Denak pozik utzi ditu Azokak

Atzo, aurreko egunetan baino jende gutxixeago ibili zen/Sara Santos
Atzo, aurreko egunetan baino jende gutxixeago ibili zen / Sara Santos

7’2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan omen du eta 110.000 bisitari gerturatu omen dira. Antolatzaileak kontent dira Ikasle Eguna ere ondo atera delako, nahiz eta hilaren 7an egin zen, bi jai egunen artean

IDOIA DÁVILA UZKUDUNDurango

Durangoko Azokak ateak itxi zituen atzo eta balorazio oso positiboa egin dute Gerediaga elkarteko antolatzaileek: 110.000 bisitari gerturatu omen dira eta 52. edizio honek 7’2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan omen du.

Landakon parte hartu duten argitaletxe, diskoetxe eta gainontzeko eragileek antolatzaileei adierazi dietenez, aurtengo edizioan asko saldu da, kasu batzuetan edizioak agortzeraino.

Dagoeneko etorkizunari begira jarri da Durangoko Azoka. Hurrengo urteko data zehaztu dute: 53. edizioa abenduaren 5etik 9era egingo da, bertan Sormen Beka berriaren deialdia egingo da lehenengo aldiz eta Ikasle Eguna mantendu eta indartuko da.

«Zortzi guneetako egitarauak pisua hartu du Azokan. Gero eta bisitari gehiagok egitaraua kontuan hartzen du bere plana egiterakoan. Horren erakusle da gune guztietan ekitaldi batzuetan egon den bisitari kopuru handia», adierazi dute. Hauek izan dira ekitaldi jendetsuenak: Berri Txarrak (Ahotsenea Zuzenekoak), ‘Handia’ eta ‘Errementari’ (Irudienea), ‘Ele!’ (Szenatokia), ‘Ene kantak’ (Saguganbara), Glaukoma (Plateruena), Uxue Alberdi, Iñaki Perurena, Silvia Federici (Ahotsenea solasaldiak), Gogoetaren Plazako solasaldiak eta Pirritx eta Porrotx (Areto Nagusia), Game Erauntsia eta Hezkuntza Libre Taldea (Kabi@), besteak beste.

Bisitariaren profilari erreparatuta, abenduaren 7a izan zen egunik bereziena, egun horretan antolatu baitzen Ikasle Eguna, eta beste urte batez, Euskal Herriko txoko guztietatik hezkuntza zentroetako ikasleak gerturatu ziren Durangora, publiko orokorrarekin batera. «Azokak apustua egin zuen Ikasle Eguna mantentzeko, bigarren egunean izan arren -orain arte lehenengo egunean antolatu da batez ere- eta bi jai egun ofizialen artean ospatu arren. Azkenean, milaka ikasle gerturatu ziren sormenaren lurraldeaz gozatzera, Azokaren aurreikuspen guztiak hautsiz», adierazi dute.

Guneak «gero eta ezagunagoak dira bisitarien artean», antolatzaileen ustez. «Webguneko datuek ere hala adierazten dute: berbarako, abenduaren 6an www.durangokoazoka.eus webguneak marka guztiak hautsi zituen, 8200 bisitarirekin egun bakarrean. Horrek adierazten du, azokazaleak gero eta gehiago egitaraua kontuan hartzen duela bere bisita planifikatzerakoan. Kulturaren plaza «bizitzekoa» zela aldarrikatu zuen iaz Azokak, eta aurten ere, hori agerian geratu da: azoka merkatua da, baina aldi berean jaia da, parte-hartzekoa, bizitzekoa da».

Kulturak partekatzen. Euskaldun askoren bilgune izan ohi da abenduko asteburu luze hau Durangon, baina badira bertako literatura eta musika aurkitzera bertaratzen diren etorkinak ere. Atzo, zehazki, Getxoko Bizilagunak ekimeneko kideak izan ziren Landako gunea eta ingurukoak miatzen.Ekimen honek hainbat jarduera antolatzen ditu maiatzetik abendura bitarte. Denek dute helburu bera: Getxoko biztanle berriei euskal kultura hurbiltzea. Aurten, helburu horrekin, Durangoko Azokara egin dute txangoa estreinakoz, «erakuslehio bikaina» baita. Guztira 45 lagun inguru izan ziren Azokan, Erdialdeko Amerikakoak -Guatemala, Honduras, El Salvador...- eta Hego Amerikakoak -Peru, Bolivia, Paraguai...- gehienak, baina baita Getxon bertan jaiotakoak ere.

Guneak «gero eta ezagunagoak dira bisitarien artean», antolatzaileen ustez

Cony Carranza Castro Bizilagunak egitasmoko partaidearen ustez, Euskal Herriko kultura ezagutzeko euskara eta Azoka ezinbestekoak dira, Ameriketako etorkinentzat da bereziki interesgarria, haiek ere badituztelako hizkuntza gutxituak, eta honakoa ere gehitu du: «errespetu handia diot Euskal Herriari eta aniztasunaren alde egiten dion apustuari».

10.000 domeinu. Adituen eskutik, edonork ulertzeko moduko informazioa eskaintzen du Sarean.eus-ek, baina haren zeregin nagusia .eus domeinua da, atzo Josu Waliño zuzendariak azaldu zuen bezala Kabia guneko solasaldian. Aurten eskaintza berezi batekin etorri dira Azokara; hilabete honetan zehar 15 euroren truke eskuratu ahal izango da domeinua, eta bi urteko balioa izango du erositakoak. Orain arte 30 eurokoa izan da urte baterako salneurria.

Ez dute horrelako eskaintzaren beharrik, ordea. Izan ere, 7.400 domeinutara iristea zuten aurtengo helburua, eta dagoeneko lortu dute; .eus amaiera erabiltzen duten 7.405 webgune daude egun. 2014ko euskararen egunean jaio zen puntua, eta harrezkero hazkunde konstantea izan du. Beste domeinu batzuekin alderatuta, 10 aldiz gehiago hazten da .eus, Waliñok dioenez, eta eboluzio hori ez da apaldu oraindik.

Gaur egun erakunde eta hedabide askok dute euskal domeinua, saltoa egin baitute dagoeneko. Beraz, erregistratzen diren domeinu-izen gehienak webgune berrienak dira. Erronka hor dago orain; Waliñoren arabera, 2018ko helburua 10.000 domeinutara iristea izango da, eta «bultzada» bat beharko dute horretarako.

Neskak zientzialari. Kabia guneak Lorea Argaraterekin eman zion amaiera Azokari. Las Tea Party-ko erdia izateagatik da ezaguna Argarate, baina zientzialaria ere bada. Horregatik, InspiraSTEAM ekimena azaltzearen arduraduna izan zen Kabiako azken irratsaioan.

Neskei eta emakumeei zientziaren eta teknologiaren esparruak ezagutaraztea da egitasmoaren helburu nagusia, eta, horretarako, emakume zientzialari edo ‘aholkulariak’ eskoletara joaten dira berdintasuna dagoeneko uste faltsua apurtzeko, estereotipei buelta emateko eta emakume zientifiko eta teknologoak agerian jartzeko.

Abenduaren 5etik 9era egingo da 2018koa, eta bertan Sormen Beka berria gauzatuko

Ehundik gora aholkulari ditu egun egitasmoak, eta Bizkaian ez ezik Gipuzkoa eta Araban ere zabaldu da dagoeneko, 40 bat eskolatan. 13 urte inguruko gazteengana hurbiltzen dira, izan ere, «adin horretan hasten dira neskak zientziari beldurra izaten, inflexio puntua da», Argarateren ustez. Gainera, ikasle hauekin egoteak «sekulako inpaktua» izaten du haiengan.

Hala ere, egitasmoa ez zen eskoletan jaio, baizik eta unibertsitatean. Han ikusi zuten zientzia eta teknologiarekin lotutako graduko ikasketek emakumezkoen matrikula askoz gutxiago zituztela, eta eskoletaraino heldu dira horren arrazoiaren bila.

Amaitu DA!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos