Denak pozik utzi ditu Durangoko Azokak

Denak pozik utzi ditu Durangoko Azokak

Antolatzaileek adierazi dutenez, 110.000 bisitari pasa dira bost egunetan zehar, eta 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du

DV

Durangoko Azokak ateak itxi ditu igande honetan eta balorazio oso positiboa egin dute Gerediaga elkarteko antolatzaileek: 110.000 bisitari gerturatu omen dira eta 52. edizio honek 7’2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan omen du.

Landakon parte hartu duten argitaletxe, diskoetxe eta gainontzeko eragileek antolatzaileei adierazi dietenez, aurtengo edizioan asko saldu da, kasu batzuetan edizioak agortzeraino.

Dagoeneko etorkizunari begira jarri da Durangoko Azoka. Hurrengo urteko data zehaztu dute: 53. edizioa abenduaren 5etik 9era egingo da, bertan Sormen Beka berriaren deialdia egingo da lehenengo aldiz eta Ikasle Eguna mantendu eta indartuko da.

«Zortzi guneetako egitarauak pisua hartu du Azokan. Gero eta bisitari gehiagok egitaraua kontuan har-tzen du bere plana egiterakoan. Horren erakusle da gune guztietan ekitaldi batzuetan egon den bisitari kopuru handia», adierazi dute. Hauek izan dira ekitaldi jendetsuenak: Berri Txarrak (Ahotsenea Zuzenekoak), ‘Handia’ eta ‘Errementari’ (Irudienea), ‘Ele!’ (Szenatokia), ‘Ene kantak’ (Saguganbara), Glaukoma (Plateruena), Uxue Alberdi, Iñaki Perurena, Silvia Federici (Ahotsenea solasaldiak), Gogoetaren Plazako solasaldiak eta Pirritx eta Porrotx (Areto Nagusia), Game Erauntsia eta Hezkuntza Libre Taldea (Kabi@), besteak beste.

Bisitariaren profilari erreparatuta, abenduaren 7a izan zen egunik bereziena, egun horretan antolatu baitzen Ikasle Eguna, eta beste urte batez, Euskal Herriko txoko guztietatik hezkuntza zentroetako ikasleak gerturatu ziren Durangora, publiko orokorrarekin batera. «Azokak apustua egin zuen Ikasle Eguna mantentzeko, bigarren egunean izan arren –orain arte lehenengo egunean antolatu da batez ere– eta bi jai egun ofizialen artean ospatu arren. Azkenean, milaka ikasle gerturatu ziren sormenaren lurraldeaz gozatzera, Azokaren aurreikuspen guztiak hautsiz», adierazi dute.

Guneak «gero eta ezagunagoak dira bisitarien artean», antolatzaileen ustez. «Webguneko datuek ere hala adierazten dute: berbarako, abenduaren 6an www.durangokoazoka.eus webguneak marka guztiak hautsi zituen, 8200 bisitarirekin egun bakarrean. Horrek adierazten du, azokazaleak gero eta gehiago egitaraua kontuan hartzen duela bere bisita planifikatzerakoan. Kulturaren plaza «bizitzekoa» zela aldarrikatu zuen iaz Azokak, eta aurten ere, hori agerian geratu da: azoka merkatua da, baina aldi berean jaia da, parte-hartzekoa, bizitzekoa da».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos