Lur emankorra

2003an egin zen J3 aztarnategiko indusketa. Erdian, guztiz makurtu gabe, Alvaro Arrizabalaga zuzendaria ageri da./ARANZADI
2003an egin zen J3 aztarnategiko indusketa. Erdian, guztiz makurtu gabe, Alvaro Arrizabalaga zuzendaria ageri da. / ARANZADI

Ehun bat aztarnategi arkeologiko daude Jaizkibelen. Euskal Herriko giza ehorzketa zaharrena ere hor agertu da, J3 delakoa

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Aurreko astean, J3 izeneko aztarnategi oso garrantzitsu baten berri izan genuen. Jaizkibelgo toki horretan, itsaso aldera ematen duen harkaitz baten azpiko aterpe moduko batean, hortxe aurkitu zuten Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena.

Duela 8.300 urteko gizon baten hilobia izan zen toki hori. Garai hartako gizakiek lapa asko jaten zuten, lapa haien oskolak pilatuz eta pilatuz joan ziren; eta, hildakoa lapa artean hobiratu zutenez, gaur arte iraun dute hezurrek. Izan ere, oskolek lurraren azidotasuna neutralizatu zuten. Gorpua handik metro batera sartu izan balute, lur azpian, gaur ez zen arrastorik izango.

Hondarribiko Udalak eta Aranzadik erakusketa ipini zuten herri horretan [igande hau, otsailak 25, da hura bisitatzeko azken eguna]. Jende askok orain izan dugu zorioneko J3 horren berri, baina indusketa 2003an egin zen eta handik laster zenbait artikulu publikatu ziren, gainera.

Juan San Martin euskaltzainari (1922-2005) zor diogu aurkikuntza. Aspalditik bizi zen Hondarribian eta, arkeologiaren zale izanik, Jaizkibel goitik behera miatzeari ekin zion 1985. urte aldera, bai baitzekien bazter haiek asko eman zezaketela. Halako batean, J3 horretatik pasatu zen, eta lapak ikusita Aranzadira azaldu zen berri ematera. 2003an indusketa egin zenean, San Martin bertan zen, begira. Harrotasuna sentituko zuen. Handik bi urtera hil zen.

Jakina denez, Paleolito garaiko izotzaldietan gizakiak nomadak ziren. Europatik penintsulara pasa nahi bazuten, zona samurrena aukeratuko zuten, eta bi aukera zituzten: Bidasoa aldea eta Kataluniako kostaldea. Igualeko lana, Pirinioak zeharkatu edo Txingudi aldean ibili.

Jaizkibel alde hau oso-oso aberatsa da alderdi arkeologikotik. Ehun bat tokitan agertu dira arrastoak, J3-ko aztarnategian. Hala dio Alvaro Arrizabalagak, bertan lanean jardun duen arkeologoak. Gizon honek 1994an artikulua publikatu zuen Aranzadi zientzia-elkartearen 'Munibe' aldizkarian, izenburu honen pean: 'Hallazgo de un bifaz y otros restos líticos en el monte Jaizkibel (Hondarribia)'.

Suharrizko aurpegibiko eder hura eta gainontzeko harrizko piezak Muster aldikotzat jo zituen Arrizabalagak. Beraz, oso litekeena da 200.000 urtetik gorakoak izatea. Hortaz, urte asko dira gizakia Jaizkibelen ibiltzen hasi zela.

Hara nola azaldu ziren Muster garaiko aztarnok: 1992ko urriaren 1ean, Jesus Altuna eta Alvaro Arrizabalaga lanean ari zirela Aitzbitarteko kobazuloetako batean, Jose Luis Caso irundarra azaldu zen, eskuan landutako aurpegibiko hori zeramala. Pieza oso polita zen, gizaki treberen batek egina, hamar zentimetro luze, zortzi zabal.

Caso eta Altuna aurrez telefonoz hitz eginak ziren. Horregatik azaldu zen Irungo gizon hori Errenteriako kobazulora. Altunak Arrizabalagaren esku utzi zuen piezaren ikerketa-lana.

Txakurrarekin paseoan ari zela ikusi omen zuen harria Casok. Sasiak zeuden alde batera egin zuen txakurrak, Caso haren atzetik joan eta orduan altxorra topatu. Azalean zegoen. Aldi baterako utzi zuen harria Aranzadikoen esku; gero itzuli egin zitzaion.

Azken urteotan ere izan dira aurkikuntzak, eta Aranzadik ez du berri zehatzik ematen, babestearren. Aztarnategi aspaldikoenak itsasotik 34-44 metroko altueran topatu dituzte, Jose Luis Casoren aurkikuntzaren altuera berean. Arrazoia jakinekoa da: orain dela 200.000 urte, itsasoa askoz gorago zegoen. Antigoaleko aztarnok agertu diren tokiak hondartza fosiltzat hartu behar ditugu.

Madalen aldiko aztarnategiak ere badaude Jaizkibelen. Horietako baten berri zabala Aranzadiko Jose Mª Merinok eman zuen, 1986ko 'Munibe9 aldizkarian. Hain zuzen ere, Higer lurmuturreko itsasargi ondoko aztarnategia. Milatik gora suharri bildu zituzten bertan, %7 (106 ale) landuak. Erabat txikituta dago aztarnategia, bertan eraikin bat baino gehiago egin direlako. Beraz, duela 15.000 urte ere giza mugimendu handia zegoen bazter horietan.

Eta orain dela 3.000 edo 5.000 urte ere berebiziko bizitza zegoen Jaizkibelen. Luis del Barrio arkeologoak esan digunez, orain arte zortzi cromlech eta sei trikuharri topatu dira, «eta horko paradore probintziala egin zutenean cromlech eta trikuharri bana txikitu zituzten. 1950eko hamarkadan egin zuten eraikuntza hura, gero erre egin zen eta azkenean eraitsi egin zuten.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos