«Esajeraziorik ez balego, niri antzerkia aspergarria egingo litzaidake»

Ander Lipus aktorea, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan.
Ander Lipus aktorea, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. / MIKEL FRAILE

Huts antzerki-taldeak 'Hozkailua' eskaini zuen aurreko astean Donostian. Bi aktore izan ziren oholtzan: Ander Lipus eta Patricia Urrutia Ander Lipus Aktorea

FELIX IBARGUTXI

Unai Iturriagak idatzi du istorioa: Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galde-tzea ahaztu zuten ordea.

-Istorio bitxia.

-Antzezlan hau pentsatzean, Sam Shepard-en dramaturgiaz oroitu ginen, Estatu Batuetako mendebaldeaz -eta gure mendebaldea Bardeak izango lirateke, ezta?-, 'Paris-Texas' filmaz.. . Obraren mamia edo muina adiskidetasuna da. Garai batean kolegak izan ziren eta Londresera joan ziren, punk mugimendua gustukoa zutelako.

«Aktoreak dantzaria izan behar du, dantza bat egon behar du beti»

«Orain jakin ahal izan dut nire aititaren aita lehergailu batek eztanda eginda hil zela»

-Eta han zegoen punk mugimenduaren meka.

-Bai. Baina egun batean Karlosek erabakitzen du hona bueltatzea eta bizitza normal bat egitea.

-Betikoa... Kontraesanak ere izango zituen...

-Eta handik 22 urtera, bat-batean Maitek deitzen dio, Hendaiatik, esanez hozkailu batekin dagoela , eta hozkailu barruan Jimmy dagoela. Bi lagunok topo egiten dute berriz ere, eta hasiko dira Jimmyren sorterria aurkitu nahian, ez baitakite non jaioa zen. Badu zerbait absurdotik eta umore beltzetik. Baina Jimmy aitzalia izango da bi lagunok euren bizitzaz hitz egin dezaten.

-Ikusiko dute, noski, 22 urte pasa direla eta bizimodua asko aldatu zaiela ordutik . Garai bateko utopiak, oraingo errealitatea...

-Azken batean, adiskidetasunari buruzko antzezlana da. Horri eman diogu pisua. Elkarri sekulakoak aurpegiratzen dizkiote Karlosek eta Maitek. Zergatik? Adiskide direlako. Kristolako adiskidetasuna eta kristolako gordintasuna daude obran.

-Unai Iturriagak idatzi du gidoia. Bertsolari gisa da ezaguna batik bat, baina antzerkigintzan ere badu bere ibilbidea.

-Bera izan da ideiaren aita. Argi geneukan formatu txikiko obra egin nahi genuela. Aurreko obra, 'Francoren bilobari gutuna', formatu handikoa izan zen, hiru konpainia batu ginen hura burutzeko, eta orain Euskal Herriko beste txoko batzuetara nahi genuen iritsi. Aurreko obra antzokietan ematekoa zen, baina badaude herriak horrelako antzokirik ez dutenak. Esate baterako, oraingo lan txikiago honekin Zestoan izan ginen aurreko astean, eta Deban ere jardun ginen. Orain Victoria Eugeniako Club Aretoan gaude, gero atsedenaldia hartuko dugu, eta udazkenean berriro ekingo diogu.

-Beraz, irailetik aurrera berriro errepidera.

-Adibidez, Bilboko La Fundición-en ere ariko gara. Horrelako aretoetan gertuago egoten da publikoa, eta horixe nahi genuen sentitu: publikoaren gertutasuna. Horrek badauka bere xarma.

-Unai Iturriaga ezagutzen duzue lehendik ere.

-Aspalditik ezagutzen dut, bertso-mundutik. Ni ere ibili nintzen horretan, kolegak gara. Berak bertsoa menperatzen du, komikia ere bai, nobela ere egin zuen bat, eta antzerkian ere ibili da azken urteotan. Gure 'Errautsak' obran parte hartu zuen, Igor Elortzarekin batera, eta 'Francoren bilobari gutuna'-ren idazketan ere hartu zuen parte, Igorrekin batera orduan ere. Kontuan izan ordubete irauten duen obra honetan hitzak garrantzi handia daukala.

-Beti lotu izan zaitugu absurdoarekin. Noiztik ari zara arlo hori lantzen?

-Nik uste dut gauza bat dela antzerkia eta beste bat bizitza. Antzerkiak bizi-tzatik edan behar du, baina antzerkiak eta bizitzak ezin dute parametro berberetan egon. Laster bazkaltzera joango gara eta antzerkia alde batera utziko dut.

-Baina esan nahi dizudana da beharbada ez duzula beti absurdo-ku-tsuko antzerkigintzan jardun.

-Absurdotik asko edan dut. Kuriosoa da, hamazortzi urtekin egin nuen lehenbiziko obra hark 'Absurdoari buruzko gogoetak' zuen izenburu. Mundu horretan gustura ibiltzen naiz, baina gero obra bakoitzak bere estetika edukitzen du. Adibidez, 'Hozkailu' honetan, naturaltasunetik nahiko hurbil dagoen pertsonaia bat irudikatzen dut, ez da hain esajeratua. Karlos, nire pertsonaia, da bi seme-alaba dituen guraso bat, dibortziatuta dago, 22 urte pasa dira eta lodiago dago eta ilea erortzen zaio... Egia da obrako egoera batzuk muturrekoak direla. Dena dela, absurdo-ukiturik edo esajeraziorik ez balego, niri antzerkia aspergarria egingo litzaidake.

-Oso aktore fisikoa zara, asko mugitzen zara, imintzio eta keinu asko asko egiten dituzu.

-Aktore-eredu ezberdinak daude, eta niretzat aktoreak dantzaria izan behar du, dantza bat egon behar du beti. Emozioak-eta, ez dira gauza arrazional hutsak, fisikoak ere badira. Asko irakurri dut Japoniako noh antzerkiari buruz, oso gustukoa baitut. Han, aktoreak oso ondo lan egiten duenean, publikoa joaten zaio kamerinora eta esaten dio: «Gaur gustatu zait zure lana, gaur izerdia bota duzu». Nik, lanean nagoenean, izerdia bota behar dut, gorputz guztiarekin ari naizelako, ez bakarrik buruarekin. Aktoreak dilatatu egin behar du, nolabait esateko. Hor jarraitzen dut, ikertzen eta ikasten oraindik. Gaur egun hitzari izugarrizko garrantzia ematen diot, euskarazko teatroa ari naizelako egiten agian.

-Euskarazko antzerkia egin duzue beti, eta aipatu izan da nola zuen lanetan Iparraldeko hizkera ere integratu duzuen. Zuk inoiz jardun al zara oholtzan Markinako hizkeran?

-Ez, batuan egin izan dut, tarteka hango hitz edo esamolde batzuk erabilita. Gure apustua batuaren aldekoa da. Nolabait esateko, antzerki nazionala egin nahi izaten dugu eta toki ezberdinetara joan, horregatik batua; izugarrizko erreminta baita. Baina Abarka, Markinako antzerki-taldearen zuzendari ere banabil, eta han aktoreek markinarrez egiten dute.

-'Francoren bilobari gutuna' amaitutzat eman duzue eta orain zuen webgunean osorik ikus daiteke. Egizu balantzea.

-Balantze oso pertsonala egingo dizut, baina uste taldekideek gauza bera pentsatzen dutela. Antzezlan hau ederra izan da, zentzu guztietan, eta hunkigarria ere bai. Antzokiak ia-ia beti bete egin ditugu, gutxi gorabehera 14.000 lagunek ikusi dute obra. Badago publiko bat istorio gosez, an-tzerki gosez, eta hori guretzat pizgarri da. Kontatzen dugun historia hunkigarria da, eta nik historia kontatu eta gero, ari naiz orain nire familiaren benetako historia ezagutzen. Nik, ez dakit zein intuizio edo inprobisazioren bitartez, eraiki dut pertsonaia bat, lehergailu bat eztanda egiten diona; beno, ba orain jakin ahal izan dut nire aititaren aita horrela hil zela. Emozionatzen ari naiz. Obran, nire pertsonaiak esaten du etxekoen isiltasuna, mina eta lotsa pairatu zuela, eta hara non jakin dudan gauza bera gertatu zela nire etxean. Nire amari ere ez zizkioten gauza haiek kontatu.

-Noizko kontuez ari zara?

-1936ko kontuez.

Fotos

Vídeos