Delorean kartelburu Sopela Kosta Fest jaialdian

Delorean, iaz, Donostian egin zen Itsasfest jaialdian. / SARA SANTOS

Talde zarauztarra ariko den jaialdiaren laugarren edizioak musika, surfa eta film laburrak uztartuko ditu irailean Bizkaiko herri horretan

Delorean talde zarauztarrak dance musika jarriko du aurten Sopela Kosta Fest jaialdian. Bizkaiko herrian egiten den jaialdiaren laugarren edizioa irailaren 21etik 24ra izango da, eta Delorearekin batera, Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores, Rubia, Koban, Kokein, Tomasito eta Optigan DJ ariko dira. Emanaldiak Udaletxeko plazan izango dira, ikusleentzat erabat doan.

Hain zuzen, antolakuntzak jakinarazi duenez, irailaren 22an, Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores eta Rubia taldeak izango dira taula gainean, eta irailaren 23an, Delorean, Tomasito, Koban, Kokein eta Optigan DJ.

Bestalde, iaz izan zuen harrera bikainaren ondoren, Sopelako Udalak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean jarraituko dute Euskadiko surf zirkuiturako baliogarria den surf txapelketarekin, eta Arrietara hondartzan euskal espezialista onenetako batzuz elkartuko dira.

Halaber, herriko surf eskolek surf eta kayak ikastaroak eskainiko dituzte, doan, Barinatxeko hondartzan. Peña Txuri Surf Eskolak, gainera, egokitutako surf ikastaroak emango dizkie behar bereziak dituzten gazteei.

Film laburren lehiaketa

Bestalde, antolatzaileak jaialdiko film laburren lehiaketaren hirugarren edizioan parte hartuko duten bideo lanak jasotzen ari dira egunotan. Lanek surfa eta natura izan behar dute gai nagusi, eta gehienez 30 minutuko luzera.

Saritan 1.000 euro banatuko dira: lanik onenak 500 euro jasoko ditu, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro Taula Lila alorreko irabazleak. Taula Lila atalean emakumeek eginiko film laburrek parte hartuko dute eta surf munduko estereotipoak edo genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko helburua du.

Sarituak izaten diren film labur guztiak jendaurrean emango dira jaialdiaren lehen jardunaldian egingo den gala berezian, irailaren 21ean. Gainera, jaialdiko web orri ofizialean ere ikusi ahal izango dira.

Film laburren lehiaketan parte hartzea doakoa da eta lehiatu ahal izateko nahikoa da jaialdiaren web orrian izena ematea, aurrez film laburra eskegi den plataformaren lotura jarrita (YouTube, Vimeo...).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos