Erraldoia gogoan

Altzon ipini dituzten paneletako bat. Lehenbiziko etxe horretan egingo dute turismo-bulegoa. / F. I.

Zinemaldian ez ezik, 'Gure haundie' oso presente dago Altzon. Eta Complutenseko antropologo bat liburua prestatzen ari da

FELIX IBARGUTXI

Zinemaldian Aitor Arregi eta Jon Garañoren 'Handia' filma sail ofizialean lehiatzen da, eta zine-aretoetara urriaren 20an iritsiko da. Filmak berpiztu egin digu erdi ahaztua geneukan Migel Joakin Eleizegi, 'Altzoko Erraldoia' (1818-1861). Altzon, ordea, ondo gogoan eduki dute beti, eta iaz ekimen ederra gauzatu zuten: panel batzuk ipini zituzten herriko zenbait tokitan, Erraldoiarekin zerikusia daukaten tokietan. Testuak Koldo Izagirrek prestatu zituen, eta diseinu eta irudiez Juanba Berasategi zena arduratu zen. Aurtengo apirilean hildako marrazkilariaren azken lanetako bat izan zen.

Koldo Izagirrek ikerketa-lana egin zuen paneletako testuei ekin aurretik. Informazio asko dakarte. Migel Joakini 'gure haundie' esaten zaio panel horietan, modu goxoan; herrian esaten zioten moduan.

Izagirrek, testu horietan, literatura egin nahi izan du. Erraldoiaren ahotan ipintzen ditu hitzak. Hona hemen panel horietako pasarte bat: «Migel Joakin -esaten zidan erretoreak-, gurutzera, Kristo bezala! Nik gure Salbatore elizaren aurrealdean besoak luzatu, hark markak egin. Gero marratxoz betea zeukan makilarekin neurtzen zuen batetik besterakoa. Oraindik ere hortxe daude markak harrian. Irudituko zaizu luzerakoa behe samar ez ote dagoen. Egizu kontu lurra beherago zegoela nire garaian. Eta nik lurrerainoko hankak behar nituela esan izan zidan beti Legarreko Imazek, bertsolariak».

Altzon dauden paneletan, Erraldoiaren ahotan ipintzen ditu hitzak Koldo IzagirrekMigel Joakinen lehenengo aipamen idatzia Iztuetak egin zuen, hura bizi zela

Eta beste panel batean honela mintzo da Migel Joakin: «Elizaren ondoko harmailak igota dagoen hilerrian lurperatu ninduten ni. Orain ez nago. Galdu nituen handikeriak, galdu nituen mamiak eta galdu nituen eskuak eta nire puska denak. Lapurtu egin ninduten, eta ez dakit non nagoen».

Hor aipatzen diren eliza -Salbatore- eta hilerria Altzo Azpikoak dira. Herri honek bi gune izan ditu historikoki, Altzo Muño eta Altzo Azpi, eta 'gure haundie' beheko gunean jaio zen, Ipintza baserrian. Salbatoreko eliza famatua da, bestalde, berari lotutako dokumentu batean aipatzen delako lehenbiziko aldiz 'Gipuzkoa' hitza; zehazkiago esanda, 'Ipuzcoa'. Salbatoreko eliza itxita dago orain; duela bi urte utzi zioten bertan mezak emateari, eta orain Altzo Muñoko elizan egiten dira elizkizun guztiak.

Asmo handi bat esku artean

Ezagutzen den Altzoko dokumentu zaharrena, Gipuzkoako zaharrena da aldi berean; Antso Handia Nafarroako erregearen garaikoa da. 1025. urtean Don Gartzia Azenarez nafarrak eta bere emazteak, Donna Gaila altzotarrak, «Olazabal monasterioa deiturikoa eta bere ondasunak haralarretik [Nafarroako muga] haya eta helcannorainoakoak [Gipuzkoako kostaldea]» zirenak San Juan de la Peña Aragoiko monasterioari eman zizkioten. Dohaintza hau Donna Belasquita Gartzesek, aipatutako Don Gartzia eta Donna Gailaren alabak, bermatu zuen 1056an emandako beste agiri batean. Bertan dohaintza oraindik argiago adierazten da, eta parrokiari 'San Salvador de Ipuzcoa' esaten zaio.

Baina aspaldiko kontuak alde batera utzita, gatozen berriro Altzon ipini dituzten panel horietara. Koldo Izagirrek poesia-ttantta batzuekin zipriztindu ditu. Paneletako batean hau irakur daiteke: «Altzok eskola txikia dauka, baina leiho handikoa». Beste batean: «Han Altzo Azpi, hemen Altzo Muño, hor Altzomendi. Apaltasuna ikasten dugu». Eta hirugarrengo batean: «1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, Altzo bete madari!»

Udalak asmo handi bat darabil esku artean. Garai batean herriko taberna zen eraikina erosi du -nagusiek erretiroa hartu baitzuten- eta turismo-bulegoa ipiniko du bertan. Joseba Elduaien alkateak adierazi duenez, datorren hilean hasiko dira eraikina egokitzeko lanak. Asmoa da, bisitariak hartzeko bulegoa ez ezik, taberna eta bertako produktuak saltzeko denda ere ipintzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak 220.000 euroko diru-laguntza eman du eta Udalak urte hasieran nahi du zabaldu eraikin berria.

Bi testamentu

Migel Joakin 1861ean hil zen, bi testamentu agindu eta gero. Eta biak Gipuzkoako Artxibo Orokorrean daude gordeta, Tolosako eraikin eder horretan.

Lehenbiziko testamentua 1853an agindu zuen. Bigarrena, 1861ean, azaroaren 7an. Orduan oso gaixorik zegoen, eta idazkeran ondo asko antzematen zaio larritasuna eta ahuldadea. Handik egun gutxira, azaroaren 20an, hil zen.

Testamentu batetik bestera aldaketak daude. Erakusten dute Migel Joakin zentzuzko gizona zela; gizon argia, hitz batean esanda. Bigarren testamentuan 500 meza agintzen ditu bere arimaren alde, bakoitza zortzi errealekoa.

Testamentuok sakon aztertu ditu Complutense Unibertsitateko Luis Ángel Sánchez Gómezek. Liburua publikatu nahi du, izenburu hau izango duena: 'El Gigante de Altzo. Una anatomía mítica en la Europa del siglo XIX'. Nolatan izenburu hori? Honela erantzun dit: «Gizon horren gorpuzkera ahaztezina izan zen; Europa osoan, gainera. Gogoratu zuten hemeretzigarren mendean, eta baita hogeigarrenean ere».

Migel Joakinen lehenengo aipamen idatzia, euskaraz, Juan Ignazio Iztuetak egin zuen 1847ko bere 'Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo Historia' liburuan. Artean Erraldoia bizirik zegoen. Hona aldatuko dut pasarte horren hasiera: «Alzo-azpico Erriak ere badu seme bat emen ezarrico ditudan-en aldetik ezpadere chit oroitgarria berez dituen doaiacgaitic; seme au da Joaquin de Eleicegui, ceña jaio zan milla zortzi eun, emeretzi-garren urteko uztaillaren amargarren egunean; eta gaurco egunean lucetasunean da zazpi oñ eta zortzi onza; eta pisuan dauca amabost arroba. Ibilli da Españaco, Portugalco eta Franciaco Erresuma osoetan, eta ez du arquitu bat bacarric alderatzecoric ez ezic galtzarbeaz gora igarotzen zaionic ere; argatic leguez ta bidez ifini diote 'Erraldoi Euscalduna' icengaña».

Horko bi gauzak eman didate atentzioa: Iztuetak 'erraldoi' hitza darabil; beraz, hitz horrek badu bere tradizioa. Eta bestea: Iztuetak gaizki ipintzen du jaiotze-urtea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos