«Elizak bazeukan arazo handi bat jendearen pozarekin»

Bakarne Altonaga, aste honetan Andoaingo tren-geltokiaren ondoan.
Bakarne Altonaga, aste honetan Andoaingo tren-geltokiaren ondoan. / Unanue
Bakarne Altonaga. Manuel Larramendi ikerketa sariaren irabazlea

'Euskal dantzen historia eta generoa (XVIII eta XIX. mendeak)' izenburupeko ikerketa egingo du

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXIDonostia

Bakarne Altonagaren-tzat izango da II. Manuel Larramendi ikerketa saria. 'Euskal dantzen historia eta generoa (XVIII eta XIX. mendeak)' izenburupean aurkezturiko ikerketa egitasmoa izan da epaimahaiak aukeratu duena. Bakarne Altonaga Begoña ikerlaria (1988) Filosofian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta egun Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Historia Garaikideko Sailean dihardu doktoretza bideko ikerlari gisa.

Manuel Larramendi Bazkunak antolatutako ikerketa-beka da hau. Lehenbiziko edizioan Patziku Perurena izan zen garaile.

Nolatan ekin diozu ikerketa-gai honi?

–2012-14 epean 'Ikasketa feministak eta generokoak' masterra egin nuen. Ikusi nuen historia aztertzea komeni zela, jo nuen Manuel Larramendirengana eta honen testuetan emakumetasun eta gizontasunaren ikuspegi oso diferenteak agertzen ziren, oraingoekin konparatuta. Ikerketarako gaia, berriz, Manuel Larramendi Bazkunak berak proposatutakoa da. Bazkunak Ilustrazio garaiko dantzetako gatazkak aipatu zituen, eta nik pentsatu dut gaia pixka bat zabaltzea eta hemezortzigarren mendea ez ezik hemeretzigarrena ere kontuan hartzea.

Alde horretatik Larramendi bere garaiko gizona al zen? Beste batzuk baino 'aurreratuago' zebilen?

–Zaila da esatea. Gizartea bera oso desberdina zen. Oso hierarkikoa zen. Baina Larramendirengan badago gauza bat oso berezia, eta da bere gipuzkoartasun hain azpimarragarri hori. Gipuzkoa defendatu zuen, eta Gipuzkoako emakumeak ere bai. Horrenbesteko gipuzkoartasuna senti-tzen zuenez, azkenean Gipuzkoako emakumeak laudatu egin zituen.

Beraz, zer eratako gatazkak aztertuko dituzu?

–Zer gertatzen da dantzetan? Gizonak eta emakumeak hurbil daudela, kontaktuak daudela, ukitzeak. Elizak gogor kritikatu zituen dantzak, baina izan ziren defendatzaileak ere. Nire asmoa da hori dena genero ikuspuntutik ikertzea. Eta, bide batez, aztertzea zer motatako emakumetasunak eta gizontasunak perfilatzen diren bi mende horietan.

Elizak, beraz, gogor egiten zuen dantzaren aurka.

–Ez hori bakarrik. Jaiak ere ez zituen gogoko. Elizak bazeukan arazo handi bat jendearen gozatzearekin, pozarekin. Bizitzaren beste ikuspegi bat zeukan, ez hain festazalea. Elizak ez zuen nahi izaten, adibidez, festa-egun batzuk festa erlijiosoen egunekin kointziditzea.

Eta non aipatzen dira dantzen inguruko liskar horiek, zein testutan?

–Ez bakarrik autore jakin batzuen testuetan, baita epaitegietako agirietan ere; adibidez, azaltzen da ez dakit zer herritako zer pertsona, eskatzen duena dantzak debekatzea. Eta epaitegietako dokumentazioan ikusten da herriaren parte handi bat horrelako eskaeren aurka agertzen dela, dantza egitea oso jarduera zabaldu eta arrunta baitzen. Pentsa, horrenbeste lan egin eta gero,disfrutatzeko gogo handia izango zuten.

Garai haietan gizonezkoek errazago zuten dantza egitea emakumeek baino?

–Hori preseski ez dut ikusi. Nik ikusi dudana da garai bateko elizgizonek beldurrez zeudela, dibertsiorako espazio horrek arrisku sexuala zekarrelako. Azken batean, kontua ez da bakarrik gizonezkoak eta emakumeak elkarren ondoan egotea, baizik eta gizonezkoak gizonezkoekin daudela, emakumeak emakumeekin, eta saltoka.

Elizgizonak ez ezik, agintari zibil batzuk ere kexatuko ziren.

–Batzuetan, agintari zibilek amore ematen zuten dantzen kontrako presioen aurrean, beste batzuetan ez; nahiago izan zuten herritarren festa-gogoa babestu.

Hemezortzigarren mendetik hemeretzigarrenera pasa eta gero 'hobetu' al zen egoera?

–Hori oso zaila da jakiten. Nik susmoa daukat permisibitatea areagotu egingo zela, eta hau batez ere prentsan espero dut egiaztatzea. Baina horrek ez du esan nahi dantzen kontrakoen presioak bukatuko zirenik.

Zer autore, zer historialari aztertuko dituzu?

–Manuel Larramendi bera. Juan IgnazioIztueta, Juan Antonio Mogel bera... Eta Juan Jose Mogel ere bai, beharbada, uste dut arazo honetaz zeozer idatzi zuela. Gero, hemeretzigarren mendeko egoeraz jabetzeko, prentsa eta agiritegiak aztertuko ditut, uste dudalako giro sozialaren berri zuzena ematen dutela.

Eta sermoiak ere izango dituzu kontuan. Belen Altunak 'Euskaldun fededun' liburua plazaratu zuen, arlo hori aztertzen zuena.

–Bai, Belen Altunak oso lan garrantzitsua egin zuen. Eta emakumeari atal bat eskaini zion liburu horretan.

Zer eremu geografiko hartuko duzu kontuan?

–Ez dut muga zorrotzik aurreikusten. Araban edo Nafarroan material ona aurkituko banu, ederto! Eta interesgarria izango litzateke eskualdeen arteko ezberdintasunak ikustea.

Manuel Larramendik eta honen garaiko beste idazleek nola ikusten zuten emakumetasuna?

–Larramendiren diferentzia, beste egileekin konparatuta, da egiten duen gipuzkoartasunaren defentsa hori. Eta defentsa horren ondorioz, zenbait emakumeri gailentasuna aitortu zien, ez bakarrik beste emakumeen aldean, baita gizonezkoen aldean ere.

Zein emakume laudatu zituen horrenbeste? Katalina de Erauso, adibidez?

–Ez dakit hura aipatu zuen, baina adibidez emakume baserritarrak laudatu zituen, oso erlijiosoak zirelako eta oso sendoak zentzu bikoitzean: sendoak fisikoki eta sendoak moralki. Oso gizarte hierarkikoa zen, eta erreginak, santak eta gerlari apartak ere laudatu zituen Larramendik. Hierarkia horretan goi-goian zeuden emakume batzuk gizonezkoak baino hobeak izan zitezkeen. Dena dela, emakume goren horien defentsarekin batera misoginia topa dezakegu garai hartako autoreen testuetan.

Eta Juan Antonio Mogelez zer diozu?

– Harritu egin nau. 'Peru Abarka' genero aldetik irakurri dut eta aberasgarri izan da. Gustatzen zaizkit genero-betaurreko horiek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos