Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Anjel Ituarte, Markos Untzeta, Giovanni Zanon eta Iñaki Belaustegi, aste honetan Donostian IÑIGO SANCHEZ
«Eibarko fabrika-izenak agertzen direnn kantu hori aitari egindako oparia da»

«Eibarko fabrika-izenak agertzen direnn kantu hori aitari egindako oparia da»

Beste disko bat atera du, bosgarrena. Letretan sarri ageri dira txikitako kontuak, baina ez omen da disko nostalgikoa

Félix Ibargutxi

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 26 de mayo 2018, 11:39

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Markos Untzetak (Eibar, 1970) bere bosgarren diskoa plazaratu du aste honetan. Duela lau urteko 'Seinaleak' haren aldean, disko honek berritasun handi bat dakar: hura bakarka egin zuen, beste hau azken urteotako bandarekin, Esku Hutsik izeneko taldearekin. Baina lehengo lepotik burua Markosek: etiketaren bat ipintzekotan, rock amerikarra ipiniko diogu.

- Aurreko diskotik hona badago aldaketa nabarmen bat: taldea. Nola sortu da talde hori?

- 'Misissippì' diskoa grabatu genuenean, 2011n hasi zen kontua. Bilbon grabatu nuen bertako musikari batzuekin. Ondarroan bizi nintzenez, hara joatea, entseguetarako eta, oso nekeza egiten zitzaidan. Halaxe, musikari taldeaz aldatzea erabaki nuen eta Ondarroa aldean hasi nintzen bila. Zer gertatzen zen?: Bilbo aldean musikari asko zeudela neure estilokoak, rock amerikarraren estilokoak, eta banekien Ondarroan zailago izango nuela horrelakoak topatzea.

- Lehenbizi nor topatu zenuen?

- Anjel Ituarte, baxua jotzen duena. Ondarroakoa bertakoa. Gure lehenengo asmoa zen bikote akustiko moduan hastea. Baina segituan ikusi genuen bateria ere komeni zela, erritmoa sartzeko, eta Iñaki Belaustegi batu zitzaigun; mutrikuarra. Horrela, hirukote akustiko moduan lan egiteko moduan geunden, baina aurrerago ikusi genuen Zumaian bizi den Giovanni Zanon-ekin kontatzeko aukera, eta azkenean laukotea osatu genuen. Behin lagun horiek nire errejistrora, nire gustuetara ekarrita, erabaki nuen formatu akustikoa utzi eta elektrikoari ekitea: bateria, baxua eta bi gitarra elektriko.

«Disko bakoitzean prozesua zerotik hasten da. Ez da egoera erraza, baina ohitu naiz»

- Biltzeko tokia Mutrikun daukazue: MRK (Mutrikuko Rock Kolektiboa). Herri horrek nortasun musikal handia omen dauka.

- Mutrikuk giro rockanrolero oso bizia eduki izan du, eta orain ere badauka. Udalak ere laguntzen du. Ni MRK-n sartu nintzenean, hura bazebilen. Hango entsegu-gelak oso ondo daude antolatuta eta bertan entseatzen dugu, bai.

- Aurkezpenean esan zenuenez, zuretzat diskoak egitea hutsetik hastera bezalakoa izan ohi da. Beti aldapa gora.

- Hola da. Lehenengo diskoa egin nuenean baneukan neure itxaropena, hura oinarri bat izango zela, hurrengo urratsa errazago egiteko, baina disko bakoitzean prozesua zerotik hasten da. Ez da egoera erraza, baina ez dut modurik ikusten arazo hori ekiditeko, baldintzak hobetzeko; ohitu naiz, asumituta daukat.

- Disko honetako zenbait letratan haurtzaroaz mintzo zara. Eibarren pasa zenuen haurtzaroa, eta kantuetako batean esaten duzu nola joaten zineten hondartzara; beste batean, jaioterriko lehengo enpresa batzuen izenak aipatzen dituzu. Zenbaterainoko eibartartasuna dago diskoan?

- Fabrika-izenak agertzen diren kanta hori aitarentzat idatzi nuen, 80 urte betetzen zituela eta. Nahi nion zeozer oparitu, eta, bestetik, Eibarren gainean ere idatzi nahi nuen. Esaten duzun eibartasunaren kontu hori bitxia da, zeren nik nerabezaro guztia, eta gaztaroa, Eibartik ihes egin nahian pasa nuen. Ez nuen nahi ezertarako Eibarren bizi. Badakizu nerabe izatea zer den: galderak egiten dizkiozu zeure buruari... Ez duzu enkajatzen bizi zaren tokian eta pentsatzen duzu agian beste nonbait egongo dela toki hori. Nire lehentasuna zen zerbait eraikitzea kanpoan, eta pentsatu eta egin egin nuen, baina handik urte batzuetara.

«Karrera bukatu ostean Ingalaterrara joan nintzen. Gero Bahamasera, Bilbo, Gasteiz, Elorrio...»

- Londres aldera joan zinen, ezta?

- Bai, Londresetik gertu zegoen herri batera. Hogeita bost urte nituen. Karrera egin ostean langabezian nengoen, eta mugitu beharra neukan. Bi urte egin nituen han, eta gero beste urte bat Karibe aldean, Bahamasen. Itzuli nintzenean toki askotan ibili nintzen: Bilbo, Gasteiz... Elorrion ere bizi izan nintzen. Eta azkenean Ondarroan topatu nuen neure tokia. Baina geroago, halako batean, Eibarrera bueltatzeko halako behar bat bezala sentitu nuen, eta gaur da eguna sarri joaten naizela: aita-amak eta anaia han bizi ditut. Hamabostean behin Ipuruara joaten naiz aitarekin eta semearekin batera, eta anaia ere joaten da. Erritu familiarra da, eta ai-tzakia polita niretzat, hara joateko.

- Ogibidez irakasle zaitugu, ezta?

- Bai, gaztelaniako irakaslea naiz Ondarroako institutuan.

- Esana duzu disko argitsuago eta baikorragoa dela, aurrekoa baino. Bertako letren laburpena egin beharko banu, nik 'Tenpus fugit' esaera auketatuko nuke. Denborak nola aurrera egiten duen ikusten da zure oraingo kantuotan. Eta 'Carpe diem' esaerak ere balio lezake; alegia, bizi dezagun oraingo unea.

- Bai, hortik doa diskoa. Azalean agertzen den eguzki gorri horrekin ere zer gertatzen da? Orain ikusten duzu nola ezkutatzen ari den, baina handik minutu batzuetara kitto! BHala ere, hurrengo egunean ere izango duzu aukera, eta baliatu egin behar duzu.

- Zure kantaera ez da gogor eta indartsu horietakoa. Inoiz garrasirik egin al duzu oholtzan?

- Ez. Betidanik egin dut musika mota hau. Beti kontatu izan dudana: nik ez nuen honela amaitzeko asmorik. Musika, niretzat, ihesbide bat zen. Baina une batean ikusi nuen kantuak entzuteak ez ninduela asetzen, eta hasi nintzen gustuko nituen abestiak jo nahian, gitarrarekin.

- Zeure kabuz hasi zinen?

- Bai, gitarra erosi eta neure kabuz. Bertsio haien ondotik beste pauso bat eman nuen: neure kantuak egiten hastea, neure istorioak kontatzea.

- Esadazu zuk entzundako kontzertu zirraragarri batzuk.

- Willy DeVille ikusi nuen Getxon. Momenturik gorenean zegoen, 1994-95ean izango zen, hor nonbait. Anoetan 2000. urtean-edo Bob Dylan ikusi nuen, 'Time Out of Mind' diskoaren osteko biran. Hura ere oso berezia izan zen. Akordatzen naiz baita ere oso berezia izan zela Ruper Ordorika Mikel Laboarekin batera ikusi nuenean Donostiako Victoria Eugenian. Banekien hor baneukala euskarazko erreferente bat, ingelesezkoez gain. Baita ere gogoan daukat Elvis Costello ikusi nuen unea, Donostiako Jazzaldian, Trinitate Plazan; oso polita izan zen. Eta Bruce Springsteen; Zaragozan ikusi nuen.

- Zuk zeure gitarrarekin nolako harremana daukazu?

- Ni ez naiz oso jotzaile trebea. Erritmoa eramatea egiten dut, ez daukat erraztasunik soloak egiteko. Baina gitarra ez da izan niretzat ardura handiegia. Gehiago arduratu naiz abestiaren osotasunaz. Ez dut birtuosismorik nahi.

- 'Kantautore' hitza onartzen al duzu zeure buruarentzat?

- Hasieran ez nintzen batere eroso sentitzen deitura horren barruan, baina denboraren poderioz onartu edo egin dut. Ez naiz hain arraro sentitzen. Kantautorea zer da? Bere kantu propioak intrerpretatzen dituena, ezta? Eta hori ni banaiz.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios