk aipatzen ditu eskribauak: Musiturria, Ziarduoia, Aranea, Kaskallueta...

Hurrengo geldialdian, adituek ongi ezagutzen duten beste testu bat, XIV. mendekoa, 'Pater Noster Txikia' deitu izan zaiona. Bere luma probatzeko, Iruñeko katedraleko eskribau batek eskuizkribu batean zirrimarratu zituen buruz zekizkien esaldi erlijioso eta hitz solteak, latinez, Nafarroako erromantzez eta euskaraz. Hona zorioneko testua: «Pater Noster txikia / Deus peretentzia / lurrak dakar ogia / zotzak ardan bustia». Eta erakusketarako egin duten gaztelaniazko itzulpena: «Padre nuestro pequeño / Dios penitentzia / la tierra trae el pan / el sarmiento, el jugo del vino».

Zer ote halako testua? Erakusketa prestatu dutenen arabera, «magiaren edo superstizioaren alorreko esaldi bat da».

Erakusketak ez du toki handia hartzen, baina trinkoa da.
Erakusketak ez du toki handia hartzen, baina trinkoa da. / F.I.

2015eko udan, Nafarroako Artxibo Orokorreko teknikari batek ikusi zuen aspaldi Murillo el Frutoko udaletxetik artxibo horretara bidalitako dokumentuen artean bazegoela bat oso deigarria. Hala iruditu zitzaion behintzat Maika Munarrizi. Lankide duen Peio Monteanori esan zion begiratu bat emateko, eta hau harri eta zur geratu zen: Erriberako herri bateko toki- eta pertsona-izenak izateko, oso ziren euskaldunak. Halaxe jabetu ziren bi lagunok 'Pechas de Murillo el Fruto' agiriaren garrantziaz. 1400. urte aldera idatzitako orri sorta bat da, seguru asko Oliteko Gil Lopez de Sarasa notarioak idatzia. Haren aurretik pasatu ziren Murilloko biztanleak, adierazteko uzta bakoitzetik zer zati ematen zuten zerga moduan –horixe baitzen pecha delakoa–. Notario hark euskaldun izan behar zuen, oso ondo idatzi baitzituen toki-izenak: Aitzurieta, Areatzea, Baratzealzinea, Baratzeberrieta, Baratzebideta, Baratzetako hodia, Buztina, Legazpea, Txorrota, Odia, Uarte, Erteko erregua, Uarteko hodia, Garipentzuko zaldua… Gero toponimia hau galdu egin zen, edota gaztelaniara itzuli, baina dokumentuak argi uzten du orain seiehun urte Nafarroako alde horretan euskara eguneroko gauza zela.

Badira agiri gehiago, noski. Erakusketaren komisarioa Peio Monteano izan da, aipatu dugun Nafarroako Artxibo Orokorreko goi-teknikaria. Orain denbora asko ez dela, 'El iceberg navarro' plazaratu du, zeresan handia eman duen liburua. Erakusketa hau ere halako izeberg bat da: hogei bat dokumentu erakusten dira, baina Nafarroako euskara errealitate askoz zabalagoa izan da. Paperek hizkuntzaren mutur txiki bat baino ez dute erakusten, baina eskerrak paperari.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos