Durangoko Azoka herriz herri erakutsiko dute

Mariasun Landa euskal idazlea, Ahotsenean hitzaldia eskaintzen / F. MORQUECHO

Ahotsenearen 10. urteurrena ospatzeko eta azokan gertatzen dena erakusteko, Euskal Herria zeharkatuko duen bira prestatu dute hilaren 29tik abendu hasierara arte

Durangoko Azokak hainbat nobedade izango ditu aurten, eta horrela, bere 52. edizioan, lehen aldiz, Durangoko mugak zeharkatu eta herriz herri ibiliko da, azokan gertatzen dena Euskal Herriko txoko ezberdinetan erakusteko asmoz eta, aldi berean, bisitariak Durangora erakartzeko helburuarekin. Gainera, aurten Ahotseneak hamar urte betetzen dituela eta, gune hori izango da biraren protagonista nagusia.

Zehazkiago, antolakuntzak jakinarazi duenez, birak lau geltoki izango ditu: Tafalla, Bilbo, Gasteiz eta Azpeitia, irailaren 29tik abendu hasierara arte, hau da, Durangoko Azoka hasi arte -52. edizioa abenduaren 6tik 10era arte izango da-.

Horrela, Ahotseneak argazki-erakusketa bat osatu du Txelu Angoitia, Saioa Cabañas 'Gau Ilunak' eta Joseba Barrenetxea argazkilariek urte hauetan ateratako 25 argazkirekin. Argazkiekin batera hainbat musikari, idazle, editore eta kazetariren gogoeta bana ere egongo da. Erakusketa honako leku hauetan egongo da: Tafalla kulturgunean (irailaren 29tik urriaren 8ra arte), Bilboko BIBA topagunean (urriaren 16tik 31ra), Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean (azaroaren 3tik 19ra) eta Azpeitiako San Agustin kulturgunean (azaroaren 20tik abenduaren 3ra).

Erakusketaz gain, herri bakoitzean kultur emanaldi bana egongo da ikusgai. Horrela, 'Tafalla DA!' irailaren 29an izango da, Tafalla Kulturgunean, Anariren eta Jon Basagurenen emanaldiekin; 'Bilbo DA!' urriaren 20an izango da, BIBA kulturgunean, eta Mikel Etxaburu idazleak eta Kintsukoroi musika emanaldiak osatuko dute; 'Gasteiz DA!' azaroaren 3an egingo da, Oihaneder Euskararen Etxean, Keu Agirretxea & Jon Gurrutxaga musikari bikotearekin eta idazle batekin; azkenik, 'Azpeitia DA!' azaroaren 16an izango da, San Agustin Kulturgunean, eta Gorka Urbizu musikaria Gotzon Barandiaran idazlea elkartuko ditu.

Hamarkada bat

Ahotsenea Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunea da, idazleek eta musikariek sortua, baina irakurleek eta entzuleek badute beren tokia. Eta hamar urte beteko ditu 2017ko abenduaren 10ean.

Horrela, guneak bi espazio ditu: batean, sortzaileek, kazetari edota berbalaguna alboan, dagokion urtean argitaratutako lanari buruzko azalpenak eskaintzen dizkiote bertaratzen den orori; bestean, urtean plazaratutako diskoa zuzeneko emanaldien bitartez aurkezteko aukera eskaintzen da.

Hamar urte hauetan ehunka sortzailek izan dute aukera beren lana aurkezteko Durangoko Azokan. Iaz 70 disko aurkeztu ziren zuzenean, eta 45 liburu eta disko solasaldi, emanaldi edo performance bidez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos