Edan guztiok honetatik

Herrialderen batzuetan, tamalez, banpiroen kontua ez da txantxetan hartzekoa. /FOTOLIA
Herrialderen batzuetan, tamalez, banpiroen kontua ez da txantxetan hartzekoa. / FOTOLIA

Dena prest dago egunotan Infernutik zein Zerutik edo existizen ez bide den Linbotik gurera datozen Saindu, Hildako eta Arima guztiei harrera egiteko. Bitartean, banpiro benetakoak omen dabiltza Malawi herrialdean

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Prestatzen ari dira Mexikon azukrez eta garagardoz eginiko aldareak. Prestatzen ari dira jan beharreko garezur gozoak. Denek dakite tekilaz edo mezkalez tindaturiko buruezurra janez, zure Herio propioa iresten duzula. Kozinatzen ari dira anisarekin gure arbasoek odolez kozinatzen zuten Hildakoen Ogia. Eta hemen, Santuen Hezurrak. Han, Katalunian, arabiar jatorria duten almendra gordinaz eginiko panellet-ak.

Ba omen datoz gurekin egun (gau) pasa egiteko infernuko sofrikariotik eta zeruko asperralditik egun (gau) pare batez libratu diren horiek. Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen atarian hartuko ditugu. Serio plantak egingo ditugu, baina barrezka luzatuko diegu aretoetan sartzeko gonbitea, aspaldian gara-eta haien esperoan. Dotore jantzita gaude zain eta zaindari. Zeluloidea dugu soberan. Maila gorenekoa. Esaterako… Paul Urkijoren 'Errementari' ezin bikainagoa. Esaterako, Australiatik datorren 'Hounds of Love'. Esaterako Cannesen Sitgesen bezala sariak barra-barra lortu dituen 'Jupiter´s Moon'.

'Errementari' filmeko irudia.
'Errementari' filmeko irudia.

Bai... Gu barrez. Gu sustoz. Gu balkoietan alabaza tripontziak ditugula. Gu Amezketako Elizako hilarrien artean otoi. Gu argizaiolen suaren aurrean belauniko, joan ziren haien oroimenez. Baina munduko beste izkinetan jendea dardaraz. Jendea hil urren. Afrikako bi herrialdetan, biztanleak etxeratze agindupean, eta Nazio Batuetako funtzionarioak herri bi horietatik ziztu batean alde egiteko exijentziapean. Egunotan. Hildako, Saindu, Arima guztien garai honetan.

Zer dela eta? Banpiroak!!! Bromaz ari ote naizen? Halloween gaueko 'truko ala tratu' jolasean, agian? Ez horixe. Serio demonio ari naiz idazten. Malawi herrian gertatu berri da. Gertatzen ari da. Oraindik ere. Afrikako hego ekialdean den lur horretan. Lehorteek, hiesak, ustelkeriak, gerrak eta goseteak birrindutako eremu behartsua dugu Zambia, Tanzania eta Mozambique ondoan dituen erresuma askoren batuketa halamoduzko baten emaitza zakarra den estatu hau.

Mozambiketik, preseski, iritsi zen notizia. Zabaldu zen mehatxua: banpiroak ba omen ziren lur haietan, hirietan, herrixketan jendearen odola xurgatzen. Bene-benetan zioten batzuek eta seko sinestu besteek. Banpiroak! Odol zupatzaileak! Bizitzaren zuku preziatuaren edaleak!

Ez, ez egin irriño. Ez da txantxetako kontua. Drakula nobelan esaten dute hildakoek azkar egiten dutela bidaia. Askoz azkarrago zabaltzen da histeria. Askoz eraezago hartzen ditu armak giza-ehizarako prest den giza taldeak.

Aurreko egunotan, eguzkia sartu aurretik bizpahiru gorpu ziren kaminoetan. Bata ospitaletik atera berria zen gizonezko epilektiko batena. Polizia kontrol batean izan zuen krisialdia. Poliziek, barreiaturiko zurrumurruen eraginpean, eguzkiak banpiroa salatzen zuela sinestu eta tiro egin zioten. Beste bidexka batean, herritar 'zintzoz' osaturiko patrullak beste ustezko odol edalebat erre egin zuen. Handik ez oso urrun, hirugarrena hil zuen harrika beste banpiro-ehiztari lagunartekoak.

Hiru? Gehiago ere bai. Beste hiru hil zituzten sutan eta eromenak jota zen jendetzak. 140 banpiro bilatzaile giltzapetu ditu poliziak. Okerrera jo zezakeen egoerak, eta okerrera egin du. Kaskotik sano-sano ez dauden askok euren burua hartu dute banpirotzat eta kaleetara atera dira hurkoen eztarrian zurrut egiteko asmo txarretan.

Malawiko presideantea den Peter Mutharikak herrialde osoa korritu du jendeari esateko banpirorik ez dela lur hartan. Baina inork gutxik sinestu dio. Eta ez bakarrik kulturarik gabeko jendeak ala auzkokideak egindako horiek. Ez. NBEk berak bere funtzionarioei agindu die lehen baino lehen Malawitik alde egiteko. Banpiroen beldur? Baita banpiro ehiztariengandik ahalik eta urrunen egoteko ere.

Ez pentsa albiste aldebrestu hau gaur bertan sorturiko kontua denik. 2002 an ere, Blanthyre bezalako hainbat barrutitan jendeak Malawiko presidenteak (garai haietan Bakhili Muluzi zegoen boterean) Europarekin hitzarmen ikaragarria sinatu izan zuela pentsatu zuen: Mendebaldeko armak eta urrea bertakoen odolaren truke. Matxinatu egin ziren. Hildakoak izan ziren. Dozenaka. Odol preziatua lortzeko mandatua zutenak apaiza katolikoak zirela esaten zen kaminoetan. Ondorioz, apaizak hil arte jipoitu zituzten…

Eta gu, gurean Ana Lily Amirpourren 'A Girl Walks Home Alone At Night' film harrigarriaren neska banpiroa noiz agertuko espero desesperatuan. Halloween/Walpurgis gauean izango da Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko pantailan. Segi bizkor eta eutsi bizitzari eguna argitu arte.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos