Elkarlana estutuko dute Donostia Kulturak eta EKEk

Pantxoa Etxegoin eta Jon Insausti./ARIZMENDI
Pantxoa Etxegoin eta Jon Insausti. / ARIZMENDI

Hitzarmena sinatu dute, euskarazko sorkuntza bultzatzeko eta Iparraldeko obrak Donostialdean hedatzeko helburuarekin

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

Donostia Kulturak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) elkarlanerako hitzarmena sinatu berri dute. Iparraldeko euskarazko kultur eskaintzaren ezagutza handitzea, eta hura Donostiako programazioan integratzea du helburu nagusi. Bi erakundeek 2010ean sinatu zuten lehen aldiz mugaz gaindiko hitzarmen hau, eta orain datozen hiru urteetarako jarraipena eman diote, aurretik ezarritako harremana sakondu eta egonkortzeko xedearekin.

Elkarlan eremu honen barruan burutuko diren ekimen guztiak 'Donostia Iparraldea' izenpean egingo dira, haientzako ziklo berezirik sortu gabe, eta Donostialdean sortzen diren artistak Iparraldean aritzea ere badu helburuetako bat. Lankidetza honen lehen ardatza, Jon Insausti Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "eragileek elkarren berri izatea eta lan egiteko modu ezberdinak partekatzea" da. Era berean, elkarri kultur eskaintza eta programazioari buruzko informazioa trukatuko diote.

Ahalegin handiena hedaketan egiten bada ere, 2018-2020 tarte honetan "sorkuntza lehenetsi nahi dugu", EKEko zuzendariak, Pantxoa Etxegoinek, dioenez. Lan ildo berri horren emaitza da 'Cyrano' antzezlana, bi eragileen lankidetzari esker osatutakoa. Hecho en Casa konpainiaren eta Hervé Estébeteguy zuzendariaren eskutik iritsiko da otsailaren 16an Lugaritz kultur etxera, baina estreinaldia bera baino gehiago, "lan prozesua da obra honen balioa", gehitu du Insaustik.

Lehenik, Lugaritzen bertan hiru aktore hautatu ziren, bi donostiar eta Iparraldeko bat, eta ondoren Iparraldeko hainbat egituretan lana prestatzeko egonaldiak eta entseguak egin dira. Lugaritzen ere ibili dira astebetez, antzezlanari azken ukituak emateko. Frantzian eta Suitzan arrakasta izan du –250 emanalditik gora eskaini ditu konpainiak 2014tik , eta orain euskaratu egin dute familia osoarentzako den obra hau. "Cyrano' ez da soilik haurrentzako, helduek ere plazer handia hartzen dute antzezlan honekin", nabarmentzen du Estébeteguy zuzendariak. Ostiralekoa pase itxia izango da, baina larunbatean emanaldi irekia eskainiko dute Lugaritz kultur etxean bertan, 18:30ean.

Proiektu berrien bila

Hitzarmen honek beste proiektu batzuk hartuko ditu bere gain, hala nola WikiLiburutegiak ekimena. Honen baitan, liburuzainak editore bihurtzen dira, eta euskal idazle eta literaturaren inguruko artikuluak sortu, hobetu eta gaurkotzen dituzte Wikipedian. Aurten, proiektua Donostiako eta Iparraldeko liburuzainen artean orokortzeko asmoa dago; formakuntza saioak eskaini dira, eta udazkenerako proiektu komun baten gaineko topaketa bat aurreikusten dute.

2016an EKEk sortutako Kimu programari ere jarraipena emango diote, eta, horretarako, Iparraldeko eta Hegoaldeko lau artista aukeratu dituzte haiei ikastaro eta jaialdietara joateko aukera eskaintzeko. Helburua ume eta gazteei zuzendutako euskarazko antzerki, dantza, zirku eta txotxongilo emanaldien sorkuntza sustatzea da. Asier Zabaleta, Oihane Enbeita, Arantxa Hirigoyen eta Barbara Rivas dira 2018an hautatutako profesionalak.

Azkenik, Xabier Erkiziak sorkuntza lan berri bat egingo du 2018an zehar, 2017an Leire Canok Idazlezainak proiektuaren barruan eginikoari erabilera eta jarraipena emanez. Emaitza Literaktum jaialdiaren bueltan eta Iparraldean emango da ezagutzera, udazkenean.

Ekimen hauez gain beste asko ere egongo direla azpimarratu du Etxegoinek, izan ere, hiru urtez iraungo duen hitzarmena da sinatutakoa. Donostia Kulturak eta EKEk antzerako proiektuak garatzeko eta lankidetzarako eremuak aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos