Ekin edo ez ekin, hara hor zalantza

Jon Ariza de Miguel, atzo bere liburuarekin
Jon Ariza de Miguel, atzo bere liburuarekin / Unanue

Iazko ‘Ohe hotzak’-en ostean, orain ‘Haizeari begira publikatu du Portugaleten jaio eta Herbehereetan bizi den idazleak

FELIX IBARGUTXIDonostia

Jon Ariza de Miguelek (Portugalete, 1979) bere bigarren eleberria plazaratu du, aurrekoan bezala Elkar etxearen bidez: ‘Haizeari begira’. Orain ere ekintza gutxiko istorioa idatzi du, eta protagonista nagusiak gogoeta ugari eskaintzen du.

«Iaz atera zuen lehenbiziko eleberria, ‘Ohe hotzak’. Hura emaitza bitxi, desberdin eta singularra izan zen. Bada, hau ere halakoxea da: bitxi, desberdin eta singularra», adierazi du Elkar etxeko Xabier Mendiguren editoreak.

Kokalekua ez dago oso zehaztua, baina Europa zaharreko uharte txiki bat dirudi. Protagonista hotel zahar eta txiki batera heltzen da, zenbait egun pasatu nahian aspaldi ikusi gabeko anaiarekin. Leihotik begiratu, eta emakume baten errainua ikusi uste du pareko eraikuntzan, gortinen atzean. Jakin-mina pizten zaio, ikusmin hori irrika bihurtzen zaio, ia-ia obsesio, eta denbora igarotzen du leiho ondoan, aurreko andre hori noiz ikusiko, harekin ezaupidea nola lortuko.

Ekin edo ez ekin, dilema hori da eleberri honetako gai nagusia. Protagonista nagusiari zalantzak sortzen zaizkio, emakume horrengana jo eta ezagutu behar duen edo ez. «Ekintzaren eta kontenplazioaren arteko dilema horrek erdiz erdi harrapatua du izenik gabeko protagonista: irudimenean josten dituen solas biziak ezin ditu tratubide bihurtu, irakurtzen dituen liburuak ez dauka gero norekin komentatu, bizitzaren zentzu estetiko sakonak pasibotasunera bultzatzen du…», agertu du editoreak.

«Aurreko nobela bezala, hau ere iduneko bat da. Lehengo hartan banituen lehendik perla batzuk -gertaera batzuk- eta haiek hari batean sartzea izan zen lana. Oraingoan, berriz, lehendik neukana haria zen, eta gertaera batzuk pentsatzea izan da ondorengo lana», adierazi du idazleak kazetarien aurreko aurkezpenean.

Portugaleten jaio eta Bilbon hazitakoa da Jon Ariza. Ingeniari-ikasketak egina, orain Herbehereetan bizi da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos