Ederra egin dute Yaelek eta Viviennek

Vivienne Westwood disenatzaile eta aktibista, manifestazio batean/Reuters
Vivienne Westwood disenatzaile eta aktibista, manifestazio batean / Reuters

Elkarren arteko gutxi dute Yael Adlerrek eta Vivienne Westwoodek. Bata Dermatologian doktore sona handikoa dugu. Bestea, berriz, jantzi diseinatzaile punk eta perilosoa. Edadetua. Gutxi dute komunean, baina oraingo gizakiok gehiegi garbitzen garela uste dute biek

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Gutxi garbitzen naiz esan berri du Vivienne Westwoodek punkien manerak moda ibiltokira aspaldi eraman zituen 1941ean jaiotako diseinatzaileak. Gaztea zela, Sex Pistols taldearen erritmoari jarraiki bizi zen eta estetika horrek eragin handia izan zuen bere sorkuntzan. Alderantziz gertatu zen ere. Talde punk frankok jantzi izan zuten bere arropa. Londreseko King´s Roadeko 430 zenbakian zegoen bere Sex izeneko denda Punk, Glam eta New Wave mugimenduetako tenplu bihurtu zen. Urteak joan, urteak etorri. Erreginak berak omendu zuen eta Inperioko Andre Txit Gorena izendatu. Aspaldiko moda mitoa dugu Viviennek.

Duela egun batzuk senarra duen Andrea Kronthaler diseinugilearen desfilea eta gero galdetu zioten Inperioko Andreari nolatan horren gazte iraun, zein zen bere sasoi ederraren sekretua? Erantzunak aho bete hortz utzi zituen asko: Gutxi garbitzen naiz. Astean behin dutxatzen naiz. Gehiagorik ez. Beste kontu harrigarri batzuk azaldu zituen Viviennek: komunean ur gehiegi ez gastatzeko ahaleginak egiten ditut; ez dut beti bonba botatzen, esaterako. Izerditan banaiz, talko hautsak ematen ditut besapean. Besterik ez. Ez dut jaki prozesaturik jaten. Altzari gutxi ditut etxean eta bizikletaz noa joan behar dudan lekuetara.

Arropa ere ez dut soberan garbitzen. Ez da ona. Ez arroparako ez eta ingurumenerako ere. Inori ez diot arropa pila erosteko aholkua ematen. Nik uste, sei hilabete pasa beharko genuke janzki bat ere erosi gabe. Eta erosterakoan, ondo pentsatu eta hobe aukeratu.

Bazterrak astindu ditut La Westwoodek. Kalapita egundokoa sortarazi du ¡Ez da egunero dutxatzen! ¡Ez du komunontzia urez garbitzen! Zikin halakoa!

Alta, Yael Adler bezalako dermatologoak bat datoz Viviennekin. 20 hizkuntzetan irakurgai den bere Azal kontua liburuan, elikaduran zein gure zainen zainketan eta ikerketan aditua den Yaelek zera dio: Gorputza gehiegi xabonatzen duenari kiratsa dario. Adler doktorearen esanetan, gure azalaren usainak informazio genetiko arras garrantzitsua azaltzen die besteei. Norberaren usainaren bitartez besteok jasotzen dugun informazio genetiko eta immunologiko hori ezinbestekoa da, animaliak garen heinean, gure harreman sexualetarako. Are gehiago harreman horien xedea espeziea ugaltzea bada, denean. Baina egun darabilzkigun lurrinek, kremek eta xaboiek nahastu egiten dute gure bikotea izan daiteken hori. Zein da nire kuttunaren benetako usaina? Hondoan sumatzen dudan hori edo Chanel 5 zenbaki horrena? Eta zein nahiago nire seme alaben aita/ama aukeratzeko?

Baina Yael eta beste hainbat ez dira bakarrik ugaltzeaz ari osasunaz baizik. Gure azalerako maitasun keinuak, laztanak, musuak larrua jotzea baino hoberik ez dela esan eta gero, hainbeste (soberan) zaintzen dugun azal hori bakean uzteko eskatzen digute, otoi. Gehiegi (egi) erabiltzen ditugun produktu kosmetiko guztiek azalaren benetako izaera itxuraldatzen dute. Alferrik eta etxekalte. Azalak jakin badaki zaintzen. Ederki asko gainera.

Urez soilik garbitzeko aholkua luzatzen digute adituek. Bestela azalak dituen lipidoak ezabatuko ditugula. Azalaren lehendabiziko geruza bakar bakarrik sortzeko lau egun behar ditu gorputzak. Eta guk, eskertxarreko, dutxa bakoitzean deuseztatzen dugu esfortzu/prozesu natural hori.

Aipatzen dute zientzialariek, begirunez aipatu ere, azalak berak urtebetean sortzen duen kilometro bat gantz eta gogorarazten digute sebo hori dela behar dugun krema kasik bakarra. Geure neurri eta beharretarako sortua. Ezin-ordainduzko luxua. Besterenezina. Oker gaude ba behin eta berriro xaboiaz garbitzen garenean. Okerrago agian zimurren kontrako krema ematen dugunean.

Zer da ba egokia Yaelen eta beste dermatologo askoren iritziz? Esandakoa, urez garbitzea. Xaboia erabiliz gero, izan dadila azukrezkoa, kokoarena edo natural naturala azala gutxien idortzen dutenak baitira. Erabilitako xaboiaren phak azidoa behar du izan.

Esfolianteak baztertu beharko ditugu, ziur. Bai horixe. Gure azalean bizi diren milioi bakterio horietako milaka onuragarriak dira. Kanpotik etor daitezken patogeno askoren kontrako atzelari primerakoak. Benetako antibiotikoak, kasik. Esfoliatzen badugu azala, defentsarik gabe utziko dugu eta hortik pozoi kimiko pila sar daitezke. Gorputz usain txarra areagotzen duten bakterioak barne Eta ez pentsa. Ez dira errez hiltzen diren izakiak. Azalean geratuko dira luzez. Eta arropan. Ikuzgailuan sartuta ere bizirik iraungo dute..

Beraz, nola lortu azal ederra eta osasuntsua? Ikertzaile frankoren hitzetan, kanpoko erremedioek ez dute ia ezertarako balio. Jaten dituzun jaki on denek edertuko dizute azala ordea. Edaten duzun urak bezala. Baina zahartuko zait denboren poderioz. Zahartu bai, baina sasoia galdu ez. Hartzen badituzu, jakina, beharrezkoak dituen zinc, omega, selenio.

Adinaren kontrako kremek ez dute balio lehengo geruzan geratzen baitira. Hobe zahartzearen kontrako jaki onak aukeratu. Barrenak zainduko dizu zure kanpoko isla. Dudatan bazaude, galdetu Vivienne Westwoodi.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos