Egun osoko musika jaialdia DA!

Deus Ez talde eibartarra, aurrenekoa duten diskoa zuzenean aurkezten,/FELIX MORQUECHO
Deus Ez talde eibartarra, aurrenekoa duten diskoa zuzenean aurkezten, / FELIX MORQUECHO

Ikasleen Egunean, erakustokiz erakustoki ibili ziren bisitari gazteak euren idoloen sinadurak bilduz

IDOIA DÁVILA UZKUDUNDURANGO

Atzoko eguna ez zen aurrekoa bezain hotza hasi Durangon, eta nabaritu zen, Ahotseneako karpan batez ere. Hura izaten da goizean goiz Azokako txoko hotzenetarikoa, baina, asteazkenean ez bezala, jende ugari hurbildu zen ostegunean 11:00etako lehen emanaldira.

Katez taldearen hardcore musikak eman zion hasiera bigarren egunari, eta indarrez, gainera. Hasi berriak dira musikari leitzarrak, 2016an sortu baitzuten banda. Gaztea Maketa Lehiaketan publikoaren saria irabazi ostean, euren lehen disko autoekoiztua ari dira aurkezten.

EGITARAUA

Bezperako lehen orduak ere indartsuak izan ziren musikari dagokionez. La banda del abuelok mailukadekin eman zion hasiera Durangoko Azokako musika jaialdiari, 'Rockanrola mailu bat da' diskoaren aurkezpenean. Geroztik, jarioa etengabea izan da Ahotseneako zuzenekoen karpan, 11:00etatik 20:00etara

Azokak 52 urte betetzen dituen arren, gune honek hamarkada bat besterik ez du. 2007an Zea Mayseko Aiora Renteriak inauguratu zuen sortzaileen ahotsei lekua emateko sortutako txokoa. Oraindik ere orduan esandakoa pentsatzen du Renteriak, eta guneak hasierako helburua betetzen duela uste du:" Standetan saltzen dena entzuteko aukera ematen du Ahotseneak".

Askotan entzun ahal izan da Zea Maysen musika Durangoko oholtzan, baina aurten, ordea, stand-aren atzean ari dira ospatzen euren 20. urteurrena. Konpainia onean, hala ere. Izan ere, zaleen ilara amaigabea izaten ari da taldearen postuaren aurrean, sinadura eta argazkien eske hurbiltzen baitira asko. Beste horrenbeste gertatzen ari zaie Berri Txarrakeko taldekideei; Azoka hasi zenetik ez dute ia atsedenik izan, eta jada ehunka, beharbada milaka, 'Infrasoinuak' sinatu dituzte.

Ilara luzeak

Bi taldeak parez pare daude Landako gunean, eta Goienkaleko txoko hori jendez lepo egon zen bai atzo eta bai asteazkenean ere. Gainera, ondoan dituzte Ze esatek!, En Tol Sarmiento eta Governors bezalako taldeak, eta hara iristea zaila den arren, gazte askok lortzen dute jendetza zeharkatzea eta Baga-Biga ekoiztetxeko poltsa batekin etxera itzultzea.

Hesian eta Huntza taldeek ere gaztetxo-ilara luzea izan zuten haien zain egun guztian zehar.

Atzo Ikasle Eguna izanik, gazte ugari gerturatu ziren disketxetako standetara. Bonberenea Ekintzak-ekoek, esaterako, sumatu zuten gazteen presentzia: "Pegatina eta horrelakoen bila etortzen dira, eta Glaukomarena da gehien saltzen dugun diskoa". Liberen lan berriak ere izan du tiroia, baina "helduagoentzako" da hura, eta atzo ez zuten hainbeste saldu.

Musikazuzenean elkartean, aldiz, Miren Narbaizaren lehen bakarkako diskoa ari da izaten arrakasta gehien, baina mota guztietako musika ari dira saltzen egunotan. Izan ere, autoekoizpenak dituzte stand honetan, eta mota horretako inoiz baino disko gehiago aurkeztu dira aurten Durangon: 51. Hauen guztien artean, lan gehienak tirada txikikoak izaten dira, eta halabeharrez egiten dute musikariek autoekoizpenaren hautua. Dena den, Koldo Otamendi elkarteko kide batek dioenez, "musika industria asko aldatu da, eta orain gauzak 'a la carta' egin daitezke", horregatik, geroz eta talde handi gehiagok hautatzen dute bide hau, "disketxeek ez baitute arriskurik hartu nahi".

Ikastetxeek antolatutako txangoetan bertaratu ziren ikasle asko, baina eskolako lanak egin orduko, gehienak miresten dituzten musikariengana hurbildu ziren, eta ikasleen jarioa amaigabea izan zen Landakon musikari emana dagoen gunean. Kontrapuntu bakarra Goazen! telesaileko diskoen salmentarena izan zen atzoko egunean; horiek arrakasta handiagoa izan zuten asteazkenean, gurasoekin joan ziren ume gazteagoen artean.

Gazteak sortzaile

Hasiera ekitaldian Nekane Mujikak esan bezala, Azokak «gaur hartzaile dena bihar sortzaile izatea posible egiten du». Asmo hori gauzatzeko ahaleginak ugariak izan ziren atzoko egunean zehar, tailerren bitartez.

Musika entzun eta erosi ez ezik, hura sortzeko aukera ere izan zuten gazteek. Zehazki, rap doinu eta errimak, La Basu eta Aneguriaren laguntzarekin. Biak ala biak Eskina Femenina ekimeneko kideak dira, eta haien helburuetako bat da emakumeen artean hip hop-a eta sorkuntza zabaltzea. Izan ere, eta La Basuk dioenez, bera izan da urte askoan Euskal Herriko erreferente bakarra.

'Rapeatzen' ikasteaz gain, Atxur Animazio Taldeko bi kideen eskutik animazioa ikasteko parada izan zuten ikasleek, eta baita liburu baten edizioaren nondik norakoak ezagutzeko aukera ere. Beste talde batzuk, gainera, mugikorrerako aplikazioak egiten ibili ziren, eta zirko literario tailer batean aritu ziren beste batzuk. Gaurkoan, ekintzak ugariagoak izateaz gain, askotarikoak izango dira, eta, jaieguna izanik, adin guztietako bisitarien zain dago Sormenaren Lurraldea.

Ostiraleko proposamenak

Azoka bere erdigunera helduko da, eta zortzi guneetan egitarau potoloa izango dute azokazaleentzat. Irudienean 'Handia' eta 'Errementari' film luzeak izango dira protagonistak. 11:00etan "Handia efektua: zerk mugitzen gaitu?" mahaingurua egongo da, ZineaSortzen atariak antolatuta. 18:00etan, 'Handia' filma ikusi ahal izango da, zuzendari eta aktoreez lagunduta. Sarrerak 5,50 euroan egongo dira salgai, eta Zugaza Zinemen webgunean eros daitezke aldez aurretik. 15:30ean Errementariren txanda helduko da. Lehen irudiak proiektatuko dira, making-offa erakutsiko da eta zuzendari eta aktoreekin hizketaldia egongo da.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa ospatuko da. 12:30ean Jon Garaño zinemagilea eta Katixa Agirre idazlea egongo dira berbetan, Maite Bidartek gidatuta. 18:30ean, "Bidasoako zubia" izango da landuko duten gaia, Hego eta Ipar Euskal Herriko mugak zer nolako eragina duen sormenean, oihartzunean eta abar. Parte hartzaileak Nahia Zubeldia (Lumi), Luzien Etxezaharreta (Maiatz), Jon Eiherabide (Zinegin) eta Ainara Gurrutxaga (Dejabu Panpin Laborategia) izango dira, Nora Alberbidek gidatuta.

Kabi@n Wikipedia Eguna ospatuko dute, hainbat hitzaldigaz eta Wikipedian editatzen ikasteko tailer ireki bat. Saguganbaran hiru ipuin kontaketa egongo dira (Ni neu galtzeta, Lili eta Sorgina txirulina), aurkezpenak (Arraroa, Banilo! eta Jira bueltan) eta Olgeta tailerra.

Ahotsenean, egunero legez, etenik gabeko kontzertu maratoia: Ze Esatek!, Libe, Iker Lauroba, Itziarren Semeak... Solasaldietan ere, izen handiak: Joseba Tapia, Eider Rodriguez, Tere Irastortza, Iñaki Perurena...

Szenatokian 'Omentzetik ereitera' ekitaldia ospatuko da, 20:00etatik aurrera. Bertan, Argizaiola sarien azken 25 urteetako errepasoa egingo da, eta Durangoko Azokak sortuko duen Sormen Beka aurkeztuko da. Ekitaldira joateko gonbidapena izatea beharrezkoa da.

Egunero bezala, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. 22:30ean hasiko da Audience talde gernikarraren kontzertua. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos