Erregina eta uhandrea

m/A. A.
m / A. A.

Christian Andersenen ipuineko uhandre tristatua izan da orain arte Copenhagueko portuko erregina bakarra. Beste bat iritsi da berriki. 'Sutearen Erregina' esaten diote, eta joandako garaietan kementsu egin zion uko mirabe izateari. Mary Thomas zuen, du, izena

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Inork gutxik ezaguturiko historiaren pasarte bat islatzen du Jeannette Ehlers eta La Vauhgn Belle artistek 3Deko teknologia erabiliz egindako estatua itxura indartsukoak. Ez bakarrik guk. Isak Dinesen idazlearen eta Aki Kaurismaki zinemagilearen herrikideek ere ez zekiten (bederen, ez zuten oso gogoan) Danimarka inperio koloniala izan zela. Txikia, baina koloniala. 1917an saldu zizkion Estatu Batuei Kariben 200 urtez menpeko izan zituen irlak. 25 milioi dolar urre truke.

Baina ez jakiteak, gogoan ez izateak, ez du esan nahi inperio hori eta kolonia haiek existitu ez zirenik. Santa Cruz, Santo Tomás eta San Juan zuten, dute, izena. Gaurko mapa guztietan Uharte Birjina Estatubatuarrak deitzen dituzte. Iraganeko egun haietan Danimarkak irla emankor horien aberastasun naturalak hartu eta Europara ekarri zituen. Ingalaterrak, Espainiak, Frantziak, Belgikak, Holandak eta besteek egiten zuten legez.

Aberastasun natural haien guztien artean estimatuena, preziatuena, azukre-kanabera zen. Irla horiek menpe zituen inperio txiki haren altxorra, ekonomiaren motorra. Nork bildua soroetan, zelaietan? Esklaboek. Nork bestela?

Egia, esklabotasunaz hizketan gaudela, inork ez du pentsatzen Danimarkaz. Baina Dreyer zinemagilearen eta Kierkegaard filosofoaren aberria inperio esklabista txikia izan zen. 200 urtez, 1848ko uztailaren 3an Peter Scholten gobernadoreak esklabotasuna deuseztatzeko agiria sinatu arte.

Hala ere, sinadura hark ezer gutxirako balio izan zuen. Emandako hitza jan egin zuten jauntxoek. Iada ez ziren, ez, esklabo bertako laborariak. Artean, libre ere ez. 30 urte luzez, beltzen egoera larria izan zen oso. Menpekoak ziren. Morroi gisa egiten zuten lan. Baldintza ikaragarritan bizi ziren.

1878ko urriaren batean matxinadarako deia zabaldu zen lau haizetara Santa Cruzen. Emakumeek egin zuten orro. Emakumeek egin zuten borroka. Emakumeek suntsitu zuten Frederikstedt hiria. Emakumeek erre zituzten hainbat eta hainbat plantazio.

Emakumeen kontra jo zuen bortitz armadak. Emakumeak atxilotu zituzten soldaduek. Ezagutzen al ditugu izenak? Bai: Mary Thomas, Axeline Elizabeth Salomon, Matilde McBean, Susanna Abrahamsson. Laurak eraman zituzten Danimarkara. Itsasontzi bateko bodegan kateaturik. Copenhaguen izan zen kupidarik gabeko epaiketa. Betiko kartzela-zigorra erabaki zuten epaileek. Denak ziren zuri. Denak daniar. Denak jauntxo. Denak gizon.

Karibeko irla horietan egun, atzo bezala, ondratu egiten dute eme horien izena. Gurtu beren oroipena. Baina Copenhaguen inon ez zen islatzen euren borroka, euren sakrifizioa. Euren adorea. Orainartio.

Orain, Copenhagueko portuaren historia handiko eraikuntza batean bada Mary Thomasen estatua egundokoa. Beltz beltza. Tronuan dago eserita, ezkerreko eskuan zuzia duela. Eskubian, aldiz, azukre-kanabera mozteko matxetea, hamaika erreboltako arma hilgarria.

Estatuaren oinarria bada esklabotasunaren beste ikurra: koralez da egina. Afrikatik indarrez eramandako horiek itsas hondotik ateratzen zuten nagusien etxeen zimenduak egiteko

Azpian irakur daitekeen esaldiari urguilu dario 'I am Queen Mary/ Mary Erregina nauzue'. Baina non da hiru uharte horien erregina? Andersen uhandrearen ondoan akaso? Ez, itsasotik pixka bat urrutiago. Esanguratsua arras jarri duten lekua: Mendebaldeko Indieen Biltegi zaharraren atarian. Bertan gordetzen ziren merkatari daniarrek esklaboen lan eskergari esker lortutako ondasun paregabeak.

Estatuaren egile biak emakumeak dira. Eta karibe indiarren odola dute zainetan. Bai, ni naiz, ni nauzue Queen Mary.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos