Errobiko Festibala, parekorik ez duen jaialdia

2015eko argazkian, Beñat Achiary Errobiko Festibaleko emanaldi batean.
2015eko argazkian, Beñat Achiary Errobiko Festibaleko emanaldi batean. / J.D. Chopin

Hilaren 20etik 23ra egingo da jaialdi guztiz berezi horren 22. edizioa Lapurdiko Itsasun

MIREN IMAZ

Udako kultur eta aisialdi eskaintzan, denetariko jaialdiak dira nagusi. Zenbat eta jendetsuago, orduan eta arrakastatsuago... Eta horrek antolatzaileak egitarau gehienak berdintzera badaramatza, gaitz erdi Euskal Herrian, jaialdi handien arteko lehia gehiago da, dena den, Hegoaldeko kontua Iparraldekoa baino. Ipar Euskal Herrian badira aspalditik formatu txikiagoko jaialdi bereziak, diru-zorroa eramaten den poltsikoaren parean bihotza dutenak. Eragile-antolatzaile-sustatzaileei dagokienez, kulturarekin zerikusi txikia duten arloak ordezkatzen dituzten marka edo enpresa handiak izan beharrean, kultura maite duten kolektibo txiki eta konprometituak egon ohi dira gehienetan jaialdi horien atzean, eta hutsaren truke lan egiteko prest dagoen jende mordoa.

2017ko uda ez da ondo hasi hilabete askotako lana bizpahiru egunetara bideratzen duten Ipar Euskal Herriko kultur eragileentzat. Jakina denez, bertan behera utzi behar izan zuten ekainaren amaieran Lekornen egitekoa zen Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 21. edizioa, iragarrita zegoen eguraldi txarraren kontura. Horren ondorioz EHZ antolatzen duen taldeak pairatu dituen kalteak arintzeko, sekulako elkartasun-oldea zabaldu da Euskal…

Lau egun Itsasun

22 edizio betetzeko prest dago, berriz,, Lapurdiko Itsasu herrian egiten dena. Ostegunetik igandera bitartean, uztailaren 20tik 23ra, egingo da aurtengoa, gai nagusitzat tradizioa harturik eta, ohi duenez, munduko zenbait bazterretako musikak bestelako jarduera osagarri ugarirekin uztartuz.

1996an Beñat Achiaryk, haren emazteak eta bikotearen zenbait lagunek Ezkandrai elkartearen bitartez sortua, hasieratik izan du jaialdiak xede euskal kultura harremanetan jartzea beste kultura batzuekin, elkarrekin gauza berriak sortzeko. Errobiko Festibala, alegia, ez da entzule eta ikusle pasiboak nahi dituen jaialdia, sorkuntzarako gune zabal bat baizik. Gaur egun, jaialdiak zenbait eragile publiko (Kontseilu Orokorra, Herrialde Akitania Berria Kontseilua,Itsasu eta Kanboko udalak, Euskal Kultur Erakundea, Mikel Laboa Katedra) eta pribaturen sostengua du, eta jatorrizko ezaugarriei eusten die. Hala, gauetako emanaldi nagusiez gain tailerrak, hitzaldiak, topaketak, ibilaldiak edota erakusketak daude. Baita gauero egiten den dantzaldi handi bat ere, sortzearekin batera partekatzea baita festibalaren ezaugarri nagusia.

Horrenbestez, egitaraua zabala da, web gunean kontsultatzeko hobea laburbiltzen saiatzeko baino. Bide batez, sarrerak ere bertan eros daitezke, ekitaldi asko debaldekoak badira ere emanaldi nagusietarako sarrera ordaindu behar baita. Bada egun guztietarako pase bat, internet bidez erosiz gero prezio oso onean ateratzen dena.

Egitarau erakargarria

Festibala, esan bezala, uztailaren 20an hasiko da, ostegunarekin. Irekiera ekitaldia Itsasuko Sanoki aretoan egingo da, 19:00etan. Gaueko saioak, berriz, Atharri izeneko parajeanegin ohi dira, herriko gune nagusitik pixka bat aparte.

Gune horretan, uztailaren 20ko 21:30ean, 'Eguzkia agertzen da, Ekialdean' irekierako ikuskizunak Mizel Théreten dantza, Beñat Achiaryren kantuan eta Jesus Aureden akordeoia bilduko ditu, eta ondoren iritsiko da 'Barkatu Bartok' esperientzia guztiz bitxia, zeinetan Chris Martineau eta Denise Laborde musikari eta kantariek, beste bost musikari lagun dituztela, uztartu dituzten Bela Bartok konpositore hungariarraren duoak, herri tradiziotik hartuak edo horretan inspiratuak, beste herrialde batzuetako kantekin, Euskal Herrikoak barne. Lehen eguneko saioa amaituko da Irango jazzarekin, Benjamin Moussay (piano) eta Keyvan Chemiraniren (tombak) eskutik. Eta ondoren, jakina, aurreneko Batouto dantzaldia.

Uztailaren 21ean, ostiralarekin, goizeko 10:00etan abiatuko da egitaraua Elizaldian, 'Hizkuntzen bizia, euskalkiak eta haien bizitasuna…' solasaldi-ikusgarriarekin. Kafe Zabalik delakoa ere ostiralean zabalduko da (14:00), eta egun horretan (15:00etan) egingo da familiei zuzendutako 'Oihanetan Ibil Gaiten' lehen ibilaldia. Arratsaldea ere musikaz beteta dator, askotan ez delarik egitaraurik behar horretarako, ez baita arraroa artistak elkartzea eta inprobisatzen hastea… Brasilgo dantza eta musikek ere izango dute protagonismoa Festibalaren aurreneko egun osoan.

Atharrin, 21:30ean , migrazioen bueltako gaua hasiko da.'Xorien ihesa' ikuskizunak irekiko du gaueko saioa, Mizel Théretek bost dantzariretzat prestatu duen dantzak. Eta ondoren etorriko da 2017ko edizioko ikuskizun nagusietako bat, Ablaye Cissoko musikari senegaldarra eta Ensemble Constantinople-ren arteko 'Baratze migratzaileak'. "Topaketa inedito eta poetikoa ahots eta soken artean, Mandinge erresumako epopeietatik persiako gorteetako musiketara… Edertasun apal handiko musika, argi musulmanez jantzitako kaligrafia zaharren antzekoa. Senegalgo griot malike eta Constantinoplako osotasunetik… topaketen espazio kartsu bat sortzen da, non doinuak, kantuak eta dantzak jalgitzen diren…!", egitarauaren arabera. Eta, noski, erritmo guztiak batere konplexurik gabe nahasten dituen dantzaldia ondoren.

Larunbatean, uztailaren 22an, aurrekoaren bidetik joango da eguna egitarauari dagokionez, 18:00etan Ekialde Hurbileko musika eta kantuen bidez 'Rojavako larrosei', emakumezko kurdu gudariei alegia, omenaldia eskainiko zaielarik. Kongoko dantzek eta perkusioak izango dute protagonismoa 19:00etan, eta gaueko saioan, 21:30ean Atharrin, 'Bidaiaren kantua' ardatz hartuta, Euskal Herriak eta Mazedoniak egingo dute bat. Entzun ahal izango da Julen Achiaryren proiektu berria, 'Haratago', non Zuberoan betidanik 'a capella' kantatu izan diren 'basa ahaideak' "haratago eramaiten ditu, orkestrazio berri baten bidez, baina betiko, ohizko, ispiritua atxikiz".

Mazedoniatik, berriz, Koçani Orkestar banda tziganoa dator, fanfarria zabal bat, mugaz gaindiko herri bati dagokion moduan erritmo turkiarrak, bulgariarrak eta ekialdeko beste herrialde batzuetakoak nahasten dituena. Aurkezpenetik hartutako “eroaldi distiratsua deprimituen armada bati ere animoak emango lizkiokena” esaldiak ondo laburbiltzen du bandaren izaera…

Azken eguna, igandea, lasaiagoa da. Uztailaren 23ko ekitaldi nagusia, hain zuzen, Arranomendiko ibilaldi poetikoa da. Hitzordua, 10:00etan, “Itsasuko haurtzaindegian mendian ibiltzeko ongi prestaturik”. Jatekoa eta edatekoa norberak eraman behar du, baina musika, kantua eta olerkiak berez sortuko dira Itsasu inguruko paraje ederretan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos