Hiru ikuskizun dakartza Gipuzkoara Dantza Zirkuituak asteburuan

Hiru ikuskizun dakartza Gipuzkoara Dantza Zirkuituak asteburuan
FÉLIX RINCÓN ARCO

Gero Axular taldeak 'Agorrila' lana aurkeztuko du Azpeitian; Ertza konpainiak 'Hariak' eskainiko du Bergaran; eta Fritsch Companyk 'El amor no dura para siempre' koreografia taularatuko du Errenteriako Niessen Aretoan

Asteburu honetan hiru ikuskizun eramango ditu Gipuzkoako beste horrenbeste herritako antzokietara Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarearen bidez antolatutako Dantza Zirkuituaren XIV. edizioak. Urtarrilatik abendura bitartean EAEko 28 agertokitan 84 emanaldi eskainiko dituen zirkuituak Azpeitian, Bergaran eta Errentrian egingo ditu hain zuzen geldialdiak. Ariko diren hiru konpainietatik bi, gainera, gipuzkoarrak dira.

Larunbatean, apirilaren 14an, Azkoitian eta Bergaran aurkeztuko diren proposamenak oso desberdinak dira. Dantza tradizionalean sustraituta dago bata, eta espresio artistiko desberdinen sintesia da bestea. Euskal dantzekiko lotura zuzena duen pieza Donostiako Gero Axularren 'Agorrila' da. Juan Luis Unzurrunzagak sortu, koreografiatu eta zuzendu duen piezak atzera egiten du historian, XIX. mendearen hasieran Joseph Garat lapurtarra Frantziako Gobernuko Justizia ministro zenekora. Fenizia Berria izenarekin, zazpi euskal lurraldeak elkartuko zituen proiektua irudikatu zuen Garatek. Proiektua aurrera eramatea ez zen posible izan, 1810-1813 urteen arteko epea gogorra izan baitzen Fenizia Berrian, are gehiago garai hartan Frantziako armadaren menpe zegoen Donostian. Donostiakoa da, hain zuzen Gero Axular taldea. 2004 urtean sortu zen eta zazpi ikuskizun plazaratu ditu geroztik. «Lan hauetan jantzi berri bat eman nahi izan diegu gure dantza eta musikei. Horretarako, gure dantzak gaurkotu egin ditugu; bestelako musikaz apaindu, argiaz margotu eta gaurko tresnez eta teknikaz hornitu eta, horrela, ikuskizun moderno, erakargarri, hunkigarriak burutu ditugu», diote. 'Agorrila' Azkoitiko Sanagustin kulturgunean aurkeztuko da 19:00etan.

Bergaran, berriz, Ertza taldearen 'Hariak' ikuskizuna eskainiko da larunbat honetan, apirilak 14, Xeminarixoan, 19:00etan. Ertza dantza konpainia 2004 urtean sortu zuen Asier Zabaleta (Ezkio, 1.972) dantzari eta koreografoak, bere kabuz eta beste batzuekin lankidetzan ibilbide oparoa osatu ondoren. Ikuskizunez gain, konpainiak askotako proiektuak egiten ditu (tailerrak, egonaldiak, sentsibilizazio-programak eta abar), eta sari ugari jaso ditu sortu zenetik. Bergaran aurkeztuko den pieza diziplina anitzeko ikuskizuna da. «Euren bizitzei eusten zieten hariak bat-batean eten egin direla ikusi duten eta zerotik beste bizitza bati ekin behar izan dioten pertsonen esperientzietan dago oinarritua. Benetako istorioak dira, benetako pertsonenak», diote. Horretarako, Asier Zabaletal sortu, koreografiatu eta zuzendutako ikuskizunak ahotsak, txotxongiloak, dantza eta musika uztartzen ditu.

Azkeneko emanaldia Errenterian izango da, igandean, apirilak 15. Niessen aretoan 19:00etan taularatuko den 'El amor no dura para siempre (Romeos y Julietas)' Fritsch Companyren esperimentu eszenikoa da, Andres Limaren zuzendaritzapean. Fritsch Company-ko hamasei interpreteek dantzaren eta antzezpen fisikoaren eta keinuzkoaren bidez kontatuko digute zer den beraientzat maitatzea eta maitatua izatea. Diziplina anitzeko ikuskizuna da, bideo dokumentala erabiltzen duena bi hizkerak (eszenario gaineko errepresentazioa eta pantailaren bidez errepresentazioaz egiten den hausnarketa) nahasteko; eta dantza garaikideaz eta eszenaratzeko formula berriez ere baliatzen dena, Andres Limaren begirada beroaren, berritzailearen eta jostagarriaren pean.

Fritsch Company Maite Leon Psico Ballet fundazioaren konpainia profesionala da. Madrilen du egoitza, eta bi dantzari-zerrenda ditu: 16 dantzari guztira, arte-potentzial handiagatik hautatuak. Konpainiak aniztasun fisikoa, psikikoa, intelektuala, garapenekoa edo sentsoriala duten pertsonen laneratzea du helburu, eta arte eszenikoak erabiltzen ditu horretarako. 2014an, Lankidetza koreografikoak proiektua jarri zuen abian, inklusioaren alorreko profesionalen eta arte eszenikoen esparruaren artean zubia eraikitzeko. 2017an, Andres Limak Lankidetza koreografikoen bigarren proiektua zuzendu zuen: 'El amor no dura para siempre (Romeos y Julietas)', Zentro Dramatiko Nazionalaren Una Mirada Diferente (Bestelako begirada bat) festibalaren bosgarren edizioan estreinatu zena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos