Errotako Rotetarrak

Behean, Jesus Mari Roteta, Alejandro Roteta eta Carmen Nazabal. Goian, Alex eta Larraitz Roteta. /MICHELENA
Behean, Jesus Mari Roteta, Alejandro Roteta eta Carmen Nazabal. Goian, Alex eta Larraitz Roteta. / MICHELENA

Oiartzungo Yurritako errotako familia gogotik ahalegintzen ari da eraikinari eusteko. Dokumentatu dute, eta denboran oso atzera iritsi dira

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Oiartzunek toki ikusgarri asko ditu, eta tartean bada bat ezkutu samarrean gelditu dena: Yurritako errota. Azken urteotan gehiago azaldu da hedabideetan bere presa dela-eta –batzuek hura desegitea eskatzen dute–, baina nik azpimarratu nahi dudana da nolako ahalegina egiten ari den bertako familia errota hori bizirik mantentzeko.

Yurritan, orain, Rotetatarrak bizi dira. Abizena eta ofizioa bat datoz, beraz; Roteta eta Erroteta gauza bera baitira, hau da, «errotak dauden tokia». Hona hemen Alex Roteta gaztearen testigantza: «Aitak esandakoaren arabera, nire aitona Nicolasek (1914-2004) erosi zuen errota hau. Ramon María de Zavala y Monzón de Olasorekin (1899-1964) egin zuen tratua, baina sinatu aurretik, Ramón María hau hil zen eta honen ondorengoekin birnegoziatu behar izan zuen aitonak. Hala ere, nire aitona Nicolas hau ez zen Yurritan jaioa, baizik eta Ugaldetxo auzo honetan bertan beste errota batean: Isastin».

Ingurua asko aldatu da aitonaren garaitik hona. Dena baserri, zelai eta soro zen tokian, Mamut eraiki zen lehenbizi, gero industrialdea.

Gaur egungo Alex eta Larraitz anai-arreba gazteen aita ere, Alejandro Roteta (1943), errotaria izan da; baita osaba Jesus Mari ere, gaztetan. Alejandro Orain jubilatua dago, baina bere bizialdi luzean egunero ezagutu du lanean Yurritako errota. Alejandrok eta emazte Mari Carmen Nazabalek pentsu-almazena zeukaten eta garagar asko irintzen zuten, gero almazen horren bidez saltzeko. Taloetarako ere makina bat arto-irin saldu ohi zuten, hura berriz bahetik pasea. Duela hamabi urte, aitona Nicolas hil zenean, utzi egin zioten eguneroko lanari. Alexen azalpena berriz ere: «Baina errota sekula ez da gelditu. Badago jendea pentsatzen duena instalazioa ez dabilela, baina ederki dabil. Noiz edo noiz arto-irina egiten dugu etxerako, eta badugu beste proiektu handiago bat: Labore kontsumitzaile-kooperatiba badago Oiartzunen, eta horko kideei aukera ematen diegu artalea ekarri eta gurean irintzeko. Laburbilduz, nahi dugu errota herriari eskaini».

«Badago jendea pentsatzen duena instalazioa ez dabilela, baina ederki dabil. Nahi dugu errota herriari eskaini»

Jarrai dezagun errotari kasta hau aletzen. 1964an errota erosi zuen Nicolas Roteta Ezkurra hark bazuen beste anaia bat, Eustakio, hura ere errotaria, Oiartzungo Isastin jaioa eta Yurritan bizitua. XX. mendearen erdialdera Mendarora joan zen bizitzera eta beste errota batean lan egitera, baina 80. hamarkadako uholdeek guztiz txikitu zioten instalazioa.

Segi genezake historian atzera. Nicolasen aita ere, Carlos Roteta Mitxelena, errotaria izan zen Oiartzungo Ugaldetxoko Isastin. Honen aita ere, Ignazio Roteta Aranburu, errotaria zen; hau, berriz, Usurbilen jaioa. Eta honen aita ere errotaria genuen: Domingo Roteta Gurmendi, Zarautzen jaioa.

Errota monumentu izendatuta dago bere osotasunean, zenbaitek eraitsi nahi duten presa barne. / MICHELENA

Domingo Roteta Gurmendi, bere seme Ignazio oso txikia zela, Oiartzuna etorri zen bizi izatera XIX. mendearen erdialdera, etxeko guztiak hartuta. Horrenbeste arbaso errotari edukita, logikoa dirudi Yurritako familiak errota zutik eduki nahi izatea, ezta?

Errota bera askoz lehenagokoa da, hala ere. Lehenbiziko datu idatzia 1499koa da. Oiartzungo Udaleko 'Libro de estimaciones fiscales' delakoan ageri da. «Baina adituek pentsatzen dute zazpiehun urtekoa ere izan litekeela», dio Alex Rotetak.

1614an, Juan de Yurrita azaltzen da leinuko buru. Geroxeago, Yurritatarrak indarra galtzen hasten dira eta Zuaznabartarrak egiten dira errotaren jabe. Eta XIX. mende erdialdera, Zavalatar bat ezkontzen da Zuaznabartar batekin eta, handik aurrera Zavala (nagusiak) eta Roteta (maizterrak) dira erreferentziazko abizenak.

Hasieran esan duguna: badira zenbait instituzio eta elkarte Yurritako presa bota nahi dutenak, arrainek ibaian gora egin dezaten oztopo delako. Baina Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila ez dago horretarako prest: orain hiru urte Monumentu izendatu zuen errota bere osotasunean, balio handikoa delakoan, eta presa hori ere arkitektura-lan baliotsutzat jotzen duelako. Eta arrainak? Alexen hitzak: «Arraiak pasatzeko bide bat eraiki behar dugu eta ahal dugun guztia egiten ari gara konponbide bat lortu ahal izateko. Zailtasunak handiak dira, baina gure borondatea irmoa da denen gustoko irtenbide bat aurkitzeko».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos